Maiatzaren 11tik 15ra bitartean San Isidro jaiak ospatuko dira Derion, eta Udalak eta kultura taldeek, betiko moduan, derioztar guztientzako jai egitarau ezin hobea antolatu dute. Bost egunean herrian izango ditugu musika, erakustaldiak, antzerkia, tailerrak eta kirola, besteak beste. Jai egitarauak berritasunen bat ere ekarriko digu.
Jai egitaraua
Maiatzaren 11, barikua
19:30: Konpartsen jaitsiera. Txapelketa eta animazioa, Guretzat eta Kuklux fanfarreekin.
20:30: Pregoia. Txupinazoa eta txitxiburduntzia.
21:00: Break dance erakustaldia, Mikel Deuna plazan.
22:00: Animazioa fanfarreekin, Txosnan eta Aldekonan.
22:30: Piroteknia ikuskizuna, Uribe parkean, Astondoaren eskutik.
22:45: Kalejirak eta Perfusión taldearen ikuskizuna (danborrak).
23:00: Txitxarrillo, Urkiola plazan.
23:30: Kontzertuak: Basaki, Zea Mays eta Trikizio taldeak, txosnen eremuan (kiroldegiaren aurrean). Tximintx euskara elkarteak antolatuak.
Maiatzaren 12a, zapatua
10:00: Diana, txistulariekin.
11:30: Kultura arteko umeentzako tailerrak, Sollube kalean.
12:30: Argazki Rallyko sari banaketa, Larrabarri baserrian. Derioko Argazki Taldeak antolatua.
13:30: Ipuin kontaketa, Sollube kalean.
17:00-20:00: Bike trial-pista, Mikel Deuna plazan.
18:00: Dantza agerraldia, Lainomendi taldearen eskutik.
19:30: Niño Costrini kale antzerkia, Sollube kalean.
20:00: Gazte topaketa, txosnen eremuan. Santzoka elkarteak antolatua.
23:00: Kalejirak, Batukada eta Txatunga Bembe taldeen eskutik.
23:30: Jamaica Orkestra, txosnen eremuan.
Maiatzaren 13a, igandea
08:00: Ibilaldi neurtua: helduen irteera. Untza mendi taldeak antolatua.
09:00: Ibilaldi neurtua: txikien irteera. Untza mendi taldeak antolatua.
09:30-11:00: Sukalki Eguna, Ipar Alde abesbatzak antolatua. Izen ematea, azokan.
10:00: Diana, txistulariekin.
10:30-14:30: Elikagaien eta Eskulanen Azoka, Gernikako Arbola kalean.
12:00: Taekwondo erakustaldia, eskolan. Doyan gimnasioak antolatua.
17:00: Ibilaldi Neurtuaren sari banaketa.
18:30: Sukalki eta Briska Txapelketaren sari banaketa. Ondoren, dantza, Holliday orkestrarekin.
20:30: Circo Tomate kale antzerkia, Sollube kalean.
Maiatzaren 14a, astelehena
16:00-21:00: Umeentzako parkea.
19:00: Umeentzako berbena, Bakearen plazan, Plis-Plas taldearekin.
Maiatzaren 15a, martitzena
11:00-14:00: Patinatzea, Bilboko Zona Verde klubaren eskutik. Larrabarrin eta, euria eginez gero, herri ikastetxean. Izen ematea, Ludotekan eta Gazte Programan.
11:30-14:00: Umeentzako parkea.
12:30: Marrazki Txapelketa, Odol Argia taldeak antolatua.
16:30-19.30: Umeentzako parkea.
17:00-19:00: Umeentzako herri kirolak eta jolasak, Kulki taldearen eskutik.
17:00-20:00: Skate pista, Mikel Deuna plazan.
18:00: Marrazki eta Konpartsa Txapelketen sari banaketa.
19:00: Idi probak, probalekuan.
Jaien amaiera, dantza eta txokolatada.
Ekitaldi guztiak, egitarauan besterik aipatzen ez bada, Herriko Plazan izango dira. Eta, euria eginez gero, kiroldegian.
Zer entzun… eta zer dantzatu ere bai
Kontzerturik erakargarrienak, gazteentzat behintzat, maiatzaren 11n izango dira txosnen eremuan gaueko 11:30etik aurrera. Izan ere, Basaki, Zea Mays eta Trikizio musika taldeak arituko dira bertan. Leioako lau mutilek osatzen dute Basaki taldea, eta iaz euren hirugarren lana (Esperantzaren Zain) kaleratu zuten. Aitor Gorosabelek (Su Ta Gar), Mikel Gorosabelek ‘Norton’ (EH Sukarra) eta Mikel Bizarrek (Idi Bihotz) hartu dute parte disko horretan.
