Zeintzuk dira Larrabetzuko EH-Bilduk datozen lau urteei begira aurrera eramango dituen ildo nagusiak?
Herritarrek udal kudeaketaren protagonistak izaten segituko dute. Azken zortzi urteotan bezalaxe, kultur, kirol, gazte eta emakume taldeek, herritarrekin batera, gure udal jardueraren ardatza izaten jarraituko dute. Elkarteak protagonista izatea nahi badugu, argi daukagu finantziazio-iturriak izan behar dituztela: datozen lau urteotan herriko elkarte eta ekimenetarako dirua % 20 igotzea proposatzen dugu. Bestalde, 1.950.000 € inbertituko ditugu herriko azpiegitura eta proiektu berrietan. Inbertsioaren helburua azpiegitura estrategikoak hobetzea da. Eta azkenik, memoria historikoa berreskuratzea, hori gure herriko historiarekin dugun zorra da eta.
EH Bilduk programa aurkeztu du Larrabetzun, eta bertan 50 proposamen egin dituzue. Adibideren bat emango duzu?
Herri programa egiteko, parte-hartzea bultzatu dugu, eta, ondorioz, esan dezakegu gure programa herritarrek egindako programa dela. Hogeita bost proposamen zehatz egin dira arlo hauetan: kultura, euskara, gazteria, parekidetasuna, oroimen historikoa eta hezkuntza. Era berean, aurrekontua eta proposamenak aurkeztu dira herriko azpiegitura estrategikoak hobetzeko: eskolako berokuntza hobetzea, bertako leiho guztiak aldatzea eta txinbo-gunea estaltzea; frontoian berokuntza ipintzea eta gimnasioa hobetzea; eta udaletxea guztiz konpontzea, herritarrei zerbitzu hobea emateko eta lekua hobeto aprobetxatzeko. Etxebizitzaren arazoari erantzuna ematea ere lehentasuna da: HAPOn aurreikusten diren babes publikoko 34 etxebizitzaren erabilera zehaztuko dugu, eta etxebizitza alokatzen laguntzeko ordenantza jarriko dugu martxan.
Zer esan ahal diguzu zerrendari buruz?
2015ekoaren aldean, zerrenda gaztea da, eta 14 pertsonetatik 10 emakumezkoak dira, hau da, % 71. Gure herrian, emakumeak dira elkarteen protagonistak eta hori gure zerrendan ere islatzen da. Beste lagun bat eta biok berriro gaude zerrendan, eta, zer esanik ez, eskarmentu handia dugu. Baina batez ere nabarmenduko nuke denok herriko hainbat elkartetan lan egiten dugula, eta gogoa eta konpromiso ikaragarria dugula herriaren alde lan egiteko.
Karguaz jabetu, eta zer da egingo duzun lehenengo gauza?
Azkenengo lau urteetan bezala, herritar guztien alde lan egiteko konpromisoa berretsiko dut, eta konpromiso bera eskatuko diet udala osatzen duten zinegotzi guztiei. Izan ere, udaletxeak herriko etxea izan behar du.