Lezamako Udalak tailer batzuk antolatu ditu neska eta mutilen artean bardintasuna sustateko, eta emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko. Tailerrak Ludoteka, Gazteleku eta Gazteguneko erabiltzaileei dagoz zuzenduta eta Urtxintxa eskola eta Sortzen aholkularitza-enpresa dabilz emoten. Teknikarietariko batek gaztetxoek genero eta bardintasunaren gainean daukien ikuspegia hurbildu deusku.
Zelango tresnak erabilten dira tailerretan?
Nerabeek gura dabelako datoz tailerretara. Badaukie gaiaren gaineko kontzientzia, bere pentsamoldea, eta erraza da hareakaz eztabaidan aritzea. Bideoak, kantak, filmak... erabilten dira. Umeakaz gatxagoa da. Jolasak eta oso ludikoak diran ekintzak erabili behar dira, aspertu ezkero ez dabelako interesik jarten. Kontzeptuak oso modu sinplean azaldu behar jakez.
Gazteek antzeko jarrerak daukiez han eta hemen. Zeintzuk dira?
Nahasketa handia dabe; generoa zer dan ez dakie eta handik hasi behar da beti. Nahiz eta berbak erabilten jakin ez, nesken artean haserrea edo sumindura nabaritzen da. Ez jake gustaten gizarteak emakumeak zelan trataten dauzan. Emakumeen kontrako indarkeriaren aurka azaltzen diranak badagoz eta oso jarrera burrukalaria izaten dabe. Baina feminismo gehiegi darabilgula pentsaten dabenak be badagoz, emakumeok gehiegi eskatzen gabilzala. Feminismoa matxismoaren kontrakoa dala pentsaten dabe, eta feminismoak sexu biren arteko eskubide- eta aukera-bardintasuna helburu daukala azaldu behar jake; matxismoaren kontrakoa hembrismoa dala, ez feminismoa. Adibide asko ipini behar dira, zelango errealidadean bizi garen konturatu daitezan.
Zer geratzen da betaurreko moreak ipinten dabezanean?
Gizarte patriarkala hain dogu barneratuta, gauza asko ikusi be ez doguzala egiten; normaltzat doguz. Beraz, ez da behar erraza gazteak be konturatu daitezala. Baina tailerrek hausnarketara bultzatzen dabez eta eztabaida sortzen da euren artean. Ezagutzen daben abestiren edo filmen bat aztertzen dogunean, apur bat lekuz kanpo lotzen dira eta saiatzen dira han ikusten dabena justifikaten: hori mutilak neskea asko maite dauelako da. Eztabaidaren ostean onartzen dabe film edo abesti horreetan agertzen diran klitxeak ez dabezala tailerretako ikuspuntutik inoiz aztertu.
Ikerketek dinoe gazteek oso barneratuta daukiezala maitasun erromantikoa, kontrola... eta antzeko kontzeptuak edo jarrerak.
Gazteek beste gazteak daukiez erreferentetzat, eta telebistan-eta ikusten dabena. Bardintasunaren eta errespetuaren gaineko informazinoa emoten da, kanpainak egiten dira... baina beste aldetik jasoten daben informazinoa askoz zabalagoa da. Ikusi publizidadean, telebistako saioetan, eurei zuzendutako liburuetan eta filmetan... azaltzen diran mezuak. Sexismoaren eta genero rolen aldekoak dira.
Zelan jokatzen dau gaur egungo gazteriak?
Aurreko garaietakoak dirala pentsau litekean jarrerak eta esaldiak uste baino ohikoagoak dira gazteen artean: gizonak emakumea babestu behar dauela pentsetea, bikotea kontroletea normaltzat hartzea, nogaz ibili ahal dan esatea, eta nogaz ez... Mutil askori entzun deutset neskalagunari zein arropa ipini eta zein ez esaten deutsola, badakielako gizonak zelakoak diran. Eta zelakoak zarie?, galdeten deutset nik. Erasotzaileak? Eta konturatzen naz zelako nahaste-borrastea daukien buruan: euren jarrerak eta berbak justifikaten saiatzen dira eta behar horretan kontraesan asko adierazoten dabez.
Eta neskak?
Eurek be kontrolaten dabe mutil-laguna, eta sare sozialen edota telefonoaren bitartez egiten dabe. Jeloskortasunagaitik egiten dabe, izan be, oso barneratuta daukie emakumeek gizona lortzeko burrukatu behar dabela. Hori gure gizarte patriarkalaren beste idea bat da: emakumeok alkartu eta gure aurka jarten dabezan traba guztien kontra burrukatu beharrean, gure artean burrukatzea. Gizonen artean, ordez, alkartasuna bultzatzen da. Estereotipoek eta rolek gizartea garatzen dabe, emakumeak zelangoak izan behar garen esaten deuskue, eta gizonak zelangoak. Gazteek oso gitxitan egiten dabe barneratuta daukiezan generoari lotutako ideen gaineko hausnarketea, eta horrek podere ezbardintasunaren eskemea behin eta barriro errepiketea dakar, indarkeriara daroan eskemea dana.
Tailerrak jarrera horreek ekidin eta bardintasuna bultzatzeko egiten dira, baina ez da nahikoa. Zelako papera euki beharko leuke eskoleak?
Ikastaroak egiten dira ikastetxe batzuetan, baina oso laburrak izaten dira eta ez dago asko lantzeko astirik. Nik beti esaten dot beste ikasgai bat izan beharko litzatekeala, gaztetxoek gai honetan daukien gabezia oso handia dalako. Halanda be, ezinbestekoa da irakasleak be kontzientziauta egotea eta, egia esan, batzuetan sekulakoak entzun dodaz nik batzuen ahotik. Prestakuntzea eskatu jakenean be ez dabe interesik adierazo.
Ez da erraza gizarteak estereotipoak hain barneratuta daukazanean.
Hasieratik hasi behar da. Ez gara konturatzen, gura barik egiten dogu, baina neskak alde batera bideratzen doguz txikitatik, eta mutilak beste alde batera. Ikusi zelango ipuinak kontaten deutseguzan, zelango opariak egiten deutseguzan, zelango telesaioak ikusten dabezan... Behar handia dago aurretik eta auskalo zer gertatuko dan, batez be orain, gauzak atzera doazala emoten dauenean: abortuaren legea eta LOMCE, adibidez. Ezarri gura deuskuezan gauza askotan ikusten da ideologia patriarkala eta matxista. Beharrean jarraitu beharko, beraz.