Jane Malone, gure artean 20 urte daramatzan irland

Aikor aldizkaria 2007ko urt. 12a, 17:28
Eguraldia lagun ez izan arren, jaialdi ederra egin zuten abenduaren 17an Lezaman, Jane Malone hipika eskolaren 20. urteurrena ospatzeko. Ekidazu abesbatzak parte hartu zuen jaialdian eta Meñakako Ricardoren txakurrek saio zoragarria eman zuten. Horrezaz gainera, luncha eskaini, eta eskolako ikasleak mozorrotu egin ziren. Janerekin birpasatu dugu bere bizitza Txorierrin. Irlandako Dungarvan Co. Waterford herrian jaio zinen. Bilbora ezkondu, eta hipika eskola zabaldu zenuen Lezaman… Txikitatik izan dut oso harreman estua zaldien munduarekin. Zaldiketa-irakaslea naiz eta ikasketak Irlandan, Ingalaterran eta Estatu Batuetan burutu nituen. Horrezaz gainera, British Horse Society elkartearen kidea naiz. Bilbora etorri nintzenean, La Galea klubeko eta Laukizeko Hipika Klubeko jendea ezagutu nuen eta horiek klaseak ematera animatu ninduten. Mundu honekin inongo harremanik ez zuen jendeari zuzendutako zentrorik ez zegoela konturatu nintzen, eta nire eskola zabaltzea erabaki nuen. Hainbat lekutan begiratu ostean, Lezamako Olasarres baserrian jarri genuen. Hasierak beti dira gogorrak… Etxetik urrun egonda askoz gogorragoak, ezta? Eta emakumea izanda, gainera! Duela 20 urte zegoen mentalitatea ez da gaur egungoa, eta ni Lezamara ailegatu nintzen… praka estuak eta zaldiz ibiltzeko botak jantzita! (kar, kar). Gainera, zaldiak baserrian lan egiteko erabiltzen zituzten berton eta nik hipika eskola bat irekiko nuen… Baina, tira, horiek hasierako gauzak dira eta orain guztiok ezagutzen dugu elkar. Zelan dabil eskola? Oso ondo. Bost urtetik gorako ikasleak ditugu eta oinarrizko ezagupenak irakasten dizkiegu. Hau aire zabaleko kirola da, landan egiten dena, eta gurasoek izugarri balioesten dute hori: seme-alabak gurenera etortzea nahiago dute, telebista aurrean egotea baino. Batzuek kirol garestia dela diote, baina ni ez nago ados, prezioak ez dira gehiegizkoak… Baserrian 25 zaldi ditugu. Horietako batzuk eskolakoak dira eta beste batzuk apopilo-egoeran ditugu. Eta horrela aurrera ateratzea lortzen dugu. Negozio honetan gastu handiak daude eta une gogorrak pasatu behar dira… Gorriak ikusi ditugu inoiz… Baina lantalde paregabea dut eta aurrera jarraitzera animatzen naute. Oso harro nago nire lantaldeaz eta eskolan egiten dugun lanaz. Zail izan duzu Lezamara bertakotzea? Ez, ni herri txiki batean hezi naiz eta baserriko bizitza oso antzekoa da Irlandan, Lezaman eta beste edonon. Animaliak maite dituzunean, ez dago mugarik. Hizkuntzarekin, berriz, arazo handiak izan nituen, etorri nintzenean ez nekielako gazteleraz egiten. Ikasi behar! Orain euskara ez ikastea leporatzen didate bertoko lagunek, baina nik gaelikoa ikastera bidali egiten ditut! (kar,kar). Gaelikoa ere oso hizkuntza zaila da. Eta zelan hartu zaituzte lezamarrek? Guztioi kostatu zitzaigun hasieran, baina gaur egun ezagutzen nauenak badaki oso emakume zintzoa naizela… Badaukat anekdota bat kontatzeko. Frontoiko tabernara sartu nintzen lehenengo aldia txikiteroz beteta zegoen. Irlandarra peto-petoa naizenez, garagardo bat edatera nindoan, baina tabernara sartu nintzen eta bat-batean isiltasuna egin zen. Guztiak nire ipurdiari begira zeuden eta nik lotsaren lotsaz ez nekien non sartu neure burua. Bertako andreak zer nahi nuen galdetu, eta –“One beer, please”- erantzun nuen nik. Herriko emakumeek ez zutela eguerdian tabernara joateko ohiturarik azaldu zidan geroago. Eta, noski, are gutxiago praka estuak eta botak jantzita! (kar, kar). Lagun handiak gara gaur egun. Zerbaiten falta sumatzen duzu? Irlandarren umore-sena, berton serioagoak zarete-eta. Eta horrezaz aparte, ezer gutxi. Euskal Herriko kostaldea eta jaio nintzen herria oso antzekoak dira… Barrualdekoa ez, Euskal Herria oso menditsua delako eta Irlanda, berriz, oso laua. Bertoko autopistak askoz hobeak dira; Irlandan oso autopista txiki bi baino ez ditugu! (kar, kar). Eta euskal sukaldaritza! Liluratu egiten nau! Irlandara bueltatzeko asmorik? Ez! Irlandarrok eta euskaldunak joaleak gara eta sustraiak bota ohi ditugu bigarren etxea egiten dugun lekuan. Ederto nago ni Lezaman! Ah, eta bukatzeko gauza bat esan nahi nizueke gaelikoz: SlaíntE. Horrek agur esan nahi du.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).