Lezama Bizirik-k ondare-eraikin biren ondoan ipinitako Athleticen publizitate-taulak kentzeko eskatu dio Udalari

a: Lezama Bizirik elkartea 2019ko urt. 11a, 14:19

Lezamako elkarteak jakinarazi duen moduan, Athleticen publizitate-taula bi ipini dituzte herriko ondare-eraikin biren ondoan: bata, Kurtzeko ermitan; eta bestea, Andra Mari elizan. Elkartearen ustez, “tramankulu” horiek han ipintzea onartezina da, “gure ondare historikoari zor diogun begiruneagatik”. 

“Zer nolako justifikazioa dauka entitate pribatu batek bere propaganda monumentu baten ondoan jartzeak, monumentuari protagonismoa kentzen eta bere ikusgaitasuna oztopatzen?”, galdetu dute. Tauletako alde batean, futbol klubaren gaineko informazioa dago; eta beste aldean, ondare-eraikinei dagokiena. 

Era berean, panelak espaloiaren erdian jartzea egokia ez dela pentsatzen dute. “Biak leku desegoki batean daude ipinita, baina batez ere Kurtzeko ermitakoa: lekua kaltetu eta sarrera oztopatzeaz gainera, irisgarritasunaren aldetik ere arriskutsua izan daiteke”. Horiek guztiak kontuan hartuta, elkarteak publizitate-taulak berehala kentzeko eskatu dio Lezamako Udalari. Aurrerago, halako beste ekimen bat egiten bada, hura ondare historiko publikoa errespetatuz eta hirigintza-jarduera egoki batetik egiteko ere eskatu dute.

“Athletic kirol entitate pribatua da, eta ez du zertan Udalaren aldetik mesede-traturik jaso. Leku publikoei eta ondare historikoari dagokienez, beste erakundeek eta herritarrok ditugun betebehar berberak dituzte. Publizitate pribatua ipintzeko, badaude arauak eta aurreikusitako guneak. Eta Athleticek, bere instalazioetan, leku zabala du: guztion lekua eta ondarea hartu behar ez izateko modukoa”, esan dute.

Lezama Bizirik elkarteak adierazitakoaren arabera, Jon Ander Aurrekoetxeak Lezamako alkateak erantzun die Udalak ez dituela publizitate-taulak kenduko, “uste dugulako ona dela herriarentzat”. Horri lotuta, prest azaldu da batzarra egiteko eta horretan azalpenak emateko.

Aikor! aldizkariak ere jo du Aurrekoetxearengana, eta esan digu datozen egunetan bando bat zabalduko dutela, publizitate-taulak zergatik ipini diren lezamarrei azaltzeko. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).