Iñigo Martinez de Alegria “Manci”, arraunlaria

“Nire asmoa da 100 urterekin ere arraunean egitea”

Aikor aldizkaria 2022ko api. 5a, 10:52

Esan digu txapelketarena bere egunik onena ez zela izan; hala ere, larrabetzuarra hirugarrena lotu zen Munduko Indoor Arraunketa Txapelketan, 40-54 urte eta pisu arinaren kategorian eta, hortaz, brontzezko domina eskuratu zuen. Txapelketa otsailean izan zen, online, eta Martinez de Alegriak 6:45.09ko marka egin zuen, 2.000 metroko distantzia ibiltzeko.

“Uste dut marka hobea lortu ahal izan nuela. Egia esan, nire helburua zen 6:40ko marka egitea: badirudi segundo horiek oso gutxi direla, baina alde handia dago wattetan, egin behar den potentzian. Nolanahi ere, pozik nago”. Arraunlaria da eta ergometroa askotan erabiltzen du entrenatzeko, batez ere neguan. Bertoko txapelketetan parte hartu ohi du –Donostian, Getxon…–, eta beti dominaren bat lortu; halere, lehen aldia izan da munduko txapelketan. “Ergometro-proba batzuetan saiatzeko asmoa nuen arren, ez nuen munduko txapelketan parte hartzeko asmorik. Baina nahiko ondo ikusi nuen nire burua eta hara sailkatzen saiatu nintzen. Lortu nuen, baita brontzea eskuratu ere”.

Historikoki txapelketa Boston egin bada ere, Arraun Federazioak munduko txapelketa ofiziala sortu du eta azken urteotan hori beste herri batzuetan antolatu da. Txapelketa Hanburgon egitekoa zen aurten, baina COVID-19a dela-eta online egin da, iaz bezala. “Bi aukera nituen: etxean bakarrik egin ala leku handiago batean, senideek eta lagunek lagunduta. Frontoian egiteko baimena eskatu, eta hantxe egin nuen”. Esperientzia bitxia izan zen, bere esanetan. “Makina guztiak Interneten bidez zeuden lotuta eta display-ean ikusten nuen besteak zer egiten ari ziren, eta aurretik eta atzetik nortzuk zebiltzan. Lehen esandako marka egin nahi nuen, eta hura eskuratzeko erritmoan hasi nintzen, baina ez zen nire eguna izan eta ergometroak gauza berezia du: norbera bere erritmotik gora ibiltzen bada, asko sufrituko du eta ez daki amaierara arte ailegatuko den. Bestalde, Kanadako parte-hartzailea nire atzetik zetorren eta ikusten nuen azkenean harrapatuko ninduela. Orduan, oso odol hotza izan nuen, nigandik metro batera hurbiltzen utzi nion eta indar guztiaz egin nuen azken sprinta: segundo erdigatik irabazi nuen”. Proban bederatzi parte-hartzaile ibili ziren. “Berrogeita hamar urte ditut eta txapelketa baino lehen hauxe zen nire asmoa: hura azken proba izatea eta hemendik aurrera arraun egitea disfrutatzeko; emaitza ikusita beste behin saiatuko naiz, beharbada, ea brontzeari eusteko gauza naizen!”.

“Odol hotza izan nuen, nigandik metro batera hurbiltzen utzi nion eta indar guztiaz egin nuen azken sprinta”

Istorio bitxiak lotzen du larrabetzuarra arraunketari. “Hogeita bi urte nituela arraun egin nuen lehen aldiz traineru batean. Lutxanako arraun-kluberako arraunlariak behar zirela esaten zuen iragarkia ikusi nuen unibertsitatean eta klub horretan urtebete eman nuen. Ikasketak direla-eta utzi nion arraun egiteari, baina 40 urterekin berriro hasi nintzen”. Handik hona aulki mugikorreko arraunketa –olinpikoa– egin du Raspas klubean, eta traineruan ibili da Raspas, Getxo, Busturialdea, Santoña eta Kaiku klubetan. “Nire asmo hutsa zen Raspasen aulki mugikorreko arraunketa egitea, baina ergometro-proba batean parte hartu nuen kasualitatez eta, nahiko marka ona egin nuela ikusita, entrenatzaileak esan zidan traineruan ibiltzeko”.

