Lezamako Udalak ez ditu taulak kenduko, “herriarentzat onak direlako”

a: Lezamako Udala 2019ko urt. 23a, 17:40

Abenduan, sei informazio-taula ipini zituzten Lezaman. Taula bakoitza herriko leku esanguratsu batean jarri zen: Kurtze ermitan, Andra Mari elizan, herriko plazan, Mikel Zarate plazan, Oxangoiti baserrian eta Athleticeko zelaian, hain zuzen ere. Tauletako alde batean, lekuaren edo ondare-eraikinaren gaineko informazioa dago; eta beste aldean, Athletic Club futbol taldekoari buruzko informazioa, besteak beste, jokalari ohiak eta filosofia.

Lezama Bizirik elkarteak Kurtze ermitaren eta Andra Mari elizaren ondoan ipinitako taulak kentzeko eskatu zion Udalari. Izan ere, euren ustez, leku horietan Athleticen propaganda-taulak ipintzea onartezina da, “gure ondare historikoari zor diogun begiruneagatik”. Jon Ander Aurrekoetxea Lezamako alkateak adierazi duen moduan, kartelak ez dira kenduko, “herriarentzat onak direlako”. Horri lotuta, Udalak, Sei urratsak izenburupean, ohar bat zabaldu du lezamarren artean, egoera azaltzeko.

Jakinarazitakoaren arabera, Udala eta herriko merkatariak bisitariak nola erakarri aztertzen ibili ziren, eta taulak jartzea bururatu zitzaien 2017an. “Urtean, hainbat lagun hurbiltzen zaizkigu, batez ere Athleticeko zelaietara etortzen direnak eta Done Jakue Bidea egiten dutenak. Horiek ez dute gure herria benetan ezagutzen, eta, gainera, ez dute herrian ezer kontsumitzen”. Bisitariak herriko lekurik adierazgarrienetara hurbiltzeko, ibilbide bat diseinatu dute, 45 minutuan egiten dena. “Informazio-tauletan non dauden azaltzeaz gain, paseatzen dabiltzan tokiari buruzko erreferentziak dituzte, baita gure historiaren eta kulturaren berri ere. Ez dugu ahaztu behar gehienak futbolzaleak eta Athleticen jarraitzaileak direla. Hori dela eta, tauletan klubaren historiako pasarteak eta jokalari historikoei buruzko argibideak ere eskaintzen zaizkie”.

Proiektua Gabriel Alvarez de Arcaya eta Yolanda Isasi lezamarrek diseinatu zuten, eta Athletici aurkeztu zioten. Azaldu duten moduan, klubak proiektua onartu zuen, eta gastu guztiak bere gain hartu zituen. “Are gehiago, bere irudia eta marka doan utzi dizkio Lezamari”. Dirurik ere ez du jaso, proiektua Athleticek eta Udalak indarrean duten hitzarmenaren barruan dagoelako. “Horren bidez, herriak diru-ekarpen bat jasotzen du urtero. Era berean, Lezama Sport Kirol Taldeak eta Bizia Kirol Taldeko kimuen taldeak Athleticeko futbol-zelaietariko bat erabiltzeko aukera dute”.

 

Desadostasuna

Lezama Bizirik elkarteak ez du uste taula horiek egokiak direnik. “Hirigintzari dagokionez, hanka-sartze handia egin da: oso taula handiak dira, irisgarritasuna eta ikuspena oztopatzen dituzte… Baina hirigintza-jardunbide txarren kontrako legerik ez dago”, esan dute www.lezamabizirik.eus webgunean. Hala ere, euren ustez, Kurtze ermitaren eta Andra Mari elizaren ondoan ipinitako taulek ez dute Euskal Kultura Ondareari buruzko Legea, ezta Lezamako Hirigintza Plan Orokorra ere, “eraikin biak babes berezia duen inguru batean daudelako”.

Udala zein elkartea prest azaldu dira batzeko, eta azalpenak eman eta entzuteko. “Baina ados ez bagaude, eta panelak kentzen ez badira, dagokien erakundeei –Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza– helaraziko diegu gure kexa”, esan dute elkartekoek.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).