Musaren errege-parea

Aikor aldizkaria 2023ko mai. 10a, 13:38

Musa oso joko euskalduna da. Eta Lezaman maisu bi ditugu: Igor Serrano eta Igor Amarika. Lagunak dira eta betidanik jokatu dute elkarrekin. Gaur egun gaztetan baino gutxiago aritzen dira musean, baina azken hamar urteotan ez dute Euskal Herriko Txapelketa inoiz galdu. Aurten, gainera, finala jokatu dute. Haiek dira gure errege-parea. 

Igor Amarika lasaiagoa da eta Igor Serrano, berritsuagoa eta ausartagoa. “Berak partidak galtzen ditu; baita irabazi ere”, dio Amarikak. “Normalean ondo ateratzen da, baina batzuetan ez (kar-kar). Bizkaiko txapelketan, esate baterako, txarto atera zen: ni azkena izan­da, hordagoa bota ziguten jokoan, nik 31koa nuela. Bikotekideak ez zuen onartu nahi, baina azkenean onartu eta galdu egin genuen. Nik uste dut karta onak badituzu, hordagoak onartu behar direla, hau da, aukerak ez dira alferrik galdu behar; bestela, geroago, damutu egiten zara”, esan du Serranok.  

Dena dela, ondo moldatzen dira el­karrekin. Gaztetan futbolean ere jokatu zuten elkarrekin, Uritarra Larrabetzuko taldean. Eta musean ibilbide luzea eta opa­roa dute, herriko txapelketa guztiak irabazi dituztelako. "Batzokikoa aitak bi­rri­tan irabazi zuen eta guk, hurrengo ur­tean. Finala aitari irabazi genion eta 5 eta 0 irabazten ibiltzen ginela, aitak jo­ko bat irabazten uztea eskatu zidan, baina nik esan nion ezetz; bestela, gal­tzeko arriskua genuelako (kar-kar). Ira­bazi genuen eta aitak zorionak eman zizkidan. Musean, lagunik eta seniderik ez!", adierazi du Serranok barrezka. 

Gazteak zirela, sarritan jokatzen zu­ten musean. "Zapaturo 16:00etan gel­ditzen ginen eta arratsalde osoa ema­ten genuen jokatzen. Lehen txa­pel­keta gehiago zegoen herrian, jaie­tan (Goitioltza, Kurtze...) eta zenbait taber­natan lehiak antolatzen zirelako. Taberna asko itxi egin dira eta berrietan ez dira egiten. Muserako zaletasunak ere behera egin du eta gazteek ez dute gure garaian beste jokatzen. Gaur egun, Enaitz taber­nan baino ez da egiten Lezaman", esan du Amarikak.    

 

Euskal Herriko txapelketa

Eta bertan, hain zuzen ere, jokatzen da Euskal Herriko Txapelketaren lehenengo fasea, Ekaitz Legarreta antolatzailearen eskutik. "Lehen saio batzuk egiten ziren, baina gaur egun, Lezaman, egun bateko ligaxka jokatzen dugu. Guztira, 10-12 bi­kotek hartu genuen parte bertan eta fi­nalista biok Bizkaiko Txapelketarako sailkapena lortu genuen. Hori Bilbon jokatu zen eta lehenengo hamar bi­ko­teok Euskal Herriko Txapelketaren fina­lera joateko aukera izan genuen". Azken hamar urteotan, Igor biak aritu dira ber­tan, baina bakarrik aurten heldu dira finalera. 

"Finala Zornotzako frontoian, mar­txoa­ren 25ean, jokatu zen. Bikoteak mul­tzoka banatu ziren eta guk arabarren, gi­putzen eta nafarren kontra jokatu ge­nuen. Bakarrik partida bat irabazi ge­nuen. Dena dela, giro polita dago", ai­patu du Amarikak. "Bai, jai-eguna da, txapelketa aitzakia baino ez da la­gunekin batzeko, elkarrekin egoteko eta, noski, musean jokatzeko. Gainera, Eus­kal Herria aldarrikatzeko ere balio du, mus txapelketa euskal herrialde guztien artean jokatzen den bakarra baita", erantsi du Serranok. 

Euskal Herriko txapelketaren musa desberdina da, zortzi erregerekin jokatu beharrean, lau erregerekin jokatzen delako. “Batzuetan, erratzen zara, hirua erregetzat edo bia batekotzat jotzen duzulako. Beste era batean jokatu be­har da, egokitu behar zara. Apustuak zu­hurragoak izan behar dira, harriak be­rreskuratzea askoz zailagoa delako. Jokoak ere laburragoak dira, 30 harri lortu behar direlako, ez 40. Nik animatuko nuke jendea lau erregerekin probatzera: hasieran, ematen du aspergarria dela, baina polita da eta egokitzapena ez da gogorra".

Lezamarrek ez dituzte inoiz era be­rezi batean txapelketak prestatzen. Se­kreturik ez dago, bakarrik "karta onak" eskuetan izatea. "Eta gomendagarria da bikotekidea ondo ezagutzea, euren kar­tak zeintzuk diren jakitea, horiek ere erabiltzeko. Horretarako, keinuak egin dai­tezke, baina arriskutsua da jendea adi-adi dabilelako eta keinua harrapatzen ba­dute, abantaila alferrik galtzen delako". Beste gomendio bat eman dute, "inorekin ez fidatzea". "Aurten, andre nagusi biren kon­tra jokatu genuen, bien artean, 150 ur­te zituzten, eta izugarrizko jipoia eman zi­guten". Euskal Herriko txapela falta zaie, bai­na errege-parea dira Igor Serrano eta Amarika. 

 

Izatezko bikotea

Igor Serrano Lezamako harakinaren semea da. Berrogeita hamar urte ditu, eta "horietako 40an" musean jokatzen ibili da. Anaia txikiak erakutsi zion jokatzen eskolako errekreoan. Amarika Zamudion jaio zen, baina 12 urte zituela Lezamara joan zen bizitera. Igor biak lagunak dira betidanik eta elkarrekin hasi ziren musean jokatzen eta lehiaketetan parte hartzen. "Gazteak ginela, bikotekide bat behar zuen txapelketa baterako, deitu egin zidan eta handik aurrera be­ti elkarrekin jokatu dugu", esan du Ama­rikak. 

Andrearekin baino denbora luzea­go daramate elkarrekin, beraz. Izatezko mus-bikotea dira. Eta normalean, ho­rre­lakoetan ez dago ez dibortziorik, ez desleialtasunik. Tira, normalean. "2018an Bizkaiko txapelduna izan nin­tzen beste bikotekide batekin. La­gun batek deitu egin zidan ordezko ibil­tzeko eta azkenean jokatzea egokitu zi­tzaidan. Azkenean irabazi egin genuen saioa”, adierazi du Serranok.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).