Txapelketa gastronomikoak eta animazioa, nagusi Lo

Aikor aldizkaria 2007ko mai. 11a, 11:11
Loiuko San Pedro eta Santa Luzia jaiak bero-bero datoz aurten. Ekainaren 28tik uztailaren 1era bitartean animazioa eta giro ona nagusi izango dira herrian, jai-batzordeak loiutar guztiengan pentsatuz ekitaldi sorta zabala antolatu du-eta: berbenak, kale-antzerkia, dantzen agerraldia, eta, batez ere, txapelketa gastronomikoak. Izan ere, Loiukoek badakite gastronomiaz ondo gozatzen. Eta jendea jaietan parte hatzera animatzeko, zapiak eta giltzatakoak banatuko dituzte etxez etxe jai-egitarauarekin batera. Beste alde batetik, 15 urteren ostean jai-batzordeak txosna jarriko du, eta batzen den diruaren zati bat Behar Bidasoa Gobernuz Kanpoko Erakundeari emango diote. Jaiak antolatzeko, 43.000 €ko aurrekontua izan dute. Jai egitaraua Ekainaren 28a, eguena 19:00: Koadrilen jaitsiera Landatxueta kaletik plazara, Txatunga Bembe taldeko perkusio-joleekin. 19:45: Pregoiaren irakurtzea. 20:00: Paleta Txapelketaren finalaurrekoak. III. Tortilla Txapelketa. 21:30: Tortillen aurkezpena. 22:30: Berbena, Beste Bat taldearen eskutik. Ekainaren 29a, ostirala (San Pedro) 10:00: Kalejira. 12:00: Meza. 14:00: Nagusientzako bazkaria, Zabaloetxeko frontoian. Herri-bazkaria, udaletxe inguruko zelaietan. Bakoitzak bere bazkaria eta tresneria eraman behar du. 18:00: Umeentzako kale-antzerkia, Sorgina taldearen eskutik. Idi-probak udaletxe atzeko parkingean. 20:00: Pilota partidak, Zabaloetxe frontoian. 20:30: Sardina jana. 21:00: Loiuko III. Pintxo Txapelketa. 22:00: Berbena, Egan-Berri taldearen eskutik. 02:00: Pixpila disko-busa: DJak, go-goak, Drag Queen-ak… Ekainaren 30a, zapatua (Santa Luzia) 10:00: Kalejira. Goizean zehar trikitilariak eta gaiteroak ibiliko dira herritik. Haurrentzako jolas-parkea ere izango da. Loiuko Jaiak III. Paella Txapelketa. 11:00: Umeentzako Pintura Lehiaketa. 12:00: Meza. 13:00: Umeentzako Pintura Lehiaketaren sari banaketa. 14:00: Paellen aurkezpena. 16:00: Bitsa jaia. 17:00: Paella Txapelketaren sari banaketa. 17:15: The McKensy´s Cland Band, landan. 18:00: Umeentzako berbena landan, Hotza taldearen eskutik. 21:30: The McKensy´s Cland Band, herritik zehar. 23:00: Berbena, Nuevo Talismán Show taldearen eskutik. 03:00: Diskoteka, Zunzunegirekin. Uztailaren 1a, domeka 10:00: Kalejira. 10:30: Erraldoiak eta buruhandiak, Ondalan taldearen eskutik. 11:00: Meza. 11:30: Haurrentzako jolas-parkea. 11:45: Luncha, Zabaloetxeko frontoian. 12:15: Dantza agerraldia, Loiuko LEKE taldearen eskutik, eta trikitixa tailerraren erakustaldia, plazan. 16:30: Haurrentzako jolas-parkea. 17:30: Potxin eta Patxin pailazoak. 18:00: Paleta Txapelketaren finala. 19:00: Iruñako Ortzadar dantza taldearen emanaldia. 20:30: Bilbainadak, Los Txikis taldearen eskutik. 22:00: Patxiko maskotaren erretzea eta txokolatada. 22:15: Erromeria, Elorrio taldearen eskutik. 00:30: Jaien amaiera. Arratsaldean barrakak erdi prezioan izango dira. Aikor!, jaietako pregonaria Aikor! aldizkariak Txorierrin, eta Loiun ere bai, izan duen harrera ona ikusita, Udalak Xabier Goienetxe aldizkariaren zuzendariari aurtengo pregoia irakurtzeko gonbidapena luzatu dio. Eta horrek pozik botako du. “Zuen lana aintzat eman nahi dugu, izan ere, Txorierriko herriak elkarrengana hurbiltzeaz gainera, euskara, gure hizkuntza eta hainbat urtean galtzear izan dena, berreskuratzen laguntzen duzuelako”, azaldu digute. Idi-probak, aurtengo nobedadea Tradizioa berreskuratu, eta zazpi urteren ostean, idi-probak izango dira