ELA da Novaltian langile gehien batzen duen sindikatua, eta bere bitartekoa Aitor Padilla da. Bere esanetan, arazoa “aspalditik” dator. “2013an Vascofar eta Aragofar botikak banatzeko enpresek bat egin, eta Novaltia sortu zuten. Handik aurrera, zenbait langile kaleratu zituzten eta gelditu ginenoi izugarri murriztu zizkiguten soldatak: % 25etik % 40ra bitartean. Era berean, langile berriei 900 euro baino ez zitzaien ordaintzen. Beraz, soldata-eskala bi ezarri zituzten. Ez gaude ados, gure ustez, lan berbera egiteagatik berbera kobratu beharko genuke guztiok, antzinatasuna kontuan hartuta, jakina”.
Otsailean, enpresak bertan behera utzi zuen euskal lan-hitzarmena eta Estatu mailakoari heldu zion. “Hori salatu genuen eta epaileak gure aldeko epaia eman zuen. Enpresak, aldiz, helegitea jarri zuen eta horren zain gaude”, esan du Padillak. Enpresak, bestalde, onartu du Estatuko hitzarmenari heldu diola, hori “Novaltiako lantegi guztietan indarrean dagoelako”. Halaber, langileek salatu dute enpresak ez duela greba-eskubidea errespetatzen. “Udan langileak kontratatu zituzten oporrak betetzeko, eta horiek gaur egun ere badabiltza grebalarion lana egiten. Baita ugazabak ere. Salaketa jarri genuen, eta teknikari bat etorri zen abuztuan ikuskapena egitera. Bere txostenaren zain gaude”.
Azken hilabeteotan hainbat bilera izan dute langileek eta enpresak, baina lehenengoek adierazi dute itopuntua baino ez dutela lortu. “Gure eskaera hasieran baino % 54 txikiagoa izan arren, ez gara ados jartzen”. Lezaman 52 langilek egiten dute lan Novaltian. Horietako 26 ekoizpen sailean dabiltza, eta 21 greban daude. Zuzendaritza, merkataritza eta administrazio sailetako lagunek ez dute grebarekin bat egin. Guztira, Novaltiak 160 langile ditu Lezaman, Zaratamon eta Aragoiko lantegi bitan.
Arazoa konpontzeko asmoa
Enpresak, berriz, arazoa konpontzeko asmoa adierazi du. “Urte eta erdia daramagu langileekin negoziatzen. Tarte horretan, hainbat proposamen egin dizkiegu; hala ere, guztiak arbuiatu egin dituzte. Azkenean, behin-behineko langileei % 16ko soldata-igoera eskaini genion, baina alferrik. Gure ustez, langileen eskaerak onartezinak dira, enpresaren bideragarritasuna arriskuan jartzen dutelako. Nolanahi ere, negoziatu nahi dugu, gatazkari amaiera emateko”, esan digu enpresaren prentsa arduradunak.