Gurasoak ere eskolara doaz

Aikor aldizkaria 2007ko eka. 13a, 10:39
Arrekikili Larrabetzuko Euskara Elkarteak eta uriko Gurasoen Elkarteak Euskara Tailerra martxan jarri dute urtarriletik ekainera bitartean. Tailer horretan parte hartu duten gehienak gurasoak dira, eta “euskara praktikatzea eta lantzea, baina zerbait ikasiz” izan dute helburu nagusia. Euskara Tailerra antolatzeko ideia Arrekikilik eta Guraso Elkarteak izan zuten ia aldi berean. Arrekikilik aspaldian bultzatu zituen Berbalagun taldeak, baina, berba egiteaz gainera, euskara ikasteko ere talde bat sortzeko beharra ikusi zuen. Guraso Elkartean kezka bera izan zuten: ohiko aukerez aparte, zerbait hurbilagoa antolatu nahi zuten eskolan seme-alabak zituzten gurasoek euskara ikasi ahal izateko. Elkarte biak harremanetan jarri eta proiektua diseinatzen hasi ziren. Talde “bitxia” sortu nahi zuten, zeina maila ezberdinetako pertsonak osatuko baitzuten. Gainera, nahi zuenak izena eman ahalko zuen bertan, inongo baldintzarik bete behar izan barik. Horrela, gurasoek ez ezik beste larrabetzuarrek ere parte hartu dute tailerrean, eta bederatzi ikaslek ikasturtea bukatu badute ere, taldetik hainbat lagun pasatu dira sei hilabete hauetan. Euskara-maila ezberdinetako lagunek osatzen duten taldea aurrera eramatea ez da lan erraza; hala ere, tailerrean arduraduna bi egoteak (Xiberu eta Ines) lagundu die behar horretan eta talde bi sortu ahal izan dituzte: txikiak eta handiak. Lehenengo taldean maila baxuagoa duten ikasleak daude, eta bigarrenean, maila altuagoa dutenak. Talde biek metodologia bera erabili dute euskara ikasteko: ipuinak, antzerkia eta egoerak landu. Baina horiek talde bakoitzaren beharrizanak kontuan hartuta prestatu dituzte. Adibidez, ipuinekin lan egiten zutenean, talde bakoitzak zati bat lantzen zuen, eta kontaketa guztien artean egiten zuten. “Ez dakigu asmatu dugun ala ez, baina ondo atera da eta abiapuntua izan daiteke”, esan digute arduradunek. Argi dagoena da ikasleak gogoz joan direla eskolara eta euskara apur bat gehiago ikasi dutela. Are gehiago, zerotik hasi den ikaslea badago taldean, eta sei hilabetean elkarrizketen hariari jarraitzea lortu du. Talde heterogeneoa; formatu egokia Euskara Tailerra bisitatu dugunean Maite, Marta, Mari Mar, Joseba, Edu, Maribel eta Igone topatu ditugu klasean. Gehienek seme-alabak dituzte eta hori izan da tailerrean parte hartzera bultzatu dituzten arrazoi nagusienetarikoa. Baina beste batzuk ere bota dituzte galdetu zaienean; herriko euskara ikasteko eta aspaldian ikasitakoa gogora ekartzeko, euren artean. Edozelan ere, guztiak bat datoz argudio batekin: tailerraren malgutasuna. Eskola barikuetan, arratsaldeko 5etatik 6:30era bitartean, jaso dute eskolako liburutegian eta, horrela, lana, seme-alabak eta etxea uztartu ahal izan dituzte. Guztiek positibotzat hartu dute esperientzia eta irakasle biek egindako esfortzua balioetsi nahi dute: “Gurea hain talde heterogeneo izanda, zaila izan behar omen da haientzat, baina lan bikaina egin dute. Gainera, ez dugu ahaztu behar tailerra doan dela. Beste alde batetik, formatua oso ona izan da guretzat eta elkarrengandik ikasi dugu. Badakigu ez dugula titulurik lortuko, baina gure helbururik nagusiena gure artean euskaraz komunikatzea izan da hasiera-hasieratik, eta hori lortu dugu”. Era berean, etxean ez ezik kalean ere praktikan jarri dute eskolan ikasitakoa. “Gabeziak izan direla onartu ere egin behar dugu, eta gauzak askoz hobeto egin ahal direla. “Txikiek”, esate baterako, bide gehiago beharko lituzke, beharbada; baina beti ere formatu txikian…”, aipatu dute irakasleek. “Baina guk ez dugu hutsunerik sumatu; ezta exijitu ere!”, erantzun diete. Datorren ikasturtean Euskara Tailerra martxan jarriko dute berriro. Metodologia aldetik gauzak hobeto egiten ahaleginduko dira eta herriko euskara gehiago lantzea ere hartuko dute erronkatzat. Horrezaz gainera, bide egokiagoak eta eragingarriagoak topatuko dituzte Euskara Tailerrean izena emateko epea ezagutzera emateko eta horren berri ahalik eta larrabetzuar gehienengana heltzeko. Aurtengo ikasleek, behintzat, hurrengo ikasturtean Euskara Tailerrean jarraituko dutela ziurtatu digute.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).