Udala, Aldundia eta basogintzako enpresa bat salatu ditu Lezama Bizirikek, herriko baso publikoan “egindako sarraskiagatik”

a: Lezama Bizirik 2023ko mai. 9a, 11:23

Lezamako Bizirik Elkarteak jakinarazi duenez, Bizkaiko Foru Aldundia, Lezamako Udala eta basogintzako enpresa bat salatu ditu Bilboko Goardiako Epaitegian, “guardetxe inguruko baso publikoan egindako sarraskiagatik”. Elkartearen esanetan, hango pinuak eta eukaliptoak mozteko lanetan “ez dira bete orri teknikoko baldintzak, eta ez dira beste espezie batzuk errespetatu”. “Aprobetxamendua bukatuta, basamortua baino ez dago; lehen, 60 urteko baso aberatsa zegoen mendi publiko horretan”

Duela hilabete batzuk, baso horretako pinuak saldu eta mozteko asmoa adierazi zuen Lezamako Udalak, “bizitza-zikloa agortu zitzaielako”. Lezama Bizirik elkartea, bestalde, hasieratik kezkatuta azaldu zen, “lekuan euren kabuz aurrera egin zuten beste espezie batzuk zeudelako, hala nola haritzak, gaztainondoak eta urkiak, eta basoak ingurumen-eginkizun giltzarriak dituelako”. Horri lotuta, ohartarazi zuten, “aprobetxamenduaren aitzakian txikizioa gertatzeko arriskua zegoela”.

Elkartearen hitzetan, Lezamako Udalera eta Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailera jo zuten, arraseko mozketa, pisu handiko makineria eta beste jardunbide batzuk erabiltzearen ondorioez ohartarazteko eta mozketari lotutako proposamenak egiteko, “baina ez genuen erantzunik jaso”. Era berean, egitasmoaren ingeniari arduradunarekin bildu ziren, “eta esan zigun legea betetzeko neurriak hartuko zirela, are gehiago onura publikoko mendia dela kontuan hartuta. Ez dakigu neurri horiek zeintzuk izan ziren, emaitzak, ordea, bai”. Basozain arduradunarekin ere hitz egin zuten. “Esan zigun enpresak bazekiela zer egin ahal zuen eta zer ez, baina kalteak saihetsezinak zirela”.  

Lezama Bizirikek azaldu moduan, “mozketa-lanak hasita eta ohiko metodoak erabiltzen zirela ikusita, Lezamako Udalari zein Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailari eskatu genien lanak geldiarazteko, harik eta lurrarekiko, landaretzarekiko eta bertoko zuhaitzekiko begirunetsuagoa zen beste metodo bat topatu arte. Halaber, enpresak onartutako orri teknikoko foru-araua betetzeko eskatu genuen, eta bete ezean, kontratua bertan behera uzteko. Ez genuen erantzunik jaso, eta mozketa-lanek aurrera jarraitu zuten”.

Ondorioak

Elkartearen esanetan, “basogintza-enpresak zein Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak ez dituzte baldintza-orriko hiru puntu bete”. Lehena aprobetxamendutik kanpo dauden zuhaitzei kalterik ez egiteari lotuta dago; bigarrena, arraste-egiteko moduari; eta hirugarrena, kalterik aurreikusiz gero, pisu handiko makineria erabiltzea debekatzeari. Elkarteak basoari eragindako kalteak aipatu ditu banan-banan. “Tamaina handiko pinuak pisu handiko makineria erabilita arrastatzeak errotik ateratzen ditu lurra higaduratik babesten duten landaretza eta bertoko zuhaitzak. Halaber, pisu handiko makineriaren gurpilek lurrean sakontzen dute, landaretza errotik ateraz, eta moztutako pinuak bertoko zuhaitzen gainean erortzen dira eta lurrera botatzen dituzte, edo euren adarrak apurtu”.

Horrezaz gainera, azaldu dute arraseko mozketak eragina duela adin bereko pinu guztietan, eta ondorioz, hektarea asko “biluzik” gelditzen direla. “Arraseko mozketak landaretzan, zuhaitzetan eta animalien habitatean duen eragina defendaezina da. Bestela, egurra aprobetxatzeko, teknika ez egokiak erabiltzeak bizkortzen ditu lurraren higadura eta desertifikazioa. Mendizaleek-eta erabili ohi dituzten bideak ere desagertzen dira”.

Elkarteak gogora ekarri ditu onura publikoko mendiak arautzen dituen foru-araua, eta horretan jasotako baso-politikaren printzipio gidariak. Horien arabera, baso-jarduketek bat etorri behar dute basoko ondarearen interes ekologiko eta sozialen eta interes ekonomikoen arteko koordinazio-printzipioarekin, ingurumenarekiko adeitsua den baso-kudeaketaren bidez. Hori bete ezin bada, basoak babestea eta kontserbatzea lehenetsiko dira. “Bizkaiko Foru Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak du ingurumenaren aurkako jarduketak kontrolatzeko ardura, eta aurkeztutako salaketei erantzunik eman ez diela ikusita, Justizia Administrazioak eskatu diogu Lezamako Udalaren kontrako neurriak hartzeko, mendien jabea delako; emakida jaso zuen zur-enpresaren kontra; eta Aldundiko Jasangarritasun eta Ingurune Naturala Sailaren kontra”.  

Beste aldetik, Lezamako Udalak adierazi du ez duela salaketa berririk izan, eta hura jasotzen duenean, aztertu, eta adierazpenak egingo dituela.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).