Pilota partidak, odoloste jana, herri kirolak, bertsolariak, erromeriak, antzerkia, jazz emanaldiak, txapelketak, bizikleta igoera, idi-probak, jokoak… Larrabetzuko Andramariek eta Emeteriek osagai guztiak dabez jaiak ezin hobeak izateko. Intxurreta jai-batzordeak lau urte daroaz horreek antolatzen eta Aikor! aldizkariak bertako kide bategaz berba egiteko aukerea izan dau.
Zer kontau ahal deuskuzu jaien gainean.
Nobedade handirik ez dago. Jai-batzordea orain dala lau urte osatu arren, kide askok urteak daroaz jaiak prestatzen, eta, egia esan, lan handia egin behar da eta azkenean erre egiten zara. Horrezaz ganera, nahiko geldituta gagoz ideien aldetik. Hori dala-eta, komisioan jente barriak parte hartzeko deia egin dogu, baina bizpahiru lagun baino ez dira animatu. Halanda be gaur arte antolatutako jaiak oso partehartzaileak izan dirala uste dogu, eta, horregaitik, antzeko formula bat errepikatu dogu aurten be bai.
Baina nobedaderen bat egongo da, ezta?
Aipagarriena Potato taldearen kontzertua da, beharbada. Hori aurrekontutik kanpo gelditu jaku, baina Udalak bertan sartzea onartu dau. Aurtengoa Potatoren azken urtea da eszenatoki gainean eta edade guztietako jendearen gustukoa izan daitekeela kontuan hartuta, Larrabetzura ekartzea pentsatu dogu. Herriak be oparitxo bat merezi dau, nire ustez.
Beste alde batetik, txupinazoa nahiko tristea izaten da: txupina bota eta listo. Aurtengo jaietan jaitsiera egitea be bururatu jaku, nahiz eta oraindino oso zehaztuta ez izan. Lekuko antzeko bat egongo da eta iazko Koadrila Eguna irabazi ebenek mezua irakurri eta aurtengo irabazleei pasatuko deutsee. Apaingarrizko zentro txapelketa bat antolatzea be proposatu da, eta Emeterietan ardi txakurren erakustaldia eta aizkora desafioa izango doguz lehenengo aldiz.
Eta aurreko urteetan erabat arrakastatsuak izan ziran ekitaldiak errepikatuko dozuez…
Bai. Iaz estreinako aldiz antolatu genduzan Kantuz Kantu ekitaldia eta herri afaria eta oso esperientzia polita izan zan. Mahaiak eta aulkiak 150 pertsonarentzat eroan genduzan eta plazan 250 lagun inguru batu ginan. Pilota partidak izango dira barriro, izan be, iaz ezin izan genduzan antolatu aurrekontua zala-eta… Jazz eta funky emanaldiak orain urte bi hasi ginan egiten eta bertan ez da jendetza handia batzen, baina dagozanak oso gustura dagoz. Eta Ematerietan idi probak edukiko doguz. Oso arrakasta handia izaten dabe.
Probalekua obretan dago. Ea ordurako prest dagoen.
Tapia eta Leturia klasiko bat izan dira Larrabetzuko jaietan; aurten ez dira etorriko…
Urteak daroez etortzen, baina jendea nekatzen hasi da eta aurten ez ekartzea erabaki dogu. Ez dakigu etorkizunean deituko doguzan barriro.
Nabarmendu beharko bazendu ekitaldi bat jai-egitarautik, zein izango litzateke hori?
Asto karrera, kalera jende gehien ateratzen dauan ekitaldia baita. Andra Mari kalea jendez gainezka egoten da egun horretan.
Egitaraua herrian eta larrabetzuarrengan pentsatuz, batez be, osatu dozue…
Azken baten jaiak herriko jentearentzat izan behar dira. Ez dogu itxaroten kanpotarrak etortzea… Potato ikustera bai, beharbada. Beno, guk pilo bat disfrutatuko dogu eta etortzen diranak be ongi etorriak izango dira, baina herriko jaiak herrikoentzat dira, batez be.
Nola antolatuko da jai-gunea?
Betiko moduan. Eliza aurrean eszenatoki txiki bat jarriko da eta plazan, txosna bat eta eszenatoki handia. Plazan obretan gagoz eta faena handia da, baina ez dago beste bueltarik. Eta San Bartolome Loroño auzoan izango da eta Emeteriak, Goikolexean.
Jai-egitaraua
Andramariak
Abuztuaren 11n eta 12an, zapatua eta domeka
18:00: Futbol Zazpi Txapelketa
Abuztuaren 13an, astelehena
18:30: Umeen pilota partidak, Olarreta Pilota Elkartearen eskutik
21:30: Herri-afaria / Kantuz Kantu
Abuztuaren 14an, martitzena
18:30: Pilota jaialdia (profesionalak)
4 ½ eskuz banaka: Mikel – Antxia
Eskuz binaka: Amarika – J. Gomez; Urdaniz – Zabala
21:30: Txupinazoa (Kalejira: Akarmari, txistulariak…)
22:00: Odoloste jana tabernetan
Jazz emanaldia, El Tercer Hombre taldeagaz
23:30: Erromeria, Amaiur taldeagaz
Abuztuaren 15ean, eguaztena
12:00: Txistulariak
12:30: Herri kirolen erakustaldia:
Aizkolariek : Fausto Mugerza eta Elorriaga
Iparraldeko jokoak: Jose Mari Atutxa eta Tubi
Harri jasotzailea: Joseba Ostolaza
13:30: Pintxo dastatzea plazan
18:30: Asto karrera
19:30: Bertsolariak balkoitik balkoira: Arkaitz Estiballez – Maialen Lujanbio
21:00: Bozza nova musika, Mauricio Meneses Cuarteto taldeagaz
22:30: Erromeria Laiotz taldeagaz
23:30: Visa Vis antzezlana, Trapu Zaharrak taldearen eskutik
24:30: Erromeria Laiotz taldeagaz
Abuztuaren 16an, eguena
11:00: Kalejira, Ondalan konpartsagaz: erraldoiak, buruhandiak eta kilikiak
12:00: Umeen jokoak
14:30: Umeen bazkaria
17:00: Antzerkia, Goloka taldearen eskutik
18:30: Goitibehera Txapelketa Lokala
19:00: Erromeria Gure Etxean
20:30: Blues musika, Blues de Luxe taldeagaz
22:30: Kontzertua: Potato eta erromeria: Lisker
Abuztuaren 24, barikua. San Bartolome
13:30: Bizikleta igoera
14:00: Paella Txapelketa
17:00: Briska Txapelketa
Emeteriak
Abuztuaren 30, eguena
20:00: Txupinazoa – txistulariak
21:00: Odoloste eta txorizo jana
22:00: Erromeria, Erdizka Lauetan taldeagaz
Abuztuaren 31n, barikua
13:30: Bertsolariak: Xabier Amuriza – Andoni Egaña
17:00: Briska Txapelketa
20:00: Idi probak:
Toñin Cotarelo (Samaño-Cantabria)
Joseba Bikarregi (Loiu)
Jose Elortegi "Txapas" (Barrika)
23:00: Erromeria, Egan taldeagaz
Irailaren 1ean, zapatua
12:00: Ardi txakurren erakustaldia
14:30: Marmitako Txapelketa
17:00: Mus Txapelketa
Umeentzako antzerkia, Antzezkizuna taldearen eskutik
18:00: Xiba jokoak
19:30: Aizkora desafioa: Beñat Lekue eta Aritz Oregi
20:30: Barrenetxera bizikleta igoera
23:00: Erromeria, Jo & Hanka taldeagaz