Amama Julik mende bat bete dau

Aikor aldizkaria 2007ko urt. 16a, 12:02
Nork esango eutsan amama Juliri ehun urtean biziko zala! “Ay, ama!”. Lezamarraren zorionak Errege Egunean izan ziran, eta mende bat egunero betetzen ez danez, festa handia antolatu eutsien herrian hurrengo domekan. Poz-pozik dago Olabarri baserriko Juli Eguren Bilbao; Lezaman dagoan Eguren bakarra eta herriko pertsonarik adintsuena. Burua ondo dau oraindino eta gripe apur bategaz dabilen arren, sasoi onean dago amama Juli. Edade horretara ailegatzeko sekreturik ez dagoala esan deusku, ez dala inon firmatu behar. “Lan egin eta aktibo egon, besterik ez. Burua erabiltea be oso inportantea da: letra-zopak egiten dodaz egunero. Ganera, jatuna naz… eta sukaldari ona be izan naz. Jesus! Askori emon deutset jaten berton!”. Urte asko dira ehun urte, eta lezamarrak mila gauzea entzun, ikusi eta bizi izateko aukerea eduki dau; gerra euren tartean. “Oroitzapen asko dodaz buruan, asko. Sei urtegaz eskolan hasi eta hamabi urtegaz itxi egin behar izan neban. Aita esne-saltzailea zan eta Bilboraino laguntzen neutsan, etxerik etxe esnea saltzen…”. Gazte garaian gauza gitxi egiteko egoan Lezaman: domeketan lagunakaz eleizan bildu, eta orduak panderoa joten emoten ebezan. “Ederto pasatzen genduan… Ni pandero-jole haundia izan naz”. Dana dala, Julik ez du zalantzarik: orain lehen baino askoz hobeto bizi da. Bera Zamudion jaio eta Lezamara ezkondu zan. Seme bi ditu. “Ezkondu aurretik, lanean; eta ezkondu ondoren, lanean be bai. Gizonek moilan edo Euskaldunan egiten eben lan, eta emakumeok jostun edo neskame moduan”. Orain dala gitxi arte ez da Txorierritik atera; gaztetan egiten ez ebana laurogeita bi urtegaz egiten hasi zan. “Galizian izan naz, Marbellan, Huelvan, Benidorrean… Ondo pasatu dogu! Egun bateko txangoak be egiten dodaz. Iaz, adibidez, Donostiako Maria Kristina hotelean izan ginan…”. Baina aurten ez dala inora joango dino, “Hankek huts egin, eta lurrera erortzearen beldur naz… Beno, etxeko kotxean bai, txangoren bat egingo dot oraindino!”. Egin behar eban guztia egin dau amama Julik eta bizi izan dituan esperientzien artean gehien harritu dauana ordu-aldaketa izan da. “Zergaitik erlojua aurreratu eta atzeratu?”. Lezaman be aldaketa asko egon dira ehun urteetan. “Pisu barriak egin dabez, asko!”. Hainbat urtean biziko dala ez ebala inoiz imajinatzen dino, halan be, bizitza luzeko familia da berea. “Ama laurogeita hamar urtegaz hil zan; ahizpa bat, laurogeita hamazazpi urtegaz eta izeko bat, ehun eta bat urtegaz”. Bizitza arrunta daroa: goizeko bederatzietan ohetik altxatu, eta logela atondu egiten dau. Gosaldu, eta paseotxo bat emoten dau baserriaren inguruan. Bazkaldu, letra zopak egin, siesta bota… “Hilean behin Adintsuen Elkarteraino hurbiltzen naz, txokolatea edan eta bingoan olgetara”. Telebista ikusi be egiten dau… “Batez be, pilota partidak ikustea gustatzen jat. Pilotazale amorratua izan naz betidanik”. Eta Asegarce eta Aspeko pilotariek, hain zuzen be, opari ederra egin eutsien bere urtebetetze egunean, “begira, album honetan dodaz pilotariek firmatutako argazkiak”. Udalak eta Foru Aldundiak be oroigarrizko plaka bana emon, eta, horrezaz ganera, opari asko jaso ditu. “Pozik nago. Jaungoikoak nahi arte”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).