Estres bako sukaldaria

Aikor aldizkaria 2011ko urr. 21a, 09:12
t/a: Itxaso Marina
Saioan parte hartuko ebala ez euskun esan, baina guk telebistan ikusi dogu, zappinga egiten gengozala. Asier Saenz Dañobeitia Menú stress ETBko reality-n aritu da orain dala hilebete batzuk, eta guk lezamarrarengana jo dogu, gure jakingura asetzeko asmoz. Saioaren izenak kontrakoa adierazoten dauan arren, handik estres barik urten zala aitatu deusku, “oso urduri jarten dan persona ez nazalako”. Saioaren barri facebook-en bidez euki eban, eta produkzino-etxeko ordezkariek luzatutako gonbidapenari nahiko arin esan eutsan baietz. Izan be, Asierrek oso harreman estua dau sukaldaritzagaz. Zaletasuna etxetik jatorko, ama eta amamarengandik, eta astero Lezamako txokoan batzen da lagunakaz, afariren bat-edo prestatzeko. “Oso sukaldari ontzat ez dot neure burua, baina nahiko maila ona dodala uste dot”. Lezamarra beste hiru lagunakaz batera ibili zan saioan, eta bakotxak plater bat prestau behar izan eban. “Nik ez neban ez postrea ez arraina kozinatu gura; eta lebatza saltsa berdean prestatzea tokau jatan”. Plater hori askotan kozinatu dau etxekoentzat; halanda be, arraina kontu handiz ibili behar dan jatekoa da. “Lar egiten bada, sikatu egiten dalako, eta saltseak be galtzen daualako. Eta gitxi egiten bada be, arazoa badago”. Gainera, saioaren zaltasunetariko bat hau da: platera prestatzeko, parte-hartzaileek ordu bi badabez be, ez dabe denporea neurtzeko erlojurik. Hori eretxira egin behar dabe. “Buruz ordenatzen dozuz jarraituko dozuzan pausuak, baina gatxa da bakotxean zenbat denpora emongo dozun zehatz-mehatz jakitea. Adibidez, lebatza arraintegitik datorren moduan jaso neban, eta garbitu behar izan neban. Txirlak be garbitu, fumeta egin, arrautza galdarraztau, hamar lagunentzako anoak atera... Denporea kontroletea ez da bape erraza, eta hori da hain zuzen be saioaren koska”. Ardao botila Oso epaimahaikide zorrotzak ziran saiokoak, eta parte-hartzaileei nahiko puntuazino bajua emon eutseen orokorrean. Asier hirugarren lotu zan, eta aitortu deusku harrezkero ez dauala barriro lebatzik kozinatu. “Txarri-masailak gurago neukezan prestau, ha nahiko ondo ateraten jatan platera dalako. Ganera, okela gitxi edo asko egiteak ez dakar arrainak beste arazorik. Are gehiago, surtan denpora luzean eukiteak laguntzen dau, saltsea loditu egiten dalako”. Esperientzia polita eta bitxia bizi izan ebala aitatu deusku Asierrek. Saioa Eibarreko txoko baten grabau eben, eta, telebistak dauanak alde batera itxita (beroa, lagun asko leku txiki baten, grabazino-orduak...), ondo pasau eban. Parte-hartzaileen arteko harremana be oso ona izan zan; hain ona, ze hozkailuan egoan ardao botila alkarregaz edatea erabagi eben. “Saioak parte-hartzaileen artean lehia apur bat sortzea be badau helburu. Halan, lau lagun egon ginan oso sukalde txiki batean, tresnak eta suak partekatu behar izan genduzan... Baina hasiera-hasieratik euki genduan argi ondo moldatzen saiatuko ginala, eta arazo barik ibili ginan”. Saiotik pozik urten zan arren, lezamarrak baditu kritika batzuk programaren formatuari egiteko. “Lehenengo eta behin, lehiakide bakotxak plater ezbardin bat prestau genduan, eta, nire eretxiz, ez da gauza bera gazpatxoa, arraina, okela edo postrea baloretea. Guztiok plater bardina egin beharko gendukeala pentsaten dot. Eta denporea erloju baten bidez neurtzen itxi beharko leuskiguela. Bestetik, txirlak baino ez nebazan euki lebatza prestatzeko; faltan bota nebazan zainzuriak, idarrak...”. Asierrek ez dau zalantzarik eta sukaldaritza arloko beste saio baten parte hartuko leukela aitatu deusku. “Baina beste formatu bateko programa baten: etxean kozinatu, lagunak konbidatu... Eta merkatura joan, erosketak egitera. Erosketetan ibiltea itzel gustaten jatelako”. Arrozaren maisua Sukaldari ausarta da Asier, sutegietan barritzea gustaten jaken horreetako bat. “Osagarri askogaz ahalegintzen naz. Pikantea gustaten jat, Mexikoko, Indiako eta Hego Amerikako sukaldaritza, espeziak erabiltea...”. Azaldu dogun legez, lezamarrak ia danetarik egiten dau: entsalada bereziak, mihina saltsan, besigua... “Danetarik, postrea izan ezik, oso gozozalea ez nazalako”. Baina zerbait ondo ateraten bajako, hori arroza da. Asier gauza da edozein muetatako arroza prestatzeko: saldatsua, baltza, paella... Lagunek eta senideek dinoe hatzak miazkatzeko modukoa egiten dauala. “Saioan arroza prestauz gero, ez dakit irabaziko neukean, baina ziur nago postu hobea lortuko neukeana”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).