Enpresen artean hauek dira: Industrias Turbopopulsores (ITP), Aceros Inoxidables Olarra, Sidenor eta Arteche. Sindikatuak “ziur” daude enpresa handi horiek ez dutela hitzarmen duinik sinatu nahi. “Haiek hitzarmena blokeatzen badute, langileok enpresak blokeatuko ditugu. Ozenki esan nahi dugu borrokatzen jarraituko dugula, Bizkaian Metalgintzaren hitzarmen duina lortzeko”, esan dute langileek.
Langileak “haserre-haserre” daude eta “gezurrak esateari uztea” eskatu diote Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioari (FVEM). “Enpresek arazoa konpontzeko aukera alferrik galdu dute berriro, izan ere, azken bileran, lehengo astean, soldatak bakarrik apur bat igotzea eskaini zutelako. Eurek leporatzen digute negoziatzeko asmorik ez izatea, gure jarrerei tinko eusten diegulako. Gezurra da. 2018ko otsailean, sindikatu bakoitza bere kabuz negoziatzen hasi zen, baina, FVEMek hala eskatuta, 2019ko maiatzean guztiok egin genuen bat, arazoari konponbide bateratua emateko”.
Sindikatuek enpresek esaten duten beste gezur bat salatu dute. “FVEMek adierazi du negoziazioa 2019an maiatzean hasi zela, baina lehenengo proposamena 2018ko apirilean aurkeztu zigun. Harrezkero, FVEMek aurreko hitzarmenek bermatzen zituzten eskubideei uko egitea eskatu digu. Gure ustez, horrek negoziatzeko asmorik eza uzten du agerian. Bestela, zergatik kendu nahi diete behin-behineko lanerako ezintasunaren osagarria gaixorik dauden langileei edo istripua izan duten langileei?”.
Salatu duten moduan, , enpresek prekarietatea bultzatzen dute, eta, dirutza irabazten duten bitartean, ez dizkiete langileei baldintza duinak eskaintzen. Datu batzuk eman dituzte horren adierazle: “Olarrak 19 milioi euroko etekina izan zuen iaz, eta gehiena dibidendutan banatu zen; ITPk 61 milioi euro irabazi zituen 2018an, eta 23 milioi banatu ziren dibidendutan; Sidenorrek 88 milioi euro, 2017an eta 2018an, eta 70 milioi banatu zituen dibidendutan. Era berean, azken enpresa horrek ia 400 langile azpikontratatu ditu, eta ITP, Olarra eta Arteche enpresetan behin-behinekotasuna % 10 baino handiagoa da”.
ldo honi jarraituz, galdera egin diete metalgintzaren gainerako enpresen jabeei. “Ados zaudete enpresa handien jokabidearekin? Onartzeko prest zaudete? Iritzia emateko ordua heldu da: aukeratu behar duzue, FVEM ala langileak”. Politikariei ere eskatu dizkiete konponbideak, Bizkaiko metalgintzan 50.000 lagunek egiten dutelako lan.
Bihar, sindikatuek beste ekintza bat egingo dute BECen, Barakaldon, 10:00etan, eta hara joateko deialdia egin diote Bizkaiko gizarteari.