Koronabirusa

“Erakundeak historia handia dugun enpresekin ere gogoratzea gustatuko litzaidake”

Aikor aldizkaria 2020ko api. 24a, 13:12

Nerea Elexpuru Abio, Aurregoiti jatetxea

Tabernek eta jatetxeek moldatu beharko dute COVID19ak ekarritako normaltasun berrira, eta lekua atondu, segurtasun- eta higiene-neurriak betetzeko. Garai latzak datoz, eta Nerea Elexpuruk bere egoeraren eta iritziaren berri eman digu. Elexpuru Lauroetako Aurregoiti jatetxearen kudeatzailea da (Loiu), zeina tradizio handiko jatetxeetako bat baita Txorierrin.

Zein da Aurregoitiren historia?

Familiako jatetxea da. Etxea 1954an egin zen, aita-amaginarrebak hemen bizi zitezen. Esne-banatzaileak ziren, baina, txerriak zituztenez eta inguruetan ehiztariak ibiltzen zirenez, amaginarrebari otu zitzaion negozio txiki bat ipintzea. Taberna 1955ean-edo jarri zuen martxan eta hauengatik egin zen ospetsu: arrautzak txorizoarekin, indaba-janak eta txerribodak. Handik hona, “Mirenen taberna” moduan da ezaguna. Nire senarrak, Josu Aurrekoetxea Goitiak, 1987an utzi zuen futbola eta tabernaren ardura hartu zuen. Garai hartan Gatikarako errepidea egin zen, eta egunero 100 bazkari ematen ziren, baita enkarguzko afariak ere. Senarrak beste modu batean lan egiteko beharra ikusi zuen, eta langileak kontratatzea erabaki zuen. Ni 1989an agertu nintzen hemendik, zerbitzari kontratatu ninduten, eta gaur egun jatetxearen jabea naiz, senarrak orain dela urte bi erretiroa hartu du eta. Autonomoa naiz, baina baltzu mugatua sortu dut semeetako batekin eta sozietatearen kidea naiz.

Zein egoeratan egon da jatetxea itxi baino lehen?

Eguneko menuak ematen ditugu eta asteburuetan karta dugu. Indabak eta txuletoia jatera ere etortzen da jendea. Gainerakoengan bezala, krisiek guregan ere izan dute eragina, baina jatetxeak ondo funtzionatu du orokorrean eta gaur egun lau langile ditugu; ERTE batera bidali behar izan ditugu, tamalez.

“Lau langileak ERTE batera bidali behar izan ditugu”

Laguntzarik eskatu duzu?

Sozietatearen kidea naizenez, ezin dut autonomoentzako 3.000 euroko laguntza eskatu, baina langabezia-prestazioa kobratzen hasi naiz; langileak, berriz, maiatzaren 2ra arte ez dira prestazioa jasotzen hasiko. Elkargi dirulaguntzak kudeatzen dabil argindarra, ura… ordaintzen laguntzeko; hala ere, nik diru-koltxoi txiki bat dut eta oraindik ez dut dirulaguntzarik eskatu… Egia esan, aukera hori aztertu dut, baina epe txikira edo ertainera zer gertatuko den ez dakigunez, beti esaten diot nire buruari apur bat gehiago aguantatzeko…  Gainera, dirulaguntzak eskatzeko, paper asko eta asko bete behar dira eta aholkulariari eskatu beharko diot laguntza: beraz, beste gastu bat izango dut… Era berean, nahiz eta lehenengo urtean kuotarik ez ordaindu, gero maileguaren amortizazio-kuotak ordaintzen hasi beharko da, eta jatetxea berritzeko eskatu nuen mailegu pare bat ordaintzen nabil oraindik… Hil-amaierara ailegatzea kostatzen zaigu orain; eta gero, orduan? Ahaleginak egiten nabil laguntza horiek ez eskatzeko…  Nire ustez, gero ere egongo da aukera.  

“Epe txikira edo ertainera zer gertatuko den ez dakigunez, beti esaten diot nire buruari apur bat gehiago aguantatzeko”

Nola ikusten duzu itzulera?

Ostalariok azkenak izango gara irekitzen, ziur asko. Eta ikusi beharko dugu nola gorde beharko den bezeroen arteko distantzia. Guk nahiko lekua dugu eta zenbait esparru atonduta otordu dezente eman ahalko dugu. Baina merezi izango du? Halaber, suposatzen dut ospakizun batean parte hartu ahal duten lagun-kopurua murriztuko dela, eta ez daukat argi zer geratuko den… Etxera eramateko janaria prestatzeko aukera ere aztertzen gabiltza… Etxera eramateko txuletoia? Indabak? Ez dakit nik horrek arrakastarik izango duen. Gainera, gu ez gaude Bilbon edo herrigunean eta beste langile bat hartu beharko dugu janaria etxeetara eramateko… Bestalde, hemengo berriei ez ezik nazioartekoei ere jarraitzen diet, eta herriaren arabera neurri batzuk edo besteak hartzen direla ikusten nabil: herri batzuetan dena laster zabalduko da; beste batzuetan, berriz, urtebeteko epea eman dute dena berriro martxan ipini arte…  Ez dakit, bakoitzak babak atera beharko ditu eltzetik.  

“Ostalariok azkenak izango gara irekitzen, ziur asko. Eta ikusi beharko dugu nola gorde beharko den bezeroen arteko distantzia”

Uste dut sektoreko enpresa batzuek ekimenak ipini dituztela martxan.

Gure hornitzaile batek, esaterako, plataforma bat sortu du bertan gure eskaintzak sal ditzagun: bederatzi eguneko menu erosi, eta 10 eskuratu, adibidea ipintzearren. Diru-sarrerak bermatzen lagungarria da, baina ez da doakoa, plataformak % 10 irabazten baitu. Beste alde batetik, Mahou enpresak hasita dagoen garagardo-barril bakoitzeko beste barril bat garagardo emango digu ohiko bezerooi, eta aste batean eskatzen ditugun garagardoa eta ur-botilak oparituko dizkigu. Ondo portatzen ari dira. Aurreko egunean Movistarrera deitu nuen, haiekin futbol-zerbitzu bat kontratatuta dugu eta, eta galdetu nien ea martxoan, apirilean, maiatzean… kuota osoa kobratuko ziguten. Erantzun zidaten ezetz, deitzen zuten bezeroei % 80ko deskontua egingo zietela. Hortaz, deitzen ez bada, ez dago deskonturik? Izugarria da.

Nolako laguntzak sustatu beharko lituzkete erakunde publikoek?

Sasoi batzuetan dirulaguntzak eman dira zero kostuan. Zabaltzen dudanean, lau langileak berriro kontratatu beharko ditut, eta horrek ekarriko dituen gastuei aurre egin. Gustatuko litzaidake lanean urteak eta urteak daramatzagun eta historia handia dugun enpresekin ere gogoratzea, izan ere, sustatzen diren laguntza guztiak enpresa berrientzat dira, ekintzaileentzat. Guk zenbait krisiri aurre egin diegu eta uste dut era batean edo bestean lagundu ahal digutela, adibidez, Gizarte Segurantzaren kotizazioekin.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).