Kepa Kareaga Ganboa, EH Bildu Sondika: “Udala herriarena da”

Aikor aldizkaria 2015ko mai. 5a, 14:16
Zein da zuen politika eredua? Herritarren ordezkaritza den heinean, uste dugu Udalak herritarren parte-hartzea bultzatu behar duela. Eta horretarako, informazioa eman. Hala, gai izango gara guztion artean herria egiteko. Udala herriarena delako, eta beraz, irekia eta gardena izan behar du. Baina, gure ustez, Sondikako Udala herritik urrun dago gaur egun. Bestalde, planifikazio falta ikusten dugu, egitasmoak epe laburrera garatzen direlako, horrek dakartzan arazoekin. Adibidez, eskolako patioa egin da, estaldu barik, gero obrak egiteko berriro? Eredu hori, zein arlotan gauzatuko da? Sondikan 1.000 etxebizitza berri egitea aurreikusi du EAJk. Gu parte-hartzaileagoa den Hiri-antolamenduko plan orokor (HAPO) baten alde gaude, etorkizuneko Sondika guztion artean erabakitzeko. Gainera, plan horretatik kanpo dauden etxebizitzei ere segurtasun juridikoa eman behar zaie. Hezkuntza arloan, batzorde bat sortzea proposatzen dugu, eskolan dauden arazoei aurre egiteko. Izan ere, beste premia batzuen artean, eraikin bera eta jantokia txiki gelditu dira. Gaur egungo testuinguru ekonomikoa kontuan hartuta, Udalak politika ekonomikoak sustatu behar ditu jendearen mesedetan, eta kasu konkretuetan, zergak jaitsi edo salbuetsi. Udal lan-poltsa bat sortzea ere jotzen dugu beharrezkotzat, eta lan-klausulak ezartzea, Udalak kontratatzen edo azpikontratatzen dituen zerbitzuetan. Zerbitzu sozialen gida osatzea ere interesgarria da, jendeak zer eta non eskatu ahal duen jakin dezan. Era berean, herrian gero eta nagusi gehiago daudela kontuan hartuta, eguneko zentro bat ipintzeko aukera aztertu beharko genuke, eta jubilatuen etxea zein haren zerbitzuak handitu. Azkenik, euskara batzordea eratzeko proposamena egiten dugu. Euskara eta helduen euskalduntzea bultzatu behar dira, eta, kontratatzen eta azpikontratatzen diren zerbitzuei dagokienez, klausula linguistikoak ezarri. Beste ekintza konkretu batzuk? Bai, Larrabarrrena parkean komun publikoak ipintzea, herri txoko bat egitea, eragile sozialei ematen zaien diru-laguntza arautzea edo tren-geltokiko aparkalekuan estalki iraunkor bat ipintzea. Berdintasun arloan ere eman behar dira pausuak: kontratazioetan parekotasuna bermatzea, genero indarkeriaren aurkako protokoloak ezartzea, edo emakume izena duen kalerik ez dugunez, hori ere aztertzea. Guk kale bati Polixene Trabudua izena ipintzea proposatzen dugu. Zelako lan taldea da zurea? Talde anitza da, jende gazteak, aurretik zinegotzi ibili direnek, emakumeek, gizonek… osatuta. Gogoa dugu, eta konpromisoa. Izan ere, azken batean honek lana dakar, eta horretarako, gogoa eta konpromiso eduki behar da. Gainera gure programa ez da itxia, bizia baizik, eta prest gaude edozein proposamen eta iritzi entzun eta onartzeko. Alkatetzaz jabetuz gero, zer da egingo duzuen lehenengo gauza? Alkatearen soldata jaitsi eta HAPOa berraztertu guztion parte-hartzearekin. Hurbiletik Berrogeita bi urte ditu, ekonomialaria da, eta Euskal Herriko Unibertsitatean egiten du lan. Abertzale eta ezkertitzat hartzen du bere burua, eta kezka handia du bere herriarekiko. Horregatik sartu zen oso gaztea zela Sondikako ezker abertzalean. Handik hona hainbat arlo eta mugimendutan hartu du parte. Eta horregatik ere EH Bilduk Sondikan herriko programa egiteko zabaldu zuen prozesuan hartu zuen parte. Herritarrek zerrenda-buru aukeratu dute. “Denok eman behar dugu zerbait, eta nik erantzun beharreko premiak ikusten ditut herrian”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).