Saritzeko moduko txakolingile-familia

Aikor aldizkaria 2014ko eka. 23a, 09:45
a: Judith de Prado
Zorioneko dago Magalarte Lezamako txakolina; izan be, Iñaki Aretxabaletaren upeltegiak sari bi eskuratu ditu aurten. Alde batetik, bere txakolin zuriak urrezko domina jaso dau Bruselan; eta bestetik, barrikan hartzitutako txakolin zuriak, zidarrezko Bacchus saria. Horrezaz gainera, “Txakoli de Bizkaia – Bizkaiko Txakolina” Jatorrizko Deituraren Kontseju Arautzaileak Magalarte Lezamako txakolina aukeratu dau jatorri-deituraren ordezkari izateko. “Bada, zer esatea gura dozue? Oso pozik gagozala”. Plurala erabili dau Iñakik, azaldu deuskun moduan, ospea bere izenak daroan arren, saria familia osoak egindako ahaleginaren emaitzea dalako. “Pilik, emazteak, asko laguntzen deust: txakolina botilaratzen, azoketan... Alaba Amaia be azoketan dabil gure produktua zabaltzen, eta Andoni semeak batez be ortuko gauzakaz laguntzen deust. Enologia ikasten dabil eta upeltegiagaz jarraitzeko asmoa azaldu deusku. Txakolingileen lau belaunaldi gara, eta emoten dau gitxienez beste bat egongo dala”. Lortutako sariak aurrera jarraitzeko eragingarri bat izan dirala aitatu deusku lezamarrak. “Kalidadea egon dala adierazo gura dabe, gauzak ondo egiten gabilzala. Eta, jakina, zure beharra aintzat hartzen danean, horrek bultzadea emoten deutsu ilusinoagaz behar egiteko eta hobetzen jarraitzeko”. Bere produktua definiduteko eskatu deutsagu, eta apaltasunez erantzun deusku, bere ustez, maila polita daukala, eta kalidade-prezio erlazinoa be egokia dala. “Baina ez bakarrik gure produktua. Beste upeltegi batzuk be sariak atera dabez nazinoarteko txapelketetan, eta horrek adierazo gura dau txakolina munduko beste ardaoak dagozan maila berean dagoala. Kategoria handiko produktua dogu eta halan balorau behar dogu”. Itxura ona Kategoria horretaz jabetu dira kanpoan be bai, eta txakolinaren esportazinoa handitu da azken urteotan. Batez be Estadu Batuetatik eskatzen da. “Gure txakolina esportetako esan deuskue, baina momentuz ez dogu horretarako nahikoa kantidaderik. Gehiago ekoiztu beharko genduke. Dana dala, merkadua ezagutu eta sendotu behar dala uste dot, eta, neure eretxiz, merkadurik inportanteena etxean bertan daukagu”. Aurten 25.000 litro txakolin ekoiztu da Magalarte Lezamako upeltegian; litro gitxiago, aurreko urteetan ekoiztutakoaren aldean. “Joan dan urteko udabarria nahiko txarra izan zen, baina abuztua eta iraila oso onak izan ziran eta mahatsa bere puntuan heldu zan. Kantidade gitxiago euki dogu, baina kalidade handiko txakolina ekoiztu da. Mahatsa ondo batzen bada, gero zaindu baino ez da egin behar, kontuz ibili... eta gauzak ilusino handiagaz egin”. Goiz da aurten zelango uztea batuko dan esateko, “baina landarak loratan dagoz eta oso itxura ona dabe”. Baserritarrak eguraldiaren menpe bizi behar, eta datozan hilebeteak giltzarriak izango dira uzteari begira.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).