Zeintzuk dira zure herriak dituen beharrizanak?
Bost dira Loiuko udal-ekintzak oinarritzat hartu behar dituen zutabe nagusiak: garraio publikoa ikuspegi berritzaile batetik aztertzea; balizko haurreskola baten beharrizana aztertzea; kultur esparruan azpiegitura berri bat eratzeko proiektua analizatzea; Hiri-Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) garatzea, gazteentzako etxebizitza eskuragarrien alde egiteko, eta udalerrian enplegua sortzen duten ekimenetara laguntza bideratzea.
Ildo nagusi horien haritik, herrian, zein proiektu egiteko asmoa duzue?
Loiuko etorkizunerako egitasmo berri eta berritzaileak gauzatzeko ilusioa daukagu. Horrela, kulturari dagokionez, azpiegitura berri baten beharrizana antzeman dugu. Gaur egungo premiei erantzuteko proiektua izan behar du Loiuk. Era berean, udal lokalak birbanatzeko eta berrantolatzeko beharrizana sumatzen dugu. Izan ere, gero eta kultur eta kirol elkarte gehiagok eskatzen digute laguntza logistikoa. Honetaz gain, esan bezala, haurreskola jarri nahi dugu martxan eta zerbitzu honen egiazko beharra aztertu beharko dugu eta kokapen egokia bilatu.
Kultura bultzatzea zuen xedeetako bat dela argi geratu da.
Noski, orain arte egin dugun moduan. Loiuko txiki, gazte eta helduen beharrizanei erantzuteko prest gaude eta kultura tresnatzat erabili nahi dugu gero eta herri aktiboagoa izateko. Kalitatezko kultur ekintzak eta azpiegitura hobeagoak herritarrei eskaintzen badizkiegu, gure herrian bertan goxatzea bideratuko dugu. Herria kulturaren bitartez piztu nahi dugu herritarren arteko erlazioak ere areagotzeko.
Nolako lantaldea izango da zurea? Zer esan ahal diguzu hori osatuko duten kideei buruz?
EAJ-PNV-k Loiun aurkezten duen taldean badugu esperientzia eta gaztetasuna. Badaude gaur egun zinegotziak direnak eta bigarren legealdia errepikatzen dutenak, eta sartuko diren pertsona berriak, ilusioz eta ideia berriez ikasten joango direnak. Oso harro nago laguntzen didan taldeaz. Honetaz gain, azken urteotan eginikoak duen garrantzia azpimarratu nahi dut. Talde berri hau osatzen dugunok Loiuko herritar guztien aldeko jardunean segituko dugu, herri hau bizitzeko toki atsegina izateaz gain, etengabe aurrera egiten duen udalerria ere izan dadin.
Karguaz jabetu, eta zer da egingo duzun lehenengo gauza?
Alkatetzara heltzen banaiz, egingo dudan lehendabiziko gauza izango da Behargintzakoekin batzartu, Loiuko eta Txorierriko langabeziaren egoera ondo aztertzeko. Ostean, egoera horri aurre egiteko neurri ezberdinak hartuko nituzke.
Hurbiletik
Josu Andoni Begoña Loiun jaio zen 1976an eta Magisteritza eta Zuzenbide ikasketak ditu; gaur egun Urdaneta Ikastetxean irakaslea da. Politikarekin “betidanik” harremana duela baieztatu du. “Gaztea izanik, aktiboki politikagintzan parte hartu nuen, Euzko Gaztediko Aberri Kontseiluko kide izanik”. Gaur egun, Udaleko alkate ordea da eta bi legegintzaldi bete ditu Loiuko zinegotzi gisa (Ekonomia eta Ogasun arloan eta Kultura eta Kirol sailean). Hautagai izatea “ilusioz beteta” hartzen du. “Konpromiso irmoa daukat eta kalean lan egiten segitzeko gogotsu nago, herritarren eta elkarteen ondoan”.