Zapatuan, erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpena aurkeztu zen Larrabetzun. Galdeketa 2007ko martxoaren 26an egingo dute. Argazkiak: Idoia Andrés
Gure Esku Dago herri dinamikaren barruan, Ebatzi Larrabetzuko taldeak erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpena aurkeztu zuen zapatuan, ekainaren 4an, jendaurrean. 2017ko udaberrian galdeketa egitea helburu daukatela, adierazpena dinamikaren hiru printzipioetan oinarritu dute: herri bat gara, erabakitzeko eskubidea daukagu eta herritarron garaia da.
Aurkezpena plazan egin zuten. Larrabetzuarrak herriko hiru abiapuntutatik hurbildu ziren hara, oihalezko hautestontzi zatiak zeramatzatela. Gero, plazan, guztion artean eraiki zuten hautestontzia eta ekitaldi nagusiari eman zioten hasiera. Adierazpena irakurtzeaz gainera, besteak beste, haren aldeko sinadurak batu ziren eta galdeketa egingo den eguna eman zen ezagutzera: 2017ko martxoaren 26an.
“Oso pozik gaude herrian piztu dugun ilusioagatik”, esan digute Ebatzi taldetik. “Herritar ezberdinak batu ginen plazan, eta asko aurretik ere egon dira hainbat egitasmotan elkarrekin lanean: ikurrinaren aldeko kanpaina, memoria historikoari buruzko lana… Baina uste dugu hau izan dela azken 30 urteotan egon den ekitaldirik koloretsuena. Herri honek luzaroan duen helburu bati begira dagoela, bere etorkizuna erabakitzeari hain zuzen ere. Eta ideia hori gero eta jende gehiagorengana ailegatzen ari da”. Plazara hurbildu zirenek zein egun horretan kanpoan ibili zirenek beren argazkia bidali zieten antolatzaileei, haiekin bat egiten zutela adierazteko. “Garrantzitsuena piztu den ilusioa da. Gaiak zer esana emango du hemendik martxora bitartean, eta horixe da nahi duguna; erabakitzeko eskubidearen inguruan berba egitea. Gure artean egon daitezkeen desberdintasunak errespetatuz, baina eskubide hori dugula onartuz, inori ukatu gabe”.
Urrats handia
Antolatzaileen esanetan, urrats handi bat eman zen zapatuan, Larrabetzun. “Jende askok adierazi du bere atxikimendua, eta denon parte-hartzeari eta lanari esker izan da posible egun hau, baina oraindik urrats handiago baten aurrean gaude. Lan handia egin beharko dugu eta herritarrak lan horretan inplikatu”. Horrela, bada, galdeketa egiteko protokoloa ipiniko dute martxan eta denon artean zehaztuko dute martxoaren 26an egingo den galdera.
Ekainaren 5ean galdeketa egin zen Euskal Herriko 32 herritan. Galdeketetan, herritarren % 30ek hartu zuten parte eta % 95ek independentziaren aldeko botoa eman zuten. “Emaitza onak dira. Katalunian, 2009an egin zituzten lehen galdeketetan herritarren % 27k hartu zuten parte. Eta begiratu nora iritsi diren. Guk ere pitike-pitike egingo dugu aurrera, Larrabetzun esaten den moduan”.