Gernikaren egiak, herri-memoria lantzen

Aikor aldizkaria 2017ko mai. 12a, 09:37

GITE-IPES Gizarte Ikerketarako Talde Eragileak Gernikaren egiak liburua aurkeztu du maiatzean, Larrabetzun. Ibon Meñika bertako kideak azaldu digunez, liburuak herri-memoriaz hausnartu eta eztabaida soziala sustatzeko tresna izatea du helburu, eta bere sorreran hiru faktorek eduki dute eragina: GITE-IPESen 40. urteurrena, Gernika bonbardatu zutela 80 urte betetzea, eta orain dela 30 urte bonbardaketari buruz egin zen mahai-inguruaren transkripzioa elkartearen artxibategian topatu izana.

Mahai-inguru horretan mundu mailako historialari esanguratsuek hartu zuten parte: Herbert R. Southworth amerikarra, Pierre Vilar frantsesa, Jokin Apalategi ataunarra, Manuel Tuñón de Lara madrildarra eta Fernando García de Cortazar bilbotarra. Aurkezle Karmelo Landa ibili zen. Historialariek Gernikaren bonbardaketaren inguruan esandako gezurrak salatu eta modu zientifiko-akademiko batean berretsi zuten herritarrek bazekitena: Gernika faxistek bonbardatu zutela eta ez, bertsio ofizialak adierazi zuen moduan, euskal gudariek.

“Konturatu ginen hor bazeudela hainbat aldarrikapen gaurkotasuna zutenak, eta pentsatu genuen ekarpena egin ahal ziotela errealitatea interpretatzeko gaur egungo eztabaida sozialari. Baina gaurko begiradatik egin nahi genuen, eta horretarako, erabaki genuen lanean euskarak eta emakumeak ere presentzia eduki behar zutela”. Hala, Oihana Cabello eta Ainhoa Larrabe kazetariei eskatu zieten mahai-inguruko partaide biri, Karmelo Landari eta Jokin Apalategiri hain zuzen ere, elkarrizketa egiteko. Transkripzioa Iñaki Aurrekoetxeak euskaratu du. Bestetik, Mikel Zuluaga eta Bego Huarte “Ongi etorri errefuxiatuak” plataformaren kideek idatzi dute hitzaurrea. “Gaurko Gernikak, Siria, Irak edo Kurdistan dira. Hitzaurrera horien artean dauden parekotasunak ekarri dira”.

Argitalpenaren bidez, eta herri-memoria ardatz, GITE-IPESekoek sustatu nahi dituzte gaur egun eztabaidagai dauden kontaketen gaineko hausnarketa, eta horren esanahi sozio-politikoz gogoeta. “Memoria historikoa ez da bakarrik iraganaz hitz egitea. Gaur egun eta etorkizuneko errealitateari buruzko gogoeta egitea ere bada interesgarria. Horren haritik, pentsatu beharko genuke zelako papera eduki nahi dugun datozen belaunaldiei herrian zer gertatu den kontatzeko orduan”. Ezagutza ezinbestekoa da transmisio-lan horretan eta liburuan bonbardaketaren gakoak be azaltzen dira . “Oroimenaren zati handi bat ezagutza da, eta, noski, belaunaldi berriei ez diegu helaraziko ezagutzen ez duguna”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).