Zure taldeak zer emon leikio Larrabetzuri?
Larrabetzu herri anitza da, eta apaltasunez uste dot EAJ-PNV dala aniztasun horri ondoen erantzun leikiona eta ondoen ordezkatuko dauana. Pertsona ireki eta konprometituek osatzen dabe taldea, ilusinoz eta arduraz Larrabetzuren alde lan egiteko konpromisoa daukienak. Gure apustua: kudeaketa eraginkorra, lana, entzuten jakitea eta errespetua. Pertsonak dira gure ardura, inor baztertu barik, desbardin pentsetan badabe be; eurak izango dira gure lanaren ardatza.
Zein da gazteriari begira abiatuko dozuen lan-ildoa?
Euren alde egiten dogu, argi eta garbi. Gure gazteak herrian bizitzen jarraitzea gurako geunke, beraz, gobernatu genduanean herrian babes ofizialeko etxebizitzak eraiki genduzan lez, etxebizitzen alokairua bultzatuko dogu, eta babes ofizialeko etxebizitzak eta enplegua. Nerabeen eskaerea be bete gurako geunke eta gaztegune bat egokitu eurentzako aproposak diran ekintza eta tailerrakaz; eta umeentzat, umeen jolas eremuren bat estalduko dogu, urte osoan euki deien non olgau.
Herritarren eskaerak beteteko, zer gehiago proposatuko zeunke?
Pertsonak eta euren ongizatea gure lanaren ardatza izango dira. Esateko eukiena entzun deutsegu eta segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko eskatu deuskue: arrapalak, beheraguneak eta espaloiak konpontzea; baita auzoetako argiztapena, asfaltatzea eta bideak garbitzea be. Gure kultur eta kirol eskaintza hobetu gurako geunke, padeleko eta skateko pistak eraikiz, eta gimnasioa goizero zabalduz. Ezin dira atzeratu udaletxea barriztatze-lanak, bertan igongailua jarrita.
Ze kudeaketa eredu proposatzen dozue?
Kudeaketa arduratsua. Udalaz gaindiko beste erakunde batzuekaz batera lan egingo dogu, alferreko gastuak saihestuko doguz eta diru-iturri barriak bilatuko doguz inbertsinoak egiteko, baina udalaren diru-sarrerak tasa altuetan eta prezio publikoetan oinarritu barik. Herritarren parte-hartzea bultzatuko dogu, ahalik eta modurik anitz, plural, eta eraginkorrenean.