Sondikako jai-batzordea berritu egin da erabat

Aikor aldizkaria 2007ko mai. 14a, 13:46

Sondikako jai-batzordea pozik dago. Duela urte bi San Joan jaien antolakuntzan parte hartzen hasi, eta iaz horren ardura hartu zuen. Ekainaren 21etik 24ra bitartean herrian egongo diren ekitaldiaz mintzatu gara Naia Landa eta Beatriz Ortizekin. Jai-batzordea 18 urtetik 21 urtera arteko zortzi lagunek osatzen dute. Beatriz eta Naiaren esanetan, partaideak hain gazteak izateak onura ekartzen die jaiei, “badakigulako jende gazteak zer nahi duen, eta ondorioz, lagun gehiago erakartzeko moduko egitaraua antola dezakegu; edo horretan ahalegintzen gara, behintzat”. Hala ere, hain gazteak ez direnengan ere pentsatzen dute, eta horiei zuzendutako ekitaldi sorta zabala antolatu dute. “Aldaketa handirik ezin da egin, badaezpada; ezin gara arriskatu… Betiko ekitaldiak izango dira horiek”. Jaien antolakuntzak buruhauste bat baino gehiago ekarri dizkie, baina kultura zinegotziak ahal duen guztian laguntzen diela aipatu digute, eta erronkari ilusioz aurre egiten diotela. “Ez da jaiez behar bezala gozatzen, baina merezi du. Beste alde batetik, jai-batzordeko guztiok ikasten gabiltza, eta jaiak eta azterketak uztartzea baino beste erremediorik ez dugu. Horregatik, jai-batzordean zein ekitaldietan sondikatar gehiago sartzea gustatuko litzaiguke”. Herritarrek lau egunean eta etengabe jaietan parte hartzea dute helbururik nagusiena, eta, horretarako, Sondikan zer ikusi eta zer egin egongo dela ziurtatu digute. Horrezaz gainera, ekintza asko guraso eta seme-alabengan pentsatuz antolatu dituzte. “Adibidez, haurrak jolas-parkean dauden bitartean, gurasoek triki-poteoa egin dezakete, eta ondoren, denak batera herri-bazkarira joan daitezke”. Alternatiba musikan hasi berriei Txahal-okela dastatzeak hasiera emango die jaiei barikuan. Antolatzen duten hirugarren aldia izango da aurtengoa, eta, egia esan, aurreko edizioetan arrakasta itzela izan du. Lagun asko hurbildu dira San Joan landaraino. “Dastatzea eta San Joan-sua egun berean egiten ziren lehen, eta arrakastatsua izango zela bagenekien. Aurten egun ezberdinetan egingo dira lehenengo aldiz, eta ikusiko dugu zer gertatzen den”. Barikuak nobedadea ere ekarriko digu. Jaiak musikan hasi berriak diren taldeei alternatiba emateko gunea bihurtzea pentsatu dute, eta Identidad Oculta taldeak aukera duen lehena izango da. Sondikako gazte bat talde horren kidea da. “Beste talde batzuen bertsioak jotzen dituzte; beraz, jendeak abestiak ezagutuko ditu, eta dibertsioa izango dugu, ziur asko”. Herri-bazkaria berreskuratu dute Zapatuan ere nobedadeak izango dira nagusi. Triki-poteoa lehenengo aldiz egingo dute. “Goizean umeei zuzendutako ekitaldiak soilik antolatu ohi dira, eta aurten herriari jai-giroa ematea erabaki dugu. Izan ere, ekitaldi guztiak edo gehienak landan egiten dituzte, eta jaiak eremu horretatik atera, eta herriko txoko guztietara ailegatzea nahi dugu”. Era berean, alferkeria dela-eta, urte asko eman dira herri-bazkaria antolatu barik, eta jai-batzordeak ohitura hori berriro hartzea hartu du erronkatzat. “Landan izango da, eta txartelak laster jarriko ditugu salgai. Eta euria ari badu, ez kezkatu, izan ere, bertan karpa erraldoi bat jarriko da. Ea jendea animatzen den eta giro polita lortzen dugun! Euskal ezkontza egunean ere herri-bazkaria egin zen, eta benetan arrakastatsua izan zela. Hori kontuan hartuta, arrakasta bera edo handiagoa lortu ahal dela uste dugu”. Eta eguna hasi baino ez du egin. Arratsaldean Pentagrama Kultur Elkarteak-Soinuak Gora San Juan interpretatuko du San Joan-suaren inguruan, eta ondoren, suak izango dira Piroteknia Zaragozanaren eskutik. Lor eta Kaotiko taldeek rock-punk kutsua emango diote gauari, eta horien ostean Ene Bada taldeak eta DJ batek hartuko dute txanda. Gurasoek ere dantza egingo dute Harrizulatzaileak norgehiagoka ibiliko dira domekan. “Jendeak gustuko du proba hori. Duela hiru urte hasi zen antolatzen gizon probez aparte, zerbait ezberdina egitearren, eta oso harrera ona izan du. Sondikako taldeak emaitza ona izango ahal du!”. Eta harrizulatzaileak harri gainean dauden bitartean, ikusleek kopaua hartzeko aukera edukiko dute. Izan ere, bertoko ekoizleen gazta eta txakolin dastatzea egingo da. Arratsaldean dantzen agerraldia egongo da, Sondikako Gorantzaileak eta inguruetako beste dantza taldeen eskutik. Sondikako taldearen haurren gurasoak animatu, eta horiek ere alardean parte hartuko dute, iazko Euskal ezkontzarako ikasitakoa ez zaiela ahaztu erakutsiz. Jai-egitaraua Ekainaren 21ean, eguena 19:30: Pentagrama Kultur Elkartea-Soinuak, eta Txuma Olagüe Abesbatzaren emanaldia. Ekainaren 22an, barikua 16:30-18:00: Umeentzako berbena, Guraso elkartearen eskutik. 18:00: Kalejira, Elaiak txistu taldearen eskutik. Arratsalde osoan zehar fanfarre batek girotuko du herria. 19:00: Sokamuturra. 21:00: Tortilla Txapelketa. 21:30: Txahal-okela dastatzea. 23:30: Kontzertua, Identidad Oculta taldearekin, eta berbena Kresala taldearekin. Ekainaren 23an, zapatua 09:00: Pintura Txapelketa 11:30: Kalejira, Elaiak txistu taldearen eskutik. 11:30-14:00: Umeentzako jolas-parkea, Ikurriña enparantzan. 12:00: Triki-poteoa. 14:00: Herri-bazkaria, trikitixak girotuta. 16:00: San Juan Futbol 7 Txapelketa. 17:30: Gizon probak. 18:30: Sokamuturra. 19:30: Dantzen agerraldia. San Joan-sua. Suak, Piroteknia Zaragozanaren eskutik. Kontzertuak: Lor + Kaotiko + Ene Bada + DJ. Ekainaren 24a, domeka 11:30: Kalejira, Elaiak txistu taldearen eskutik. 13:00: Harrizulatzaileak. 13:00: Gazta eta txakolin dastatzea. 12:30: Meza nagusia eta aurreskua. 13:30: Jubilatuentzako luncha. 14:00: Sukalkia. 16:00: Mus Txapelketa. 18:00: Dantzen agerraldia. 20:00: Bilbainadak. 21:00: Azken traka.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).