ELA sindikatuaren ordezkariak grebalarien jarrera tinkoa azpimarratu du. "Langileek konbentzimendu ikaragarria adierazi dute: eskatzen zutena bidezkoa eta posible zen, eta greba oso nekatuta bukatu arren, eustea erabaki dute, akordio on bat lortu arte. Izugarrizko indarra eta fedea izan dute, horrenbeste denbora aguantatzeko. Eta esan behar da sindikatuaren erresistentzia-kutxak laguntza eman diela, hau da, ELAren kideen elkartasunari esker aguantatzeko aukera izan dute".
Dena dela, greba oso "gogorra" izan da langileentzat. "Hiru urte eta zortzi hilabetean eman dute greban, 1.345 egunean. Egunero ibili dira elkarretaratzeak antolatzen farmazien aurrean, farmazien kooperatiben aurrean, Novaltiaren egoitzaren aurrean, Bilbon, Zaragozara ere joan dira... Eta horri ziurgabetasuna gaineratu behar diozu. Zer gertatuko da? Nolako irtenbidea izango du arazoak?, galdetzen zioten langileek euren buruari. Eta horrek mentalki ere ekarri die nekea".
"Langileek eskatzen zutena bidezkoa eta posible zen eta eustea erabaki dute, akordio on bat lortu arte"
Gaur egun, aldiz, "lasai" eta "pozik" dabiltza grebalariak, eskakizun garrantzitsuenak lortu dituztelako. "Gutxien kobratzen zuten langileek, prekarioenek, grebalarien gehienek, % 27ko igoera lortu dute batez bestez. Beste eskaera bat langileen arteko soldaten-eskala biak ezabatzea izan zen; ez dugu erabat ezabatu, baina bien arteko aldea nabarmen murriztu dugu; azpikontratazioa kentzea eta hitzarmen propioa ere ez dira lortu, baina greba bukatzeko akordioa, bai, ordea, eta horrek hitzarmen antzeko araudia ematen digu. Gainera, lan-berme batzuk ere lortu ditugu". Horregatik, sindikatuak "garaipentzat" jo du hitzarmena. "Nahiz eta grebalarien kontra dena izan, nahiz eta enpresa kontra agertu, nahiz eta lau urte pasatu; eusteak ekarri du hitzarmena".
Guztira, hiru urte eta zortzi hilabete eman dute greban; Europako grebarik luzeena izan da
Langileek enpresan jarraituko dute
Langileen etorkizunari dagokionez, gehienek jarraituko dute Novaltia enpresan lan egiten, Etxeberriak berretsi digun moduan. "Guztira, 20 lagun irten ziren grebara; horietako hiruk utzi dute greba azken lau urteotan, enpresarekin hitzarmenak sinatu ostean; beste hiruk enpresatik alde egingo dute, kalte-ordaina lortu ostean; eta gainerako 14ak jarraituko dute lanean Novaltian. Gaur egun oporretan dabiltza, baina maiatzaren 28an hasiko dira lanean".
Greba hasieran inork ez zuen espero horrenbeste luzatzea, baina Etxebarriaren esanetan, hainbat osagaik izan dute eragina. Horietako bat, enpresaren jarrera, greba eskubidea "behin eta berriro" urratu duelako. "Lezaman egiten ez zen lana Zaratamotik hasi ziren egiten; kanpoko langileak kontratatu zituzten; barrukoek grebalarien lana egin zuten, hau da, produkzioari eutsi zion. Sindikatuak hasiera-hasieratik salatu du hori epaitegietan eta horiek gure alde agertu dira". Era berean, Novaltiak ez du inoiz negoziatzeko asmorik izan. "Negoziazioa oso konplikatua izan da. Enpresak urte bi eman ditu bilerarik egin gabe. Iaz, aldiz, jarrera erabat aldatu zen eta mahai berean eseri ginen. Bere jarrera ulergarria da: greba urrun izan dute, merkaturik handiena Aragoin dutelako, ez hemen".
Langileen beste kexa bat Bizkaiko lan-ikuskaritzak egindako lan "negargarria" izan da. "Guk dakigula, ikuskaria ez da inoiz Lezamako egoitzara azterketa egitera joan. Bilboko bulegoan egon dira, deitu diote zuzendaritzari, baina ez dute inolako gogorik izan, lan txukuna egiteko. Ikuskarien txostenak eskasak izan dira eta berandu heldu dira. Sentsibilitaterik eza sentitu dute grebalariek, euren salaketak lan-ikuskaritzan deserosoak izango balira moduan. Ikuskaria aldatzea eskatu genuen, eta ikuskari berriak ere lan kaskarra egin zuen, lehenengoak baino okerragoa. Baina hori ez da gurean bakarrik gertatu; tamalez, hori Bizkaiko greba askotan gertatu da".
200 farmazia, Bizkaian
Novaltia 2013an sortu zen, Vascofar eta Aragofar enpresek bat egin zutenean. Farmazien kooperatiba da eta farmaziaz farmazia botikak eramaten ditu. Gaur egun, Estatuko sektoreko enpresa nagusietako bat da eta sei egoitza ditu: Zaratamo, Zaragoza, Calatayud, Gasteiz (2) eta Lezama. 2019ko uztailaren 22an, Lezamako 45 langileetako 20k grebara deitu zuten. Greba batez ere ekoizpen sailean izan zuen eragina, bertako 24 langileetatik 18k grebarekin bat egin zutelako. Grebalariek hauek eskatzen zituzten: hitzarmen propioa izatea, azpikontratazioa mugatzea eta behin-behineko langileen lan-baldintzak hobetzea.
Bizkaian, 200 farmaziak osatzen dute Novaltia, baina Aragoin, askoz gehiago. "Salbuespenak salbuespen", langileek enpatia falta leporatu diete farmaziei. "Behin baino gehiagotan saiatu gara farmaziako jabeekin bileraren bat egiten, baina alferrik izan da. Farmazia horiek ikusi dute produktuak normaltasunez heldu direla Zaragozatik eta ez dute inplikatu nahi izan, paso egin dute. Tamalgarria izan da euren jarrera", esan du Mikel Etxeberria ELA sindikatuaren ordezkariak.