Etxegabetzeak geldiarazo

Aikor aldizkaria 2013ko urr. 24a, 09:37
Komunikabideetan ez dabe orain dala hilabete batzuk eben oihartzun bera, “alde batetik, banketxeen presinoagaitik, eta bestetik, etxegabetzeen lege barriak arazoa apurtxo bat leundu daualako, sustraitik ezer konpondu ez badau be”, bere eretxia emon deusku Iñaki Eguskizaga Sondikako abogaduak. Baina etxegabetzeak egunero gertatzen dira. Gatxa da zifra zehatzak jakitea, datuak era batekoak edo bestekoak diralako joten dan iturriaren arabera. Adibidez, Podere Judizialaren Kontseju Nagusiak aurtengo ekainean jakinarazotakoaren arabera, igaz 101.034 utzarazpen sinatu ziran Estaduko epaitegietan. Hareetako 43.853 hipotekea ordaindu ahal ez izanagaitik izan ziran; 54.718, alokairua ordaindu ez izanagaitik; 1.909, arbitrajeko laudoengaitik; eta 549, familia-arazoengaitik. 2013. urteko lehenengo hiruhilekoan 19.468 utzarazpen egon ziran Estatuan. Hipotekeari lotutako etxegabetzeei jagokenez, Espainiako gobernuak azaldu dau igaz 75.375 utzarazpen egon zirala, garajeak eta landa-finkak, hareen artean; eta guztira 286.130 utzarazpen, 2006. urtetik 2012. urtera arte. Baina hipotekea ordaindu ez izanagaitik kaltetuen plataformetatik uste da zifra hori 400.000ra be heldu leitekela. Gure autonomia erkidegoko zifrak zehaztea be ez da bat be erraza. Iñakik esan deusku bakarrik Bilbon zazpi kaleratze izaten dirala egunero. Erakundeek zifrak kontabilizeteko behar moduko tresnarik ez dabela erabili dabe atxakiatzat. Halanda be, Espainiako gobernuak esan eban Estadistikako Institutu Nazionala (EIN) 2013. urtean hasiko zala datu zehatzak argitaratzen, hiru hilabeterik behin. Baina EINetik jakinarazo deuskuenik, oraindik ez dakie informazinoa noz kaleratu ahalko daben. Zifrak alde batera itxita, etxegabetzeak krisiaren ondoriorik krudelena dira, eta horretan bai ez dagoala zalantzarik. Doan Iñaki Eguskizagak hilabete bi emon ditu beharrean Bilboko Auzo Alkarteen Federazinoagaz. Denpora gitxi izan da, baina nahikoa etxegabetzeen dramea hurbiletik ezagutzeko. Erretirauta dago eta bere espezialidadea ez dan arren, bera lan-arloko abogadua dalako, baietz esan eutsan lagun bati honek laguntzea eskatu eutsanean. “Behar pilo bat eben momentu horretan. Federazinora joten dan jentea Bilbokoa ez ezik Bizkaiko beste herri batzuetakoa be bada. Batzuek euren etxeetatik bota dabez dagoeneko; eta beste batzuek etxegabetze-agindua jaso dabe. Federazinoan aholkularitzea emoten jake doan eta bitartekaritza-zerbitzua be eskaintzen jake, ahal bada, banketxeagaz akordio batera ailegau daitezan”. Iñakiren esanetan, Bilbokoa moduko alkarte batera joateko, ez da itxaron behar azken momentura arte edo hipotekearen kuota bat lehenengoz ordaindu ezin arte. “Hipotekea ordaindu ezin izango dogula aurreikusten dogun momentuan joan behar gara aholkularitza bila. Gainera, udal askok badabe abogaduen alkargoagaz akordioa, aholkularitzea doan emon daien”. Bilboko Auzo Alkarteen Federazinoa Erronda kalean dago, 25 zenbakian, eta martitzenetan dago zabalik, 18:00etatik 20:00etara. Inportantea da etxegabetzeari aurre egiteko neurriak ahalik eta lasterren hartzea, “lege barriak, hainbat baldintza beteten badira, etxegabetze-prozesua geldiarazoteko aukerea emoten dauelako. Urte bitan bada be. Denpora hori pasau ostean, personaren egoerea hobetzen ez bada, edo akordiorik lortzen ez bada, prozesua