Institutuak eraikin berria behar du, noizko?

Aikor aldizkaria 2007ko eka. 14a, 13:59
Txorierrik hazkunde itzela izan du azken urteotan eta horren ondorioz, gero eta ikasle gehiago daude eskoletan. Ikasle gehienak institutura joango dira eta laster leku-arazoa izango da bertan. Hezkuntza Ordezkaritza sei urte barrurako eraikin berria egiteko prest azaldu da; hala ere, guraso elkarteek prozesua arintzeko eskatzen dute. Derioko eskolako Guraso Elkarteak batu dituen datuen arabera, Txorierriko herri ikastetxeetako ikasle-kopuruak %27ko hazkundea izan du azken lau urteotan (235 ikasle gehiago). Datuok herrialde guztietan jaso dituzte Loiun izan ezik, bertan ez baitago herri ikastetxerik. Aurreko urteetan 83-88 lagun inguru pasatu dira Lehen Hezkuntzatik institutura, baina, aurreikuspenetan agertzen den moduan, zifra hori 99ra ailegatuko da 2009-2010 ikasturterako. Horrezaz gainera, Txorierrin gero eta etxebizitza gehiago eraikitzeak haranera familia gehiago etortzea ekarriko du eta, beste alde batetik, etor daitezkeen etorkinak ere kontuan hartu behar dira. Txorierrik izan eta izaten ari den populazio-hazkundea herri ikastetxeetan nabaritzen hasi da eta zentro batzuk –Deriokoa, esate baterako- egoera berrira egokitu behar izan dira puntualki, ikasle guztiak hartu ahal izateko. Horrek guztiak isla izango du institutuan, izan ere, eskoletako ikasleen ia %100k bertan jarraitzen ditu ikasketak. “Urte bi barru ikasgela gehiago beharko dira eta ez dago lekurik. Guk ahalik eta arinen beste eraikin bat egiteko eskatzen dugu. Horrek ikasleak hartuko ditu eta eskolak aspaldian institutuari utzitako eraikina berreskuratu ahalko du eta, horrela, leku-arazoa konpondu”, esan digute Derioko Guraso Elkartekoek. Sei urte: oso epe luzea Joan den urteko maiatzean Derioko eskolako zuzendariak, institutuko zuzendariak eta Txorierriko alkateek Hezkuntza Ordezkaritzara jo eta arazoa azaldu zieten. Erantzuna urtebete pasa ondoren jaso dute: Ordezkaritza sei urteren buruko eraikin berri bat egiteko prest agertu da, baina, Derioko Udalak orubea eman beharko lieke, horretarako. Udala kamioiak aparkatzen dituzten orubea emateko prest azaldu da. Orube hori institutu ondoan dago, eta kamioi-aparkalekua beste leku batera eramango dute; autobia ondora, hain zuzen ere. Txorierriko herri ikastetxe guztietako Guraso Elkarteak bildu eta idatzi bat onartu dute, gaiaren gaineko euren iritzia ezagutzera emateko. Azaldu diguten moduan, sei urte oso epe luzea da eta eraikina egoera jasanezina izan baino lehenago altxatu behar da. “Bitartean, zer egin behar dute ikasleek? Prekarioan egon? Leku-faltak gure seme-alaben hezkuntza-kalitatea jaistea ekarriko luke eta ez gaude hori onartzeko prest”. Idatzia Txorierriko udaletxe guztietan aurkeztu dute eta Mankomunitatera eta Hezkuntza Ordezkaritzara eramateko asmoa ere badute, eraikitze lanak arintzeko exijitzeko. Txorierri Institutuan 425 ikasle gutxi gorabehera daude gaur egun. Ikasle-kopurua nahiko antzekoa izan da azken urteotan, baina datorren ikasturte begira ikasgela berri bat sortu beharko da DBHko lehenengo mailan eta 2012-2013 ikasturtean 150 ikasle berri inguru matrikulatzea aurreikusten dute. Orduan benetako arazoa etorriko da. “Ikasle-kopuruaren hazkundea eskoletan batez ere nabaritu da; institutuan ez horrenbeste. Hala ere, herri ikastetxeetan matrikulatuta dauden ikasleak –zein datozen urteotan bertora bizi izatera etorri ahal direnak ere bai, gainera-, kontuan hartuta, hemendik urte batzuetara izango ditugun beharrizanek kezkatzen gaituzte. Baina egoera oraindik ez da larria institutuan”, aipatu digu Jose Luis Egiluz institutuko zuzendariak. Hezkuntza Ordezkaritzak esandakoaren arabera, eraikin berria 2013. urterako izango litzateke bukatuta eta bitartean hala edo nola moldatu ahalko liratekeela ziurtatu digu Egiluzek. “Hala ere, eraikina lehenago egin beharko zela uste dugu; ez gugatik, eskolagatik baino. Guk gaur egun gauden moduan beste lauzpabost urte iraun ditzakegu, eta egia da hiru urte barru, ziur asko, zailtasunak izango ditugula eta gela batzuk institutu eta ikasle-kopuruaren beharrizanetara egokitu beharko ditugula, baina konponduko ginateke. Benetako arazoa sei urteren buruan izango dugu. Dena dela, Ordezkaritzak emandako hitza ona izan arren, epeak arintzen badira, askoz hobeto guztiontzat”. Orubea, urtebete barru izango da prest Lehen aipatu dugun moduan, Derioko Udala prest dago kamioi-aparkalekua dagoen orubea uzteko, bertan institutuko eraikin berria altxatzeko. Baina, Lander Aiarza alkateak azaldu digun bezala, gestioa Mankomunitatearen bidez egin behar da, institutuaren ardura hari baitagokio. “Aparkalekua beste leku batera eramateko bete behar diren tramiteak-eta kontuan hartuta, urtebete edo urte eta erdi barru orubea eraikitze lanak hasteko modukoa egongo dela uste dugu”. Aiarza Txorierriko beste alkateekin bilduko da laster eta, horren ostean, Guraso Elkarteekin, institutuko zuzendariarekin eta eskolako zuzendariarekin ere bilera egiteko asmoa du. Era berean, Mankomunitatetik Eusko Jaurlaritza eta Hezkuntza Sailara jo eta eraikina egiteko epeak laburtzen ahaleginduko direla ziurtatu digu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).