Grina handi-handia du arraunketarako. “Alde batetik, oso lehiakorra naiz, eta bestetik, izugarri gustatzen zait itsasoan egotea, batez ere itsaso zakarra dagoenean. Horrezaz gainera, talde-lana da. Aulki mugikorreko arraunketa, bestalde, oso ezberdina da, ur bare-baretan egiten delako, baina hori ere asko gustatzen zait. Arraunketa oso teknikoa da: pentsa liteke arraunketa bakarrik indar-kontua dela, hala ere, oso kirol teknikoa da eta esperientzia handia izan behar da”. Handia ere bada traineruaren eta aulki mugikorraren arteko aldea. “Fisika berdina da; teknika, oso ezberdina. Aulki mugikorra askoz efizienteagoa eta azkarragoa da, ur baretan ibiltzekoa. Gainera, ezin da bueltarik eman, zuzen-zuzen joan behar da. Egia esan, aulki mugikorra trainerua baino gehiago gustatzen zait, baina trainerua itsasoan mugitzen denean… hori ere gauza berezia da”.

“Izugarri gustatzen zait itsasoan egotea, batez ere itsaso zakarra dagoenean”

Euskadiko txapelduna

Kirol gogorra da arraunketa eta entrenamenduak ere gogorrak dira. “Berdin dio zein mailetan zauden, ACTn edo ARC2n, ia-ia berdin entrenatzen delako: sei egun astean eta 11 hilabete urtean. Alde bakarra da ACTeko arraunlariek pisua gehiago kontrolatu behar dutela. Neguan, gimnasioa eta ergometroa egiten ditut astean zehar, eta asteburuetan uretara irteten naiz: Raspasen, aulki mugikorra egiten dut, eta Busturialdean, trainerua. Udaberri-uda partean, denboraldia hastear dagoela, gehiago joaten gara uretara”.

Traineru beteranoan ibiltzeko proposamena egin diote, baina argi du ez duela hori onartuko. “Oso ondo ibili behar delako disfrutatzeko. Traineruan sasoian ez bazaude, uretan pisuak altxatzea bezala da. Lehian egonda gogorra den arren eta bihotzak asko sufritzen badu ere, aulki mugikorra suabeagoa da, atseginagoa”. Aulki mugikorrean bakarrik egin ohi du. “Nagusi bakarra naiz. Hala ere, seniorrekin ere, absolutuan, parte hartu dut batzuetan, scull bikoitzean, laukoan edo zortzikoan”. Garaipenak ditu: esaterako, scull bikoitzean brontzezko domina lortu du Espainiako txapelketan, eta zenbait domina Euskadiko txapelketetan, scull bikoitzean zein skiffean. “Aurten Euskadiko txapelduna izan naiz skiffean, masterrean eta distantzia luzean (6.000 metro). 18:23ko marka egin nuen”. Beste alde batetik, ARC1era igo da Santoña, Getxo eta Busturialdea klubetan egonda. 

“Traineruan sasoian ez bazaude, uretan pisuak altxatzea bezala da”

“Aurten Euskadiko txapelduna izan naiz skiffean, masterrean eta distantzia luzean”

Hurrengo urteari begira, trainerua uzteko asmoa du. “Izan ere, udan egunero arraun egiteko moduan egoteko exijitzen du, eta nahiago dut udan libre egon. Aulki mugikorreko arraunketa egiten jarraituko dut, berriz, Espainiako txapelketetan, beterano mailan, parte hartzen segitu nahi dut eta. Nire asmoa da 100 urterekin ere arraunean egitea (kar-kar)”. Irakaslea da Bilboko Ingeniaritza Eskolan eta hango arraunlarien taldearen arduraduna ere bada. “Txapelketa bi urtean bertan behera utzi behar izan da COVIDa dela eta. Aurten berriro egingo da, ea Deusturen zorte oneko boladari buelta eman eta irabazten diegun!”. Estropada barikuan, apirilak 8, izango da 19:00etan eta 40. aldiz egingo da.   

Inoiz pentsatu du entrenatzaile ibiltzea. “Titulua atera beharko nuke horretarako eta momentuz ez dut astirik. Lehiatzeari uzten diodanean, agian pentsatuko dut ikastaroren bat egitea. Beti egongo naiz Raspasen edo Mundakan laguntzeko prest, baina entrenatzailea izatea beste gauza bat da eta ez dakit… Probatu beharko nuke”.       

 

Erlazionatuak

Munduko onenetarikoa

Aikor aldizkaria 2022 mar 18 Larrabetzu

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).