Elebitasunak zahar-dementzia atzeratzen du

Aikor aldizkaria 2007ko urt. 17a, 09:58

Kanadako ikerlari talde batek egindako ikerlanaren arabera, elebitasunak lau urtean atzeratu ahal ditu zahar-dementziaren sintomak, hizkuntza bakarra hitz egiten dutenen aldean. Ikerlana Torontoko Zahartzea eta Burmuina Ikertzeko Baycrest Zentroko Rotman Ikerketa Institutuan egin dute eta otsailean argitaratuko da Neuropsychologia aldizkarian. Ikerlari taldeak arazo kognitiboak dituzten 184 gaixoren osasun-historialak aztertu zituen 20002. urtetik 20005. urtera bitartean. Gaixoetariko 91k hizkuntza bakarra hitz egiten zuten eta 93 elebidunak ziren. Azken horiek hurrengo hizkuntza hauek hitz egiten zuten: poloniera, “yiddish”–Erdialdeko Europako judutarren dialektoa-, alemanera, errumaniera eta hungariera, besteak beste. Era berean, 132 gaixok Alzheimer eritasunaren sintomak zituzten, eta gainontzekoek beste dementzia mota batzuk. Hizkuntza bakarra hitz egiten zuten taldea aztertu, eta pertsona horiengan dementziaren sintomak 71,4 urteekin agertzen hasi zirela deskubritu zuten; elebidun taldeko pertsonengan, berriz, 75,5 urteekin. Horrezaz gainera, ikerlariek beste parametro batzuk ere kontuan hartu zituzten ikerketa egiteko orduan: kultura ezberdintasunak, etorrera, lana eta sexua. Baina emaitza berdina lortu zuten kasu guztietan. Dena dela, atariko emaitzak dira horiek eta Kanadako ikerlariak elebitasuna eta dementziaren sintomen arteko erlazioa sakonegi ikertzen dabiltza. Beste alde batetik, ikerlariek hainbat azterlan egin zituzten aurretik. Bertan elebitasunak umeengan zein helduengan arreta eta kontrol kognitiboa hobetzen dituela erakutsi zuten. Halaber, bizitzaren azken urteetan bizimoduak (jarduera fisikoa, hezkuntza, gizarte-maila…) “erreserba kognitiboan” eragina duela frogatu zuten. Hori neurona-plastikotasun hobetuari dagokion berba dugu; hau da, burmuineko alde ezberdinak txandaka erabiltzen dira, beste aldeetan galdu diren gaitasunak betetzeko eta garaun-baskulatura joritzeko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).