Politeknikak ekintzaileak hezitzen ditu

Aikor aldizkaria 2010ko aza. 18a, 14:30

Politeknika Ikastegia Txorierrik hainbat urte daramatza ikasleen artean kultura ekintzailea bultatzen. Lana klasean bertan hasten da eta hori enpresak sendotzen diren arte irauten du. Horretarako, hainbat kurtso eta jardunaldi egiten ditu, zeinetara negozioa martxan jarri nahi duten ikasleek zein kanpoko lagunek jo baitezakete. Mª Victoria Cuartango Politeknikako koordinatzaile pedagogikoa da eta horretaz gainera, kultura ekintzaile arloa ere badu bere ardurapean. Azaldu digun bezala, ikasketak bukatzen dituzten ikasleek ekintzaileentzako zerbitzua dute eskura. Han aholkularitza ekonomikoa eta finantzieroa jasotzen dute, eta jarri nahi duten enpresak ikastegian ematen diren irakasgairen batekin zerikusia badu laguntza teknikoa ere eskaintzen zaie. Era berean, ekintzaileei zuzendutako bulegoa erabil dezakete, besteak beste lehenengo urratsak emateko edo bezeroekin lotzeko. Ikastegian bide bi daude ekintzaileei enpresa eratzen laguntzeko, eta bietan ikasleek zein kanpoko lagunek har dezakete parte. Lehenengo lan lerroa Eusko Jaurlaritzatik bultzatutako Urrats bat sarea da. Sarea kultura ekintzailea sustatzen duten zentroek osatzen dute eta ekintzaileen eskura baliabide sorta zabala jartzen dute, hala nola sormen-teknikak edota diru-laguntzak. Bigarren lan lerroa Worklan elkartea da. “Hori bost Lanbide Heziketako ikastetxeek sortu genuen orain dela bost urte. Kooperatibak eta lan-sozietateak eratzen laguntzea da gure helburua batez ere. Worklan-en bidez martxan jarri nahi diren enpresa guztiak lan-mahai batean aurkezten dira, eta han ikastetxeok zein sendotuta dauden hainbat enpresek gure iritzia ematen dugu proiektuei buruz, baita aholkuak eskaini ere”. Enpresako atea ireki eta eguneroko arazoei aurre egitea ez da lan erreza. Politeknika Ikastegiak negozioaren sendotze-prozesuan ere jarraipena egiten die ekintzaileei. Horrela, bada, ekintzaileen arteko topaketak antolatu dituzte, eta konturatu dira guztiek antzeko arazoak dituztela: kontabilitateari lotutakoak, marketinekoak, paperak... Lan-sareak “Ikastegitik ahal dugun guztietan laguntzeko konpromisoa hartu dugu, eta Elkarlan kooperatibak sustatzeko sozietatera laguntza eske jotzea ere beharrezkotzat hartu dugu”. Era berean, ezinbestekotzat jo dute sare-lana sustatzea. “Inportantea da ekintzaileek euren esperientziak parteka ditzatela, eta guztien artean baliabideak eta konponbideak topatu. Hau da, laguntza-sareak osa ditzatela”. Politeknikak eskaintzen dituen programen bidez 40 enpresa inguru sortu dira azken zortzi urtean. Enpresa horietako bat Iratxe Garcíarena da. Iratxek gozotegi bat zabaldu zuen uztailean Sondikan. “Negozioa jarri nahi duzu, baina nondik hasi? Ezinbestekoa da nora jo izatea, eta Politeknikan prozesu osoan eman didate laguntza. Eta negozioa martxan jartzen duzunean, pentsatzen duzu: orain nondik jarraituko dut? Hainbat baldintza betetzeko eskatzen dizute, paperak, baimenak... Ikastegia guri laguntzen jarraitzeko prest egotea oso aukera ona da guretzat”. Gune latzetan murgilduta bagaude ere, Iratxe ez du zalantzarik izan eta negozioa zabaltzera animatu da. “Noiz da momentu ona? Hori ez dakizu. Prezio lehiakorrak eta kalitatea eskaini eta ausarta izan behar da”. Victoria bat dator berarekin. “Krisi garaietan lehen ukiezinak ziren proiektuak martxan jartzeko aprobetxatzen da. Horren haritik, Eusko Jaurlaritzak ekintzaileei zuzendutako programak bikoiztu egin ditu, euren negozioa jartzea aukera ona delako prestakuntza handia izan arren lanpostua galdu dutenentzat”.