barriro ipinten da martxan”. Federazinoagaz beharrean emon dauan denporan etxegabetze batzuk geldiarazotea lortu dabe. “Poz handia sentiduten da. Jentea etsita dago benetan”. Larregizko klausulak Hasieran aitatu dan moduan, etxegabetzeen lege barriak itxuraldatu egin dau arazoa eta baldintza zehatz batzuetan dagozan gitxi batzuen egoerea bigundu dau. Esate baterako, familia ugariena, guraso bakarreko familiena edo haren kideen artean elbarritu bat dagoan familiena, adibide batzuk ipintearren. Edozelan be, eta lege horrek ezarten dituan baldintzarik bete ez arren, etxegabetze bat geldiarazo ahal da, banketxeagaz egindako kontratuan larregizko klausulak badagoz. Gutariko askok ez dakigu larregizko klausulak sinatu doguzala. Zeintzuk dira? “Kuota bakar bat ordaintzen ez bada, banketxeak kontratua apurtu daikeala eta etxegabetzea eskatu, adibidez. Ba, hori larregizko klausula bat da. Beste batzuk honeek dira: interesak % 5etik % 25era arte igotea, atzerapena egon dalako kuotak ordaintzeko; ordaindu beharreko interesak portzentaje konkretu bat baino bajuagoak izan ahal ez izatea, IBEXen arabera halan izan beharko litzatekeen arren... Bestalde, PAH alkarteak lortu dau epaitegi batek kontratuan ordainean emotea ez agertzea larregizko klausulatzat jotzea. Baina, jakina, gero ñabardurak dagoz, legeak dinoalako ordainean emotea ezartearen beharra bakarrik kasu larrienetan dagoala...”. Ordainean emotea Iñakik gatx ikusten dau arazoa konpontzea, alde guztiek adierazo behar dabe borondate ona. Bere ustez, ordainean emotea hipoteka-mailegu guztietan egon beharreko arau bat izan beharko litzateke. “Hipoteka bat emoten danean, banketxeak oso ondo daki zein dan zordunaren egoera. Beraz, berak be onartu beharko leuke jagokon erantzukizuna. Bestalde, zorra dauanari nasaitasuna ekarten deutso, bere etxebizitza ordainean emon ostean, banketxeagaz eban zorra kendu dauala jakiteak. Gainera, pentsau behar dogu persona horrek hipotekearen zati bat be ordaindu dauala, eta, halanda guztiz be, banketxeari bere etxebizitzea emongo deutsala...”. Erromatarren garaikoak Ordainean emotea erromatarren garaian sortu zan figura juridiko bat da. Zordunak zorra ordaindu ezin baeban, hartzekodunak esklabotzat hartu ahal eban, eta bere behar fisikoa erabili, ahalik eta zorra ordaintzen zan arte. Zordunak ura eta urun apur bat jasoten zituan bere beharraren ordez. Egoera ankerra zan, eta, herritarren presinoa zela-eta, zuzenbide erromatarrak arau hau baliobakotu eta ordainean emotearen figurea sortu eban. Zordunak bere ondasuna emoten eutsien hartzekodunari eta halan kentzen eban zorra. Eskratzea be erromatarren garaian erabilten zan tresna bat da. Legearen arabera, baegoan aukerea lukurreru baten etxearen aurrean, hiru egunean, ipini eta hari irainak-eta botateko. Eztabaida handiak sortu dira eskratzeen inguruan. “Nire ustez, bidezkoa da herritarrok figura hori erabiltea. Hareek komunikabideak erabilten ditue beren presinoa egiteko eta gura dabena esateko, baita jentea bere etxetik botateko legeak ezarteko be; eta guk be eskubidea dogu pankarta bat hartu eta gure egoerea salatzeko, hareen lantokiaren aurrean zein hareen etxearen aurrean. Iraindu barik. Epai ezbardinak egon dira eskratzeen gainean, aldekoak eta kontrakoak. Nik uste dot adierazpen askatasunaren modu bat dala”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).