Azaldu duten moduan, aireportuaren zuzendaritzak batez ere lan-ildo biri jarraitu die: alde batetik, 2013an bat egin zuen ASQ programarekin, zerbitzuaren kalitatea neurtu eta tamaina antzekoa duten munduko beste aireportuenarekin alderatzeko; eta bestetik, 2014an kalitate-plan bat sustatu zuen, bidaiariei aireportuaren esperientzia errazteko. Azken lan-ildo horri lotuta, besteak beste, VIP areto berri bat atondu da, bidaiarientzako segurtasun-kontrolgunea batu eta handitu egin da, megafonia eta seinaleak hobetu egin dira, komunak berritu dira eta aparkaleku espres bat ipini da.
Bestalde, saria emateko orduan, Loiuko aireportuak marketin arloan egin duen lana ere hartu da kontuan. Lan horri esker, “airelinea berri asko erakarri dira eta 2018an errekor historikoa lortu zen: 5.469.453 bidaiari”. Era berean, ingurumenarekiko konpromisoa ere azpimarratu du Aireportuen Nazioarteko Kontseiluak. “Esaterako, argiak ordezkatu dira energia-kontsumoa txikiagotzeko eta herritarrentzako ekintzak antolatzen dira, hala nola eskoletako ikasleei zuzendutako bisitak eta ateak zabaltzeko egunak argazkilarientzat”.
Azkenik, zuzendaritzak jakanarazitakoaren arabera, datozen urteotan bloke tekniko berri bat eraikiko da aireportuan, eta bertan Aenako langileak eta handling enpresetako langile batzuk izango dira. Horrela, aireportuko terminalean geldituko den leku librea hegazkineratzeko ate gehiago egiteko erabiliko da.