Beste alde batetik, Zea Mays taldea bosgarren lana prestatzen dabil. Sortuz, grabitatearen aurka da Bilboko laukotearen azken lana.
Baina musika ona entzuteaz gainera, danbor soinuan dantzatzeko aukera ere edukiko dugu jaietan. Izan ere, Perfusion, Batukada eta Txatunga Bembe perkusio taldeek giroa alaituko dute kalerik kale eta tabernarik taberna. Talde horiez gainera, berbenak eta orkestrak ere izango dira.
Jai giroa herriko txoko guztietara helduko da aurten
Derioztar guztiek disfrutatzeko moduko egitaraua antolatzeaz gainera, jai giroa herriko txoko guztietan izatea da Udalak eta kultura elkarteek aurten erronkatzat hartu dituzten gaietarikoa. Horrela, jai gunea handitu, eta bi eszenatoki berri atondu dira: Urkiola plaza eta Bakearen plaza, hain zuzen ere. Urkiola plazan txitxarrilloa egingo dute maiatzaren 11n, eta Bakearen plazan umeei zuzendutako berbena izango da maiatzaren 14an, Plis-Plas taldearen eskutik.
Sukalki Egunak 12. edizioa beteko du
Dudarik ez dago Sukalki Eguna dela jai ekitaldirik erakargarrienetariko bat. Urtero jende asko hartzen du parte. Iaz, 30 kazola aurkeztu ziren, eta parte-hartzaileak Deriokoak ez ezik Txorierriko eta inguruetako herrikoak ere izaten dira. Ez dago ukatzerik, beraz, Sukalki Eguna arrakastatsua dela. Aurtengo txapelketa hamabigarrena da.
Txapelketari goizeko 9:30etan emango zaio hasiera Gernikako Arbola kalean, eta kazolak 12:30a baino lehen aurkeztu beharko dira. Izena azokan bertan eman behar da eta egurra antolatzaileek emango dute. Sua erabiltzea ere onartuko da. Sukalki Eguna Ipar-Alde abesbatzak antolatzen du.
Sukaldari ezagunek osatuko dute epaimahaia, eta guztira zazpi sari emango dituzte: 1. sailkatuarentzat, 250 euro, trofeoa eta txapela; 2. sailkatuarentzat, 200 euro eta trofeoa; 3. sailkatuarentzat, 150 euro eta trofeoa; 4. sailkatuarentzat, 100 euro eta trofeoa; 5. postuarentzat, 50 euro eta trofeoa; 6. sailkatuarentzat, 25 euro eta trofeoa eta 7. sailkatuarentzat, 25 euro eta trofeoa. Sari banaketa arrastiko 6:30ean izango da Herriko Plazan.
Idi-probak, tradizioari eutsiz
Eta ohiturak agintzen duen bezala, idi probak izango dira maiatzaren 15ean; San Isidro egunean, hain zuzen ere. Probak arrastiko 7:30etik aurrera egingo dira Mungialde etorbidean dagoen probalekuan, eta bertan Urdulizko Jose Elortegiren, Lañesko Martin Urrekoetxearen eta Sondikako Jose Luis Lopategiren uztarriek hartuko dute parte. Idi probak ere Derion ikusminik handieneko ekitaldietakoak dira, eta probalekuan jendetza handia batzen da.
Antzinako suak
Jaiei luxuzko hasiera emateko, piroteknia eta musika uztartzen dituen ikuskizuna izango da jaien lehenengo egunean, Astondoa Pirotekniaren eskutik. Gehienok ezagutzen ditugun suak alde batera utzi, eta proposamen berria egingo digute: tradizional finkoa. Hori aurreko mendeko 70-80 hamarkadetara arte ohikoa zen ikuskizuna da. Suzko piezak zutoin batean finkatzen dira, eta, hala, gurpilek edo hodiek sua hartzean, mosaikoak, irudi geometrikoak, lore egiturak eta haizemaileak irudikatzen dituzte. Suak parkean jarriko dira, eta jendeak Gernikako Arbola kaletik ikusi ahalko du ikuskizuna.
Antzerkia kalean ikusiko dugu
Sollube kalea oinezkoentzat egin zutenik, leku atsegina bihurtu da antzerkia egiteko, eta derioztarrak gustura batzen dira bertan. Aurtengo jaietan kale antzezlan bi ikusteko aukera izango dugu: Niño Costrini eta Circo Tomate.
Niño Costrini probokatzaile hutsa da. Ironia eta sarkasmoa espresiobidetzat ditu, eta barrea lanbidetzat. Bere ikuskizunean umorea, zorakeria, zirkoa eta trebetasuna uztartzen ditu, hausnarketarako ere lekua utziz. Ikuskizun honek hainbat sari jaso ditu munduko hainbat jaialditan.
