Zein lehentasun ikusten duzue datozen urteetarako?
Azken urteotan, hainbat proposamen eta proiektu bultzatu ditugu udalean, herria hobetzeko: aurrekontu parte-hartzaileak, eskolako eta haur-eskolako beharrizanei erantzutea, emakumeen kontseilua eratzea, udaletxearen beraren berrikuntza, egur eta landare banaketa… eta lan-ildo horri eutsi nahi diogu. Baina horren guztiaren gainetik, modu jasangarrian garatzeko plangintza urbanistikoa diseinatu behar du gure herriak behingoz. Izan ere, inposatu nahi izan diguten eredua birritan bota dute atzera epaileek, eta, beraz, hasiera-hasieratik ekin behako genioke plangintza berri bat prestatzeari. Eta denon artean, interes kolektiboaren alde eginez.
Beste proposamenik edo aipamenik?
Lezamarrok eskura izan behar ditugun zerbitzu publiko guztien kalitatearen alde lan egingo dugu: udalak eskaini behar dituenak ez ezik, beste erakunde batzuek eskaini beharrekoak ere. Merkataritza eta enpresa txikiak bultzatu nahi ditugu, baita lehenengo sektorea ere. Bestalde, harremana sendotu nahi dugu herriko elkarteekin, Lezamaren benetako altxorra dira eta. Haiekin batera, kultura, aisia eta kirol eskaintza askotarikoa antolatu nahi dugu, herriaren dibertsitatean eta berdintasunean oinarrituta. Bereziki, sakon aztertu nahi dugu udal lokalei ematen zaien erabilpena eta ateratzen zaien etekina, egokitasuna, ordutegiak… Eskola ere aipatu beharra dago: daukan espazio mugatuari irtenbide bat eman behar zaio, gure seme-alabentzat kalitatezko herri eskola nahi dugulako. Azkenik, ezin da ahaztu euskararen erabilpen urria dela-eta dugun kezka handia. Euskararen egoera hobetzeko bitartekoak jarri behar ditugu, eta konpromisoa hartzen dugu horretan eredu izateko.
Zer esango diguzu zerrendari buruz?
Zerrenda askotarikoa da, hamaika emakumez eta gizonez osaturik: udaletxearen funtzionamenduan eskarmentua dugunok eta arnasa berria ekarriko dutenak. Ezkertiar pentsaerako herritarren bilgunea gara. Konpromisoak hartzeko prest aurkezten dugu gure burua, gardentasunez, erakundeak herriaren zerbitzura jartzeko.
Karguaz jabetu eta zer egingo duzu lehenengo?
Lanean hasiko gara udalak dituen baliabideak herritarren beharrizanetara lehenbailehen bideratzeko. Lezamar guztien iritziak kontuan hartuta, udalaren eguneroko kudeaketa hobetuko dugu; herritarren parte-hartzea indartu eta erraztu nahi dugu, udalbatzen ordutegiak aldatuz.... Planifikazio urbanistikoari goitik beherako errepasoa eman behar zaio: Lezama benetan leku ederra da bizitzeko; gure ondarea zainduz hazteak eta zentzuz garatzeak ekarriko dizkigute etorkizunerako aukerak.