Zer eramango du EH Bildu taldeak udalera?
Legealdi honetan jarrera eraikitzailea eta irekia izan dugu, eta bide horretan jarraituko dugu. Udala gardena izatea nahi dugu, EAJren inposiziorik gabe: epaitegira jo behar izan dugu hauteskundeetan lortutako ordezkaritza Batzordeetan errespeta dadin. Kalitateko zerbitzuak eta sondikoztarren interesak defendatzen dituen udala bultzatuko dugu.
Arazoak egon dira udal zerbitzuekin. Nola baloratzen duzue hori?
EAJk zerbitzu publikoen pribatizazioa bultzatu du, eta lan-prekarietatea administrazio publikora eraman du: lanuzteak, grebak, enpresei kalte-ordainak eta zerbitzuen etenaldiak jaso ditugu. Zerbitzu publikoen pribatizazioa ez da ez merkeagoa, ez hobea. Kalitateko zerbitzuak izateko, klausula sozialak sartuko ditugu udal kontratazioetan eta zerbitzu publikoak baliabide publikoekin eramango ditugu aurrera.
EAJk proposatutako HAPO berriaren kontra bozkatu zenuten.
Sondikaren atzean auzoak daude, herritarrak eta etxebizitzarik lortu ezin duten gazteak. HAPO horrek ez die haien beharrei erantzuten; Bilboko etxebizitza-beharrei erantzuteko egin dute. EH Bilduk beste proiektu bat du: parte-hartzearen bidez etorkizuneko Sondika denon artean eraiki.
Zer esango zenuke azken legealdiaren lanari buruz?
Proposamen asko aurkeztu eta borrokatu ditugu: haur-eskola izatea; indarkeria matxistaren aurkako protokoloa lantzea; eskolako itoginak konpondu eta patioa estaltzea; zergetan hobariak ezartzea; Euskotreneko tren-aldaketa kendu eta Lutxanako trena mantentzea; gaueko hegalaldien kontra egin eta saien arazoa AENAK konpontzeko eskatzea, adibidez. Gogotsu egin dugu lan, eta emaitzak lortu ditugu.
Zer azpimarratuko zenuke zuen zerrendaren gainean?
Prozesu parte-hartzaile zabal baten ondorioa da. Zinegotzi izandako batzuk berriro aurkeztu gara, eta zerrenda lagun berriekin indartu dugu. Eskarmentua eta gogo handia dugu herriaren alde lan egiteko.
Proposamen zehatzak egin dituzue programan. Karguaz jabetu, eta zer egingo duzue?
Herri bizia eta kohesionatua nahi dugu. Besteak beste, hauek egingo ditugu horretarako: herritarrei hitza eman udalbatzarretan; aurrekontu parte-hartzaileak; langabetuentzako lan-poltsak; dendak eta industriaguneak sustatu; alokairu sozialeko etxebizitzen politikak egin; eskola publikoa erdigunean jarri; politika feministak bultzatu; euskararen erabilera indartu; umeen jolas-parke estalia, komun publikoa eta ikasgela egin eta kalitateko zerbitzu publikoak bultzatu. Udala herriaren zerbitzura ipini, finean.