Iñaki Lekerika, baserritarra: “Beste ikutu bat emoten deutso labeak urunari, beste usain bat”

Aikor aldizkaria 2014ko ots. 24a, 11:02

Goizeko 10ak dira, eta Basalbeiti baserrira heldu gara berbalagunok, Lezaman. Han dago Iñaki gure zain, labasua zer dan irakasteko prest. Labea biztuta dago eta eskertzekoa da hori, ondo dator-eta aurreko egunetako umeltasuna apur bat kentzeko. Goiz interesgarria izango da domeka honetakoa. Zer ordutan biztu dozu labea? Ba, goizeko zazpietan, bere denporea behar dauelako. Ez dakigunontzat, zer da labasua? Artaburuak labatik pasaten dira, bertan idortu edo sikatzeko, eta gero errotara eroaten da artoa, uruna egiteko. Nik txandaka egiten dot: ehun kilo bat eta, ha amaitzen danean, beste bat. Antxina, batzen ziran artaburu guztiak pasaten ziran labatik, eta kaxetan gorde, alperrik galdu ez daitezan. Artoa labatik pasau barik be egin leiteke uruna, baina ez litzateke bardina izango. Beste ikutu bat emoten deutso labeak, beste usain bat. Beno, sartuko doguz artaburuak laban? Txingarrak kenduko doguz lehenago. Belakia erabiliko dogu. Zer? Egurrezko tresna hori, atxurraren antza daukana. Belakia esaten deutsagu Lezaman. Labea garbitzeko, beste hau erabiliko dogu: basinerie. Makila bati loturiko ira sorta bat da, uretan sartzen dana. Ezin da sinistu zein garbi ixten dauen dana. Etxea garbitzeko eroango dogu orduan. Ba, izan leiteke. Hautsik ez. sartuko doguz artaburuak laban. Noizean behin eragin beharko jake, erre ez daitezan. Zenbat denpora eukiko doguz bertan? Beharrizanaren arabera. Nik hiru egunean be euki dodaz bertan. Ez da ezer gertatzen, labea hotzituten doalako. Labatik atera eta garandu eta galbahetu egin behar dira, gero errotara eroateko. Zer errotatara eroaten dozu artoa? Arrietara, Olatxu errotara, Fruiz eta Olabarri artean. Errota zaharra da, uragaz ibilten dana. Ur-errotak elektrikoak baino hobeak dira, nire ustez, azala edo zahia dana bereizten dalako. Elektrikoek dana eihoten dabe, azal eta guzti, eta urunaren gustua desbardina da. Uruna barriro galbahetzen dogu errotatik ekarri ondoren, galbahe itxiago bat erabilita, fin gelditu daiten. Zergaitik hasi zinien zuek prozesu hau egiten? Orain dala 20 urte hasi ginan, San Tomaserako. Beti egin dogu txakolina etxean, eta ferietara joatea akordau jakun. Errota gitxi dagoz, eta ez da erreza arto ona topetea; beraz, geuk egin genduan labea, eta artoa labatik pasaten hasi ginan. Etxean beti daukagu uruna, baina azoketarako egiten dogu normalean. Uruna inportantea da, askok esaten deuste ezin dabela ondo landu taloa egiteko orea, apurtu egiten jakela. Eta nik esaten deutset, orea ondo egin badabe, urunagaitik pasauko dala hori. Begira, uruna hartu, eta taloak egingo doguz, halan gaztetxoak entretenidu egingo dira. Zelan egiten da? Hartu uruna, eta bota ura eta gatza. Gutxi gorabehera. Ura epel egon behar da, baina nik ur hotzagaz be egin dot, eta bardin lotzen da. Ondo nahastau behar da, orea egiteko. Noiz dago orea prest? Eskuetan pegaten ez jatzunean. Etxean txakolina beti egin dozuela aitatu dozu lehen. Aita eta ama beti izan dira baserritarrak, eta jarraitzeko erabagia hartu neban nik. Baserrian hasi nintzan beharrean, alkartean sartu nintzan, negutegiak ipini genduzan arrebak eta biok... Txakolinagaz hasi eta beste guztia jarri genduan martxan. Lantegi txiki bat be ipini genduan, geure produktuak egiteko eta azoketara eroateko. Gustau behar jaku bizimodu hau. Zelan azoketan? Garrantzitsuena San Tomasekoa da. Orain dala gutxi, San Antontxukoa izan da, San Blasekoa... Ondo urten da. Txorierrikoak be politak dira. Azoka txikia bada, arreba eta biok joaten gara; osterantzean, jente gehiago eroaten dogu. Urtean hogei azoka inguru egingo doguz. Taloa eta txakolina luxuzko artikulu bihurtu dira ia-ia. Egia da jenteak komentario hori egiten dauala. Nik arrazoizko prezioak dodazala uste dot, ez dodala abusaten. Dana dala, jenteak ezagutzen zaitu eta zugana dator. Baina krisia nabaritu egiten da. Azokak edo mantentzen dira edo beherantz doaz; oso arraroa da gorantz egitea. Oso gustura egon gara. Zu? Polito egon da, berba egiteko bidea emon deuskun ekitaldia izan da. Datorren urtean errepikatzen badogu, ahaleginduko naz arto mota ezbardinak topaten, zuek ezagutu daizuezan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).