Josu Camara Izagirre, Lezamako EH Bilduko alkategaia: “Lezama berria eraiki nahi dugu”

Aikor aldizkaria 2015ko mai. 5a, 14:39
Zeintzuk dira Lezamaren beharrizanak? Udal kudeaketa zaharkituta dago eta aldatu behar da. Gure leloak dioen mo­duan, “Lezama berria eraikitzen, dekogunetik ez dekogunera”. Gure ustez, delegazionismoaren ordez, konpromisoa na­gusitu behar da, hau da, askotan boza eman eta gero, hurrengo lau urteetan udalarekin ahaztu egiten gara. Hori ezin da izan. Jendeak bere iritzia jakinarazi nahi du eta herriari dagozkion erabakietan hartu nahi du parte. Herritar guztion artean erabaki behar dugu zelako herria nahi dugun, eta Udalak haien zerbitzura izan behar du. Zeintzuk dira Lezamako EH-Bilduk datozen lau urteei begira aurrera eramango dituen ildo nagusiak? Partaidetza bultzatu nahi dugu. Ildo honi jarraituz, hiru zutabe ideologiko proposatzen ditugu. Lehenengoa, Lezama koloretsua da. Guk Lezama morea eta berdea bultzatuko dugu. Berdea, ekologia eta ingurumena zaintzen dituena. Gu­re lurra ez dugu salduko eta ez dugu hori artifizializatu nahi. Lehenengo Sektorea gure lehentasuna izango da, baita bertoko merkatariekin zerikusia duen industria ere. Eta morea, Lezamak izen femeninoa duelako. Emakumeekin kontatu barik, Le­zamak ez du etorkizunik. Bigarrena, Lezama hezitzailea da. Gure ustez, eskola da herriko bihotza eta horren inguruan dagoen erkidegoa bultzatuko dugu beti. Gure eskolak kalitatezko hezkuntza eskaintzen du, baina maila horri eusteko lan egin behar da eta baliabideak eman behar zaizkio. Azken batean, eskolan ikasten duten neska-mutilak laster izango dira Lezamako emakumeak eta gizonak. Azkenik, elkarteen mugimendua da gure hirugarren zutabea. Eskola bihotza bada, elkarteak dira odola. Eta zenbat eta elkarte eta ekintza gehien egon, orduan eta osasuntsuagoa izango da herria. Gure ustez, egoerarik onena izango litzateke elkarte guztiak koordinatzea, Lezamak be­har dituen giza, kultur, eta kirol politikaren ardatz nagusiak ezartzeko. Zer esan ahal diguzu zerrendari bu­ruz? Oso garrantzitsua da, partaidetza bultzatzen dugulako. Gure zerrenda oso anitza da. Hamalu lagunok osatzen dugu he­rriarekin lan egiteko konpromisoa hartu dugun lan-taldea. Sarea josi nahi dugu Udalaren inguruan, herritarrei parte hartzeko aukera emateko. Horren haritik, herri batzarrak sortu ditugu, “gune irekia” izenpean. Bertan edozein herritarrek adierazi ahal ditu kezkak, ekarpenak... Ba­tzar horietan oinarritu nahi dugu Admi­nistrazioaren eta herritarren arteko harreman finkoa. Gainera, auzoz auzo egin na­hi ditugu batzarrak eta elkarlana bultzatu nahi dugu herriko elkarteekin. Batzuetan ematen du dena egiten dela Udaletxean, herrigunean, baina Lezaman auzo guztiak dira garrantzitsuak. Karguaz jabetu, eta zer da egingo duzun lehenengo gauza? Udalbatzarrak irekiagoak egin nahi di­tugu, herritarrei parte hartzeko aukera ber­matzeko. Gainera, alkatearen soldata ia erdira jaitsi nahi dugu. Diru hori herriak dituen beste beharrizanetara bideratuko genuke. Hurbiletik Lezamakoa zuen ama, baina Bil­bora joan zen lan egitera eta bertan jaio zen Josu 1956an. Ogibidez, irakaslea da eta zazpi urte eman zuen horretan lan egiten, baina gero bokazioa nagusitu zen eta aktore egin zen. Besteak beste, Kukubiltxo taldea sortu zuen duela 35 urte, eta gaur egun beste proiektu batzuetan dabil. Zuzenean ez du inoiz politikarekin inolako harremanik izan, baina inguruan gertatzen diren gauzak interesatzen zaizkion heinean, gizon politikotzat jotzen du bere burua. Gainera, bere emaztea zinegotzia izan da Lezaman, eta Josu laguntzaile ibili da EH Bilduko udal taldean, batez ere kultura arloan. “Herriaren alde lan egiteko garaia heldu zait eta horregatik onartu dut alkategaia izatea”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).