Zinegotzia izan zara Loiuko Udalean azken lau urteotan. Nola baloratzen duzu egindako lana?
Gure balorazioa oso ona da. Akordioak egiteko dugun gaitasunari esker, gauza handiak lortu ditugu arlo sozialean. Adibidez, geuk lortu dugu lorezaintzarako azpikontratatutako langileek lan-baldintza hobeak izatea, eta, bizikidetzari dagokionez, Udalak aitortu du Loiuko familia batek, erakundeen aldetik inolako babesik jaso gabe, luzaro jasan duen sufrimendua. Bestalde, dinamizaziorako hainbat proposamenetan hartu dugu parte, eta ikasi dugu zein garrantzitsua den erakundeen lana. Baina batez ere loiutarren gertutasuna balioesten dut: guregana etorri dira laguntza eske, edo haiek lagundu digute guri proposamenak aurrera ateratzen.
Nola egingo diozu aurre datorren legealdiari?
Ilusio handiz. Gogotsu, ekarpenak egiteko, hobetzen jarraitzeko eta Loiu maite duen edozeinen kezkak eta proposamenak entzuteko. Nire denbora librearen zati bat nahi dudan Loiu lortzeari eskaintzen jarraituko dut, guztiok merezi dugun Loiu izan dezagun. Lan eginez, bat eginda eta ilusioz lortu daiteke.
Zeintzuk izango dira Loiuko EH Bilduren lan-ardatzak datozen lau urteotarako?
Hiru lan-ardatz nagusi ditugu: arlo soziala, enplegua eta ahalik eta zerbitzurik onenak lortzea. Horri lotuta, kezka sozialak jaso ditugu gure proposamenetan; esaterako, gizarte-alokairuko etxebizitzak, gure gazteek herritik alde egin behar ez izateko. Premiak dituzten pertsona, emakume eta gazteentzako lana sortzeko plana ere proposatu dugu, eta hori udalak berak kudeatuko du. Jakin badakigu udal altxortegia sasoian dagoela, eta, horregatik, gastu-gaitasunak oparoa eta zentzuzkoa izan behar du, lehentasunak garbi izanda: beharra duenari laguntzea eta herria denontzat hobetzea, bereizketarik gabe.
Nolako taldea osatu duzue zuen erronkari aurre egiteko?
Gure taldea pertsona konprometitu, prestatu eta bihoztunok osatzen dugu. Prest gaude asko emateko, musu-truk. Ez dugu ezer guretzat nahi, izan ere, gure ustez, politika ez da etorkizunean lanpostu on bat lortzeko plataforma. Talde umila gara, loiutarrez edo sustraiak Loiun dituzten pertsonaz osatua, eta gure xede bakarra gure herria hobetzea da. Hainbat adinetako lagunak gara, askotariko prestakuntza dugu eta Loiurekin ditugun loturak ere desberdinak dira. Unibertsitateko ikasleak gara, enpresariak, erretiratuak, funtzionarioak, landunak, baserritarrak… Desberdinak gara eta horrek aberastu egiten gaitu, egoera beraren aurrean gure ikuspegiak ezberdinak direlako. Badakigu elkar ulertzen, eta elkarlanean aritzen, guztion onura lortzeko. Enpatiak batzen gaitu; horixe da gure bereizgarria.