FACUA Euskadik Espainiako gobernuari eskatu dio Loiuko aireportuaren aire-zirkulazioaren kontrolak publikoa izaten jarraitzeko

Aikor aldizkaria 2023ko mai. 2a, 13:00

FACUA Euskadik jakinarazi duenez, Espainiako gobernuak Estatutako 12 aireportutako kontrol-dorreren kudeaketa pribatizatu ditu, eta zazpi kontrol-dorre gehiagoren kudeaketa pribatizatzeko proposamena egin du; haien artean, Loiuko aireportukoa dago. Kontsumitzaileen elkarteak Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioari eskatu dio Espainiako aireko espazioa kontrolatzeko zerbitzu publikoak pribatizatzeari uzteko, eta, zehatz-mehatz, Loiuko kontrol-dorrearen kudeaketa publikoari eusteko. Azaldu moduan, “funtsezko zerbitzu publikoa da aire-kontrola, eta horregatik ez du enpresa pribatu baten esku egon behar”.

FACUA Euskadik 9/2010 Legea hartu du erreferentziatzat. Lege horrek aire-zirkulazioko zerbitzuak arautzen ditu, zerbitzu horien hornitzaile zibilen betebeharrak ezarri, eta aire-zirkulazioko hornitzaile zibilentzako lan-baldintza zehatzak xehatu. Arauaren arabera, AENAk (Espainiako Aireportuen eta Aire Nabigazioaren enpresa publikoa) zerbitzu hauek emango ditu zuzenean: eremua eta hegazkinak hurbiltzea kontrolatzeko aire zirkulazioko zerbitzuak, baita esandako zerbitzuak ematen diren aire-espazioko bolumenei lotutako hegaldi-, alerta- eta aholkularitza-zerbitzuak ere.

Elkartearen hitzetan, “zerbitzu publikoaren xedea da gizartearen beharrizanei erantzutea, eta horren ardura Estatuarena bakarrik da, herritarren ongizatea bermatu behar duelako. Hortaz, oso jarduera inportantea da eta ezin da enpresa pribatuaren esku utzi, azken horren helburua baita bere probetxua, eta ez gizarte-ongizatea”. Horri lotuta, gogoratu dute Espainiako Konstituzioaren 149. artikuluaren arabera, “Estatuak eskumen esklusiboa duela, besteak beste, interes orokorreko aireportuetan, aire-espazioaren kontrolean eta aire-zirkulazioan eta -garraioan”. Horregatik eskatu dute Gobernuak horien kudeaketa publikoa bermatzeko.       

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).