Marisol Couceiro, Loiu Gurenako zuzendaria da; Amaia Ayarzagüena, erizainen burua; eta Eunate Luzuriaga, psikologoa. Hirurek osatzen dute lan egiteko modu berriaren talde eragilea. Couceirok azaldu digunez, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako bizikidetza-unitateei buruzko heziketa-saio batzuetan hartu zuten parte, eta hasieran apur bat eszeptikoak baziren ere, azkenean ohartu ziren eredua ezarri ahal zela zahar-egoitzan, eta hainbat gauza aldatu. “Jakin badakigu norberaren etxeak ez duela parekorik, baina gu beti saiatu gara egoiliarrak etxean bezala sentitu daitezela. Bizikidetza-unitateei esker, etxeko giro hori askoz nabariagoa da eta egoiliarrak aktiboago egotea ekarri du”.
Lehenengo bizikidetza-unitatean 25 pertsona daude; bigarrenean, 18; eta hirugarrenean, 23. “Dekretuan jasota dagoenez, lagun-kopurua tokiaren ezaugarrien araberakoa da; hala ere, unitate batean ezin dira 25 pertsona baino gehiago egon. Era berean, logelak unitatearen barruan egon behar dira eta haietako % 75 banakoak izan behar dira. Egongela ere egon behar da, eta egongelaren barruan, sukalde egokitua. Aparteko unitateak dira; hau da, unitate batera joateko ez da beste unitate batetik pasatu behar”.
Kanpotik ikusita, pentsatu liteke logikoena dela bizikidetza-unitateak ondoen dauden egoiliarrekin martxan ipintzea; hala ere, Couceirok erabaki zuen egitasmoa muga gehiago dituztenekin hastea. “Autonomoak direnek eta burua ondo dutenek euren kabuz bilatzen dute denbora nola eman, eta leku batean gustura ez badaude, beste batera joaten dira; edo kexatzen dira. Narriadura kognitibo handiagoa dutenak, berriz, ez dira nabarmentzen, eta denbora eserita edo telebista ikusten ematen dute. Horregatik pentsatu nuen egitasmoa modua izan litekeela egoiliar horiek aktibatzeko”. Eta horrela izan da, bere esanetan, egoiliar gehienengan hoberako aldaketak sumatu dituztelako. “Adibidez, gure egoiliar bat apur bat obsesionatuta zegoen salmenta-makinarekin eta beti ikusten genuen bere inguruan. Orain, berriz, egongelan gelditzen da eta antolatutako ekintzetan hartzen du parte; Internet erabiltzea ere gustatzen zaio…”.
Egoiliarren aktibazio horretan gerokultoreen lana ere ezinbestekoa izan da. “Lan egiteko modua aldatu da: lau pertsonako erreferentziazko gerokultore bat dago, eta, hortaz, egoiliar bakoitzak eta bere familiak erreferentziazko gerokultore bat dute. Horri esker, alde guztien arteko harremana askoz estuagoa eta errazagoa da, eta hobeto ezagutu ahal ditugu egoiliar bakoitzaren egoera, beharrizanak eta kezkak. Gainera, psikologoak hasieran-hasieran azaltzen dio erreferentziazko gerokultoreari zein den bere erreferentziazko egoiliarraren bizitza-historia, eta beste langile batek zerbait antzematen badu, egoiliarraren erreferentziazko gerokultoreari jakinarazten dio”. Bizikidetza-unitate bakoitzean kontrol-gune bat dago eta langileek momentuan erregistratu ahal dituzte gertakariak eta erregistratu beharreko informazioa.
Usainak
Lan egiteko moduaren aldaketak ahalbidetu du denbora gehiago izatea egoiliar bakoitzaren gustuei eta beharrizanei arreta handiagoz erreparatzeko eta haiekin ekintza gehiago egin ahal izateko. “Adibidea ipintzearren, jakin dugu egoiliar bati puzzleak egitea gustatzen zaiola, eta, beste aldetik, langileek kafea prestatzen dute unitateko bizilagunentzat eta guztien artean bizkotxoak egiten dituzte, edo zenbait errezeta. Beharbada, guztiek ezin dute modu berean prestatze-lanetan parte hartu, baina adi egoten dira, entretenituta, eta argibideak ematen dituzte: aurreko egun batean taloak eta txorizoak egin genituen eta egoiliar batek txarto egiten genbiltzala adierazi zigun; arrazoia zuen”. Halaber, orain gerokultoreak ere deitzen dituzte talde psikosozialaren bileretara eta, ondorioz, arreta- eta bizi- planari ekarpena egin diezaiokete eta informazio zehatzagoa dute egoiliarrei buruz. “Protagonismoa handiagoa dute eta poz-pozik daudela adierazi digute”.
Langileak ez ezik egoiliarrak eta euren familiak ere pozik daude. Izan ere, etxeko giroa sortu da bizikidetza-unitateetan eta patxadaz begiratu ahal diote elkarri, eta momentuak partekatu; gelan nagusitzen diren usainek oroitzapenak eta sentimenduak azaleratzen dituzte. “Sukaldea familiek ere erabili dezakete, pentsatzen dugulako hurbiltasun-sentsazioa areagotzen duela: amamaren edo aititaren etxera noa eta kafea eta pastak hartu ditzaket. Hobeto sentitzen dira guztiak”. Nolanahi ere, erronkak dituzte epe laburrera. “Sail bakoitzaren eta langileen erronkez gainera, familiei eskatu diegu logela pertsonalizatu dezatela. Burua hobeto dutenek eskatu ohi dute argazki edo gauza bat edo bestea ekartzea, baina okerrago dabiltzanek, ez, eta bultzatu behar ditugu: leku abegikor batera sartuz gero, detaile edo oroigarri batek zer pentsatua ematen du, ziur asko; bestela, berdin dio, giroa beroagoa da eta”.
Loiu Gurena zahar-egoitzan filosofia berria ezartzeak ahalegin handia ekarri du: alde batetik, lanak egin behar izan dira bizikidetza-unitateen ezaugarrietara egokitzeko, eta, ondorioz, hamar lagunentzako tokia kendu da; eta bestetik, langile gehiago kontratatu behar izan dira. Hala ere, zuzendaritzaren asmoa da etorkizunean, pixkanaka-pixkanaka, bizikidetza-unitate gehiago baimentzea. “Dena dela, argi utzi behar da filosofia zahar-egoitza osora zabaldu dela. Hau da, bizikidetza-unitateetatik kanpo ere erreferentziazko gerokultore bat dago lau egoiliarreko eta haiek ere lan egiteko modu berrira moldatu dira. Era berean, gainerako egoiliarrak proiektuaren parte dira eta egongela nagusian gune bat atondu dugu, eta, besteak beste, teontzi bat, esnea berotzeko gailu bat eta aire bidezko frijigailu bat ipini, euren gauzatxoak egin ditzaten. Eraikinaren ezaugarriak kontuan hartuta, badakigu ezin izango ditugula egoitza osoan bizikidetza-unitateak baimendu, baina uste dugu lan egiteko modua eta filosofia berbera izan behar dela”.