2019/10/31 17:00:00

Bestelakoak

Gau Beltza

Gau Beltza
Sondika, Sondika

Urriaren 31n, 

Aurten, Gau Beltza ospatuko dute lehen aldiz. Antolatze-lanetan hauek ibili dira: Altzora euskara elkartea, herriko kultur taldeak, eskola-ludoteka eta udala. “Gure asmoa da zaharra hartzea eta berreskuratzea, baina gaur eguneko balioak erabilita: komunitatearen sentimendua, kohesio soziala, euskara, naturarekiko lotura, birzilapena, beldurra eta heriotza mahaigaineratzea …”, azaldu dute Altzora elkartekoek. Horretarako, ekintza-sorta zabala antolatu dute urriaren 31rako.

Arratsaldean, umeentzat zein gazteentzat eta helduentzat tailerrak egingo dituzte: mozorroak, kalabazak eta makillajea. Ondoren, afari-merienda eta umeentzako jolasak izango dituzte, eta amaieran gaztainak banatuko dituzte gozokien ordez. Gau Beltzari 21:00etan emango diote hasiera. Paperak eta arkatzak banatu, eta nork bere beldurrak idatziko ditu su txikira botatzeko eta uxatzeko. Garrasia talde feministak euskal mitologian oinarritutako antzezlana eskainiko du, eta gero, mozorroak jantzita eta kalabazak eta kandelak hartuta, prozesioan irtengo dira herriko erdigunetik hilerriraino. Bidean sorpresa beldurgarriren bat edukiko dute Sondikako Inauteriak elkartearen eskutik, eta udalak argien intentsitatea gutxituko du ibilaldia erakargarriago egiteko. Hilerriko atarian lurperatzaile biren arteko solasaldia entzungo dute; hizpide heriotza edukiko dute.

Ekintza horren ondoren plazara jaitsiko dira berriro, eta han amaiera emango diote Gau Beltzari. Gorantzaileak dantza taldekoek eta Garrasia elkarteko neskek dantza egingo dute eskolako umeekin batera, eta Lehen Hezkuntzako seigarren mailakoek eskolan prestatutako bertso-kanta bat abestuko dute. Bestalde, musika egongo da eta fotomatoi bat ipiniko da familiek eta lagun-kuadrillek argazkia egin dezaten. “Gure ustez, garrantzitsuena komunitatea sortzea da. Herrikoentzat ikuskizun hutsa izan gabe, herritarrek ekintzetan parte hartzea nahi dugu, eta hori bestelako balioetan oinarrituta egin dezatela. Zerbait polita aterako dela pentsatzen dugu”.

Arbasoek lurraren eta naturaren zikloei lotuta zeuden errituak egiten zituzten antzina, baina Eliza ohitura pagano horiek bereganatzen joan zen ospakizunak kristautu zituen arte. “Gurean, Santu guztien egunak oso lotura estua eduki du erlijioarekin; alabaina horrek ez du esan nahi beste usadiorik ez zegoenik. Guztiok entzun ditugu istorio zaharrak: gaztetxoak soroetan sartzen ziren soberakinak hartzera eta kalabaza kandeladunak ipintzen zituzten bide-bazterretan espirituak uxatzeko. Trapu zaharrekin mozorrotzen ziren eta Nafarroan, esate baterako, errondan ateratzeko ohitura zegoen; abestu ere egiten zuten eta ordainetan fruituak eta esnekiak ematen zizkieten”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).