Lezama Bizirikek alegazioa aurkeztu dio Silicatos de Malpica enpresa handitzeari

Aikor aldizkaria 2020ko ots. 24a, 12:22

Lezamako elkarteak jakinarazi duenez, Silicatos de Malpica enpresa kimikoak (FMC Foret, lehen) Zamudioren eta Lezamaren arteko mugan duen lantegia handitzeko izapideak hasi ditu. Enpresak labe berri bat eta beste instalazio batzuk ipini nahi ditu eta, ondorioz, “ekoizpena bikoiztu ahal izango du”. Horregatik kezkatuta azaldu dira: “Jarduerak eragin esanguratsuak ditu ingurumenean gaur egun, eta lantegia handitzeak horiek proportzionalki handitzea ekarriko du: kutsadura atmosferikoa, industria-likidoak isurtzea, zarata, bibrazioak, energia-kontsumo handia…”.

Lezama Bizirik elkarteak esandakoaren arabera, enpresak berak jakinarazi du 2018an  atmosferara 32.000 tona CO2 baino gehiago isuri zutela. Talde lezamarraren ustez, ekoizpena handitzen bada, emisioa ere handituko da. Gainera, azaldu dute enpresak aurreikusi duela isuri likidoak % 70 handituko direla, hau da, 11.300 metro kubikotik 19.240 metro kubikora, eta azken bolumen hori isuri ahal izateko baimena eskatuko duela. Bestalde, esan dute enpresaren jardueraren ondorioak enpresak berak aztertzen dituela hiru urterik behin, hori administrazioak egin beharrean.

Elkartearen iritziz, administrazioak enpresa handitzeko baimena emango du, ziur asko. “Eragin garrantzitsuak aitortu ditu; hala ere, kontrolatzen badira eta neurri zuzentzaileak hartzen badira, “bateragarriak” direla uste du. Baina nork kontrolatzen du?”. Horren harira, Zaldibarreko zabortegia ekarri dute gogora. Hori guztia kontuan hartuta, alegazioaren bidez, Lezamako elkarteak eskatu du ingurumen-administrazioak enpresaren jarduera zuzenean eta etengabean kontrolatzeko eta neurri zuzentzaileak ere ikuskatu ditzala. Horrezaz gainera, adierazi dute Lezamako Udalean zein URA agentzian ekimenak aurkeztuko dituztela, horiek ere erantzukizuna bete dezaten. “Baita Kurtzeko industrialdea urbanizatzeko eta poligono arteko errepidea eraikitzeko hartu zituzten konpromisoak bete ditzaten ere”. Esan dutenez, Angetu inguruan egindako kaltea oraindik ez da konpondu eta, gainera, nabarmen hondatu da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).