Circo Tomate. Tomatek mundu osoko ikusleak harritu ditu, parodia eta ankerkeria batzen dituen estiloa erabiliz. Ikusleari barre eragiten dio, eta, horretarako, bere burua eta lana parodiatzen ditu. Clown, malabarista, globologo eta pailazo moduan dituen bertuteak azaltzen ditu jendaurrean.
Umeentzako ekitaldiak
Umeak izango dira, ziur asko, jaiez gehien gozatzen direnak, eta hori ere hartu dute kontuan antolatzaileek. Horrela, umeentzako hainbat ekitaldi egingo dira barikutik martitzenera bitartean. Zapatuan, esaterako, tailerrak eta ipuin kontaketa izango dira Sollube kalean, eta domekan ibilaldi neurtuan parte hartzeko aukera izango dute. Astelehenean, umeentzako parkea eta berbena egingo dira, eta martitzenean, parkean primeran pasatzeaz gainera, herri kirolak praktikatu ahalko dituzte, Kulki taldearen eskutik.
Ibilaldi neurtua, Ugalderen omenez
Domekan Derioko XXI. Ibilaldi Neurtuan parte hartzeko aukera egongo da, Untza Mendi Taldearen eskutik. Aurtengo Ibilaldi Neurtua oso berezia izango da, Juanjo Ugalderi omenaldia egingo diote-eta. Ugalde Untza taldearen kidea zen, eta hil da.
Ibilaldiak bi ibilbide ditu: bata 11 urtetik gorakoei zuzenduta (16,5 km), eta bestea 3 urtetik 10 urtera bitarteko umeei zuzenduta (8,5 km).
Martxa biak Udaletxearen Plazatik aterako dira eta hurrengo ibilbide hau egingo dute: Seminarioa - Nekazaritza-eskola – Kaltzekoerroeta errota –Aramendi jatetxea. Leku horretan txikien ibilbidea eta nagusiena ezberdinak izango dira (txikiak: Zubietako bihurgunea– Deurikas baserria –Teknologi Parkeko errepidea – Seminarioko tenis-pistak –Rekalde parkea –Uribe parkea –plaza; nagusiak: San Bartolome ermita – Berriaga mendia – Geldos auzoa –Basaras baserria –Arzaios baserria –San Cristobal ermita –Garai-Beko –Rekalde parkea –Uribe parkea –plaza).
Ibilaldi Neurtua jaietako ekitaldirik arrakastatsuenetarikoa da, bertan partehartze handia izaten baita. Iaz, adibidez, 280 nagusik eta 98 haurrek parte hartu zuten.
Sariak Udaletxearen Plazan banatuko dituzte arratsaldeko 5etan.
Kalitatea eta hurbiltasuna: azokaren ezaugarriak
Derioko Elikagaien eta Eskulanen Azokak 12 urte bete ditu, eta filosofia berriarekin dator aurten. Horrela, antolatzaileak (Txoria Kultur Elkartea) EHNE sindikatuarekin dabil lanean, eta aurtengo ediziora produktoreak baino ez ekartzea erabaki dute.
Azokan 50 ekoizle inguruk –ortuariak, ogia eta pastela, sendabelarrak… - parte hartuko dute, eta horietatik 10 gazte ekoizle izango dira. Horrezaz gainera, partehartzaileak Deriotik ahalik eta herri hurbilenetakoak izaten ahaleginduko dira antolatzaileak.
Beste alde batetik, txakolin dastatzea egingo dute, eta urtean zehar udal tailerretan egindako eskulanak egongo dira ikusgai. Animaliak eta umeentzako ekitaldiak ere izango dira azokan, eta Euskal Herriko hazien erakusketa antolatuko da, EHNE sindikatuaren eskutik.
Gazte Topaketak, lehenengo aldiz jaietan
Gazteei zuzendutako ekitaldi ugari egongo dira aurtengo jaietan. Horrela, kontzertuez aparte break dance eta patinatze saioak egingo dituzte, eta skate eta trial-pistak jarriko dira.
Beste alde batetik Santzoka elkarteak Gazte Topaketak antolatzeko asmoa du zapatuan. Ekitaldi horrek Derioko koadrilak batzea du helburu, eta antolatzaileek proposatzen dutena hurrengoa da: gazteak txosnen gunean biltzea, eta bertan askari-afaria egitea. Koadrila bakoitzak bere janaria eraman beharko du; hala ere, sua egingo da, nahi duenak okela prestatzeko bertan. Ostean, koadrilen arteko lehiaketa egongo da.