Larrabetzuko estankoak 100 urte bete ditu

Aikor aldizkaria 2007ko api. 4a, 18:46
Martxoaren 14an Larrabetzuko estankoa inauguratu eben, izan be urtarrilean beharrei ekin eutseen bertan, lokalaren egitamua berrantolatzeko asmoz. Baina, itxuraz barria izan arren, estankoak historia luzea dau atzean; 100 urteko historia, hain zuzen be. Migel Uriguenek abarketa-negozioa jarri eban 1906. urtean Andra Mari kaleko Undabarrena baserrian. Negozioak bilakaera haundia izan dau urteetan zehar, abarketak saltzetik estankoa izatera, eta Uriguen familiak kudeatu egin dau beti. Gaur egun Txaro Olabarri –Migelen iloba- da negozioko burua. Beharrean alaba Maitek lagundu egiten deutso. Lehen aitatu dogun moduan, Migel Uriguenek abarketagintza eban ogibidea, eta Undabarrena baserrian zabaldu eban denda. Baina etxea bota behar izan zan, eta horren ordez gaur egungo eraikina altxatu eben. Eraberritze lanek abarketa-negozioaren bilakaera ekarri eben, eta horregaz batera taberna, jangela eta janari-denda be zabaldu ziran lokal berean. Senar-emazteak atzeko etxalekuan bizi ziran 12 seme-alabakaz; goiko solairuak alokairuan izan ebezan 60. hamarkadara arte. Uriguenek 1924. urtean hartu eban estanko-lizentzia. Bittori Txaro Olabarriren ama da, eta horrek lekukoa hartu eutsan aitari 1953. urtean. Garai hartan lokala bitan zatitu egin zan: alde batetik, estankoa-eta jarri eben, eta beste alde batetik, janari-denda. Azken horren ardurea Bittoriren ahizpa batek hartu eban. Era berean, taberna ondoko establezimendura aldatu –gaur egun dagoan lekura, alegia-, eta errentan emon eben. Tabakoa ez ezik apur bat danatarik be hasi zan Bittori saltzen estankoan: zapatak, egunkariak, mertzeria-artikuluak, aldizkariren bat… Uritarrek behar ebezan hainbat gauzea topa eikiezan bertan. Andrea 37 urtean izan zan estankoan, eta Txarok aitite eta amaren negoziogaz jarraitu dau 1990. urtetik hona. Urteak pasa ahala, gero eta artikulu gehiago saltzen hasi dira estankoan: ogia, liburuak, arlo ezberdinetako aldizkariak, kinielak, opariak… Eta lokalaren egitamua ez zan egokia hainbeste gauzea antolatzeko. Horregaitik, urtarrilean erreformea egitea erabaki eben. “Oraindiño detaile batzuk egin barik doguz, baina erreformari esker leku zabalagoa dogu eta oso pozik gagoz. Bezeroak be pozik dagoz. Estankoa oso polito lotu dala esaten deuskue”. Erreforma eta lokalaren 100 urteurrena aldi berean izan dira.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).