berriro Loiuko jaietan. Horiek Larrakoetxe herri kirol taldearen laguntzarekin antolatu dute, eta bertan Loiuko Aitor Larrazabalen, Martin Aurrekoetxearen eta Bernabé Beitiaren uztarriek parte hartuko dute. “Idi-probak euskal tradizioaren parte inportantea dira, eta herritarrengana hurbildu nahi dugu; umeengana, batez ere. Gainera, idi horiek ez dira inoiz plazara atera, eta ondorioz, artekariek primeran pasatuko dute”. Dibertsioa erruz Kontzertu handiak ez zituztela herrira ekarri nahi argi izan dute hasieratik, eta horien ordez adin guztiei zuzendutako alternatibak ekartzen dizkigute. Horrela, Txatunga Bembe perkusio taldeak jaien hasiera berotuko du, eta Beste Bat, Egan-Berri eta Nuevo Talisman Show taldeek gaua girotuko dute eguenean, barikuan eta zapatuan, hurrenez hurren. Horrezaz gainera, Pixpila disko-buseko go-goek eta Drag Queen-ek ukitze lizuna emango diote goizaldeari zapatuan. Horrezaz gainera, umeentzako berbena izango da Hontza taldearen eskutik, eta The McKensy´s Cland Bandakoak herritik ibiliko dira, euren musika zelta eta antzezte dibertigarria loiutarrei hurbiltzeko. Diskoteka ere antolatu dute Zunzunegiren eskutik, eta Los Txikis taldearen bilbainadek eta Elorrio taldeak amaiera emango diete jaiei”. Paleta Txapelketa, berriro ere Jaietan aspaldidanik egin dira gomazko pala txapelketak, baina iaz paletarekin saiatzea erabaki zuten. Eta horrek eduki zuen arrakasta ikusita, aurten ere antolatuko da. “Binakako txapelketa da, amateur mailan, eta iaz lagun askok izena eman zuten bertan. Oso maila ona egon zen, eta Gauekak ere parte hartu zuen txapelketan. Hori profesionala da”. Txapelketa Harrobi Loiuko Pala-Klubak antolatu du. Sukalde lanetan Txapelketa gastronomikoak jaietako ekintzarik arrakastatsuenak dira, eta loiutar gehien ez ezik kanpotar asko ere batzen dituztenak. Horrela, bada, Tortilla Txapelketan nagusiek zein umeek parte hartzen dute, eta iaz 20 tortilla aurkeztu ziren. Txapelketa Erandio Goikoko koadrila batek irabazi zuen. Aurten hiru sari emango dira, eta epaimahaia Bilboko Izaro tabernako Raulek eta Izarok osatuko dute. Horiek Bizkaiko txapeldunak izan dira bi urte jarraian. Ospe handiko sukaldariek Loiuko Pintxo Txapelketaren gaineko berbak entzun, eta horiek ere bertan parte hartzen dute herritarrekin eta kanpotarrekin batera. “Joan den urtean 20 bat pertsonak aurkeztu zituzten euren sortzeak. Guk kalitateari eta irudimenari ematen diegu garrantzia. Hiru trofeo banatuko dira”. Baina, zalantza barik, ikusmin handia sortzen duena Paella Txapelketa da. Izena emateko epea zabaldu, eta handik bi egunera ez zegoen lekurik. “65 koadrila daude, eta itxaronzerrenda sortu behar izan dugu. Datozen urteei begira, topatu beharko genuke beste era bat, txapelketa antolatzeko”. 65 koadrila horietatik 60 Loiukoak dira, eta gainontzekoak kanpotarrak; Bilbokoak, Getxokoak eta Gernikakoak, hain zuzen ere. Orotara, 11 sari emango dituzte: 75 € eta trofeoa lehenengo postua lortzen duen loiutarrari, eta sailkapen orokorrean, 150 € gehi trofeoa irabazleari, 75 € gehi trofeoa bigarrenari eta 50 € gehi trofeoa hirugarrenari. Gainontzekoek trofeo bana jasoko dute. “Eta azken sailkatuari egurrezko koilara emango diogu, bere esfortzua saritzeko eta hurrengoan arroza hobeto eragin behar duela gogorarazteko”. Arrikibar jatetxeko Mikel Barinagarrementeriak, Loiuko Batzokiko Aitor Calvetek, Yandiola jatetxeko Borja Etxebarriak eta Taloaska jatetxeko Alfredo Lassok osatuko dute epaimahaia.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).