Kontsultatutako iturrien ustez, Lezamako istripua saihestu zitekeen

Aikor aldizkaria 2009ko urr. 23a, 15:02

Urriaren 8an, tren istripua izan zen Lezaman. Euskotreneko konboiak kolpe bortitza hartu zuen trena gelditzeko topearen kontra. Gidaria hil zen talkaren ondorioz, eta hiru zauritu izan ziren. Euskotreneko aurretiko azterketaren arabera, trena egoera onean zegoen eta galgatzeko sistemek ondo funtzionatu zuten. Istripua gidariaren oker baten ondorioa izan zen. Argi ez dauden arrazoiak zirela-eta, gidariak behar zen baino denbora luzeagoan izan zuen zapalduta trakzioa. Horren eraginez, topetik 20 metrora supituki eragin behar izan zion larrialdietako galgari. Trena 44,6 km/h-ko abiaduran egin zuen talka ormaren kontra. Aikor! aldizkariak kontsultatutako iturrien esanetan, Athleticen instalazioen parean trenbidearen orratz-aldatzea dago, eta puntu horretara ailegatzen denean, gidariak askatu egiten du trenak daukan berezko gidatze sistema eta makinistak berak gidatzen du trena geltokiraino. Trena 30km/h baino gutxiagoko abiaduran joan ohi da. Trenek galgatzeko sistema bi dituzte. Bata gizon hilaren pedala da. Gidariak 30 segundoro zapaldu behar du pedala eta egiten ez badu, sistemak soinu bat egiten du. Gidariak pedala zapaldu barik jarraitzen badu, sistemak geldiarazten du trena. Beste sistemak Euroloop du izena. Trenbidean zehar sentsoreak daude eta, geltokira ailegatzerakoan, gidariak abiadura gutxitzen ez badu, sistema honek geldiarazten du trena. Iturriek azaldu duten legez, Lezamako tren geltokian ez dago Euroloop sistemaren sentsorerik. “Argi dago gidariari zerbait gertatu behar izan zitzaiola; hala ere, istripua saihestu zitekeen, tren geltokian galgatze-sentsorea egon balitz. Galgatzeko sistema hori ez dago ez Lezaman, ez Atxurin”. Horrezaz gainera, Lezamako geltokian trena ormatik oso hurbil gelditzen dela aipatu dute. Euren ustez, trenbideak luzeagoa izan beharko zuen, gidariak tarte handiagoa izan dezan trena geldiarazteko. Era berean, geltokian zirkulazio-diskoa (semaforoa, autoetarako) jartzea lagungarritzat jo dute. Aikor! aldizkariak Euskotrenera jo du informazioa argitzeko asmoz, baina, momentuz, ez dugu erantzunik jaso. Beste alde batetik, Lezamako Udalak idazki bat agindu zien Euskotreneko arduradunei, istripuaren gaineko datuak ezagutu bezain laster eurei jakinarazteko. Alaitz Etxeandia alkateak esan digun bezala, Euskotrenekoak ez dira eurekin harremanetan jarri, eta istripuari buruz dakitena komunikabideen bitartez ezagutu dute. Udalak ez du ofizialki jakin tren geltokian Euroloop galgatzeko sistema dagoen ala ez, edo, horren ordez, beste segurtasun sistema batzuk dauden. Udalak bilera egiteko eskatu die Euskotreneko arduradunei, ikerketaren berri izan eta geltokian dauden segurtasun sistemak ezagutzeko. “Ezin da istripu gehiagorik gertatu, eta hartu beharreko segurtasun neurri guztiak hartzeko eskatuko diegu”. Eskaera bera egin dute gure erredakziora jo duten hainbat lezamarrek eta txorierritarrek. Guztiek ados daude trena eta garraio publikoa bultzatu behar dela; hala ere, tren modernoagoa eta seguruagoa eskatu dute Txorierrirako. “Hiru kolpe entzun nituen” Ixone tren geltokiaren ondoan bizi da eta arratsaldeko 4:25ean oso zarata handia entzun zuen. Kalera jaitsi eta istripua gertatu zela ikusi zuen. “Jendea oso urduri zegoen, ikaratuta. Trenaren lehenengo bagoia erabat hondatuta zegoen eta nahasmena nagusi zen”. Nasan sei lagun zeuden trenaren zain. “Trena bihurgunea hartu zuenean, abiadura handiz zetorrela ikusi genuen, eta talka oso arin gertatu zen”, esan digu Gotzonek. “SOS deiak zerbitzura deitu eta Ertzaintza, anbulantziak eta suhiltzaileak handik gutxira etorri ziren. Mutil batek ateari ostikada eman zion eta bigarren bagoitik atera zen. Lehenengo bagoian emakume bi zeuden. Batak zauri arinak zituen eta oso urduri zegoen; bestea, eserlekuen artean zegoen etzanda”. David Hormaza lezamarrak arratsaldeko lauetako trena hartu zuen Bilbon. Bere esanetan, bidaian zehar ez zen ohiz kanpoko gauzarik gertatu, eta Kurtzeko geltokian hiru bidaiari jaitsi ziren trenetik. Athleticeko instalazioen parean zeudela trenak bat-bateko mugimendua egin, eta gero eta abiadura handiagoa joan zen hartzen. “Lezama iragartzen duen horma-irudiaren paretik pasatu ginenean, trena ez zela geldituko konturatu nintzen. Eserlekuen artean uzkurtu nintzen... eta hiru kolpe entzun nituen. Altxatu nintzen eta ondo nengoela ikusi nuen”. Leihoetako kristalak eserlekuen gainera eta zorura erori ziren eta irteteko ateak okertuta zeuden. “Ostikadaka hasi nintzen atearekin eta handik ateratzea lortu nuen”. David eta emakumeetariko bat Galdakaoko ospitalera eraman zituzten eta alta egunean bertan eman zieten. Beste emakumea, berriz, Gurutzetako ospitaleko Bizkortzerako Unitatera eraman zuten, garezur-entzefaloko eta aurpegiko traumatismoa zuela. Emakumeak onera egin du, baina ospitalean jarraitzen du. Trenak geltokian dagoen bost metroko topea jo zuen, eta, ondorioz, lehenengo bagoia erabat suntsituta gelditu zen. Gidaria kabinan zegoen harrapatuta eta suhiltzaileek lau ordu eman zituzten gorpua handik ateratzeko.