Loiuko lantegia berritzeko eta handitzeko proiektua aurrera eramatea ez da erraza izango. Izan ere, inguruan ez dago leku handirik: batetik, aireportua dute alboan; eta bestetik, Bilboren eta Lezamaren arteko trenbidea; eta azkenik, beste industriagune batzuk. Deiak jakinarazi duen moduan, Loiuko Udala enpresari laguntzeko prest agertu da, baina horretarako baldintza bi jarri ditu: udal teknikariek berrikuntzak ontzat ematea eta Larrondoko bizilagunentzat mesedegarria izatea.
Olarra 1955ean jaio zen; 1979an, Estatua hasi zen enpresa kudeatzen, baina urte batzuk beranduago berriro pribatizatu egin zen. 80. hamarkadan, 2.000 langile aritzen ziren Olarran, baina gaur egun Loiun 500 lagun baino ez daude. 1996an, Rodacciai talde italiarrak erosi zuen enpresa. Olarrak goi-mailako altzairuak egiten ditu.