Euskal gehiengo sindikalak elkarretaratzera deitu du biharko, Sisteinge enpresako langilearen heriotza salatzeko

a: laopinioncoruna.es 2020ko ira. 29a, 15:10

Loiuko Sisteinge enpresako 34 urteko langile bat hil zen asteburuan; CCOOko delegatua zen. Barikuan, gaztea Kantabriako Derivados del Fluor enpresan lan egiten zebilela, azido fluorhidriko-ihesa egon zen eta langilea erre zuen. Gaztea erredurak zirela-eta hil zen ospitalean. Derivados del Fluor enpresak Sisteinge enpresa azpikontratatuta zuen. Euskal gehiengo sindikalak elkarretaratzera deitu du biharko, irailak 30, 12:00etan, Sondikako Berreteaga industriguneko sarreran.

Bestalde, ELA eta LAB sindikatuek langilearen heriotza salatu dute eta babesa adierazi diete hildakoaren senideei eta langileei. ELAK lan-istripuaren arrazoiak argitzeko eskatu du eta adierazi du aurten gutxienez 45 pertsona hil direla lan-istripuan. “Eta horiei COVID-19 pandemiaren ondorioz hildako langileak gehitu behar zaizkie. Laneko istripuei buruzko estatistikak beti dira onartezinak, baina aurten are onartezinagoak dira: urteko hirugarren hiruhilekoan gaude oraindik eta iazko istripu-tasara iritsi gara. Zifra beldurgarriak dira, koronabirusaren ondorioz lan-jardueran izan dugun geldialdia kontuan hartuta”.

Sindikatuaren ustez, baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak dituzten gobernuen eta erakundeen inplikazioa inoiz baino beharrezkoagoa da, enpresen arriskuen prebentzioari buruzko araudia betearazteko. Istripuak lan-prekarietatea areagotzen duten egiturazko arrazoi ezagunengatik gertatzen dira, kasu zehatz honetan azpikontratazioagatik. Prebentziorik ez badago, langileek hiltzen eta gaixotzen jarraituko dute, enpresa-onura handiagoen kontura”. ELAK hau eskatu du: bizitza lanaren aurretik eta osasuna produkzioaren aurretik jartzea, eta istripuak saihesteko beharrezkoak diren prebentzio-neurri guztiak hartzea.

LAB sindikatuak jakinarazi duenez, berriz, urte hasieratik Euskal Herrian gutxienez 49 langile hil dira, eta gogora ekarri du Zaldibarreko zabortegian Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen duela. “Salatu behar dugu heriotza guztiek faktore komun bat dutela: prekarietatea. Lan-istripuak ez dira kasualitate kontua; enplegu- eta lan-baldintza kaxkarren, azpikontratazioaren, behin-behinekotasunaren eta benetako prebentziorik ezaren ondorio zuzena dira”. Sindikatuaren iritziz, lan-istripuek entzule zuzenak dituzte. “Alde batetik, patronala, irabazi ekonomikoak langileen segurtasunaren eta bizitzaren gainetik lehenesten dituena”. Eta bestetik, administrazio publikoa. “Administrazio  publikoen  jarrera  salatu  nahi  dugu,  dagoeneko  pasa  den urtean baino langile gehiago hil delako lanean. Izan ere, 2019. urtean 46 izan ziren, eta aurten,  iraila  bukatu  gabe, 49  dira  hildakoak  eta  bat  desagertutakoa.  Administrazioek ez  dute gaia  agenda  politikoan  sartzen,  sarraski  honen  aurrean beste  alde batera begiratzen  dutelako.  Egoera  honen  konplize  bilakatu  dira. Lan-osasunari  buruz  hitz egiten dute, baina bultzatzen dituzten politikek prekarietatea bultzatzen dute. Pauso bat aurrera  emateko  ordua  da,  arduradunak  seinalatzea  eta ordain  dezatela  exijitzen dugu”.

Sindikatuak argi du, laneko biolentzia deuseztatzeko, bizi eta lan duinak behar direla. “Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenesten dituena”.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).