Intxurreta Larrabetzuko jai-batzordeak herritarren parte-hartzea sustatzea eta jaiak indarbarritzea hartu dauz helburutzat aurten. Helburuok lortzeko erabili daben estrategiaren barri emongo deuskue hurrengo lerroetan.
Zer topauko dabe larrabetzuarrek aurtengo jaietan?
Buelta bat emon deutsagu programazinoari eta gauza barri batzuk sartu doguz. Halanda be, betiko moduan, musikea, jolasak, afariak, bazkariak, kirola, ohitura zaharrak... egongo dira. Lagun guztientzako ekintzak dagoz, herritik sortutako jaiak izanik herritarrentzat diralako, eta bertan adin ezbardinetako personek hartzen dabelako parte. Honenbestez, ezinbestekoa izango da jentearen parte-hartzea.
Aurreko urteetako formula berari jarraitu deutsazue, baina aldaketakaz.
Ekintzak moldatu doguz, barriak sartu doguz eta antxinako ekintzak be berreskuratu doguz... Aldaketa hau beharrezkoa dala uste dogu. Izan be, gure herriko jaiak oso monotono bihurtzeko arriskuan egozan eta aldaketak lagungarriak dira jentea motibetako.
Berreskuratutako ekintzen artean, zein azpimarratuko zeunkie?
Antxinako ohitura horreek jenteak halan eskatu daualako berreskuratu dira, eta hareen artean sokamuturra azpimarratuko genduke. Hori ikusteko gogoa dau jenteak.
Azpimarratuko zeunkiezan beste ekintza batzuk?
Esate baterako, nesken eskupelotea eta pala partiduak. Euskal Herrian ezohiko ekintza bat dalako eta uste dogulako pausu bat dala kirol horretan nesken parte-hartzea bultzatzeko. Bestalde, La Colla Castellera Kataluniako taldearen ikuskizuna eta tailerra be aitatu gurako gendukez. Eta abuztuaren 16an Umeen Eguna izango dala eta han Saharatik etorritako umeek parte hartuko dabela.
Zein izango da ekitaldirik erakargarriena, zuen ustez?
Ekarpen barri guztiak izango dira erakargarriak aurten, barria danak erakarten daualako. Baina beti egongo dira indartsuak diran ohiko ekintzak, esate baterako abuztuaren 13ko herri afaria eta kaleko antzerkia.
Txapelketen sariak be mamintsuagoak izango dira.
Ekintza asko lehiaketak dira eta orain arteko sariak ez dira nabarmenak izan. Aurten sariak emongo dira txapelketa guztietan, eta, diruz gainera, materiala be oparituko da. Era berean, jai-egitarauan iragarrita ez dagoan beste ekintza baten be emongo da saria: karrozarik onena. Hori antxinako ohitura bat da. Herriko koadrilak mozorrotuten ziran jaietako edozein egunetan eta urtetan eben herria girotzera. Ohitura hori indarra galtzen joan da denporearen poderioz, eta barriro indartzeko asmoa dogula, saria ipini dogu. Umeek, gazteek eta nagusiek karrozak egin daiezan eta kalera mozorrotuta urten daien, taldean.
Emeteriak be prestau dozuez. Zer kontau ahal deuskuzue horreei buruz?
Emeterietan be ekintza barriak sartu doguz, eta beste batzuk moldatu. Apurka-apurka indarra galtzen doazan jai honeei be emon gura deutsegu bizitasuna: kontzerturen bat ipiniz, txapelketak antolatuz, aurten zikiro-jana antolatuz...
Krisia nabarituko da?
Krisia beti nabaritzen da, baina herritarren eta ingurukoen parte-hartzeagaz jai txukunak egin daitekez, diru gitxiagogaz be. Horretarako, herria girotu, festarako grina sortu eta parte-hartzea sustatzeko ekintzak be egingo doguz jai aurretik. Adibidez, orain dala hilabete bat goitibehera tailerra egin zan, herritarrek goitibehera ezbardinak sortu daiezan, eta horreek jatsieran erabili daiezan. Beste alde batetik, uztailaren 30ean jaien aurkezpena egingo da igerilekuan, horreen barri emoteko.
Jai-batzordearen ardatzetariko bat herritarren parte-hartzea bultzatzea izan da beti.
Eta horretarako, besteak beste, barritasuna behar da, ideia barriak, jente barria eta gaztea, ilusinoz eta adoretsu behar egingo daben herritarrak. Beraz, jai-batzordearen izenean etortzeko gonbitea egiten dogu, jaiak herritar guztion gustukoak izan daitezan.
Andramariak
Abuztuak 12, martitzena
17:00: Futbol 7 Txapelketea (Kanporaketak, 12 urtera artekoak eta 12 urtetik gorakoak. Izena emotea: abuztuaren 9a baino lehen, igerilekuan).
Abuztuak 13, eguaztena
17:00: Futbol 7 Txapelketea: finalaurrekoak eta finala.
20:00: Herri afaria + Futbol 7 Txapelketearen sariak banatzea.
22:30: Kantuke: herriko musikariak eta kantu lehiaketea. Banaka, taldeka, zuzenean, play back... Euskeraz.
Abuztuak 14, eguena
20:00: Txupinazoa, herriko trikitilari, txistulari, Akermari, Paskuala eta Matxinegaz.
22:00: Erromeria, Urrats taldeagaz.
Abuztuak 15, barikua
08:00: Sokamuturra.
10:30: Hamaiketakoa, plazan.
12:00: Kalejirea, txistulari, Akermari, Paskuala eta Matxinegaz.
13:00: Pintxoak dastatzea eta euskal dantzen erakustaldia, Amilotx dantza taldearen eskutik.
18:00: Nesken arteko pelota partidua: Nafarroa vs Bizkaia. Ostean, Larrabetzuko nesken paleta partidua, gomazko peloteagaz.
20:00: Kaleko antzerkia: Konga, Trapu Zaharrak taldearen eskutik.
21:00: Kalejirea, Dunbots txarangagaz.
23:00: Kontzertua: Emon.
Abuztuak 16, zapatua
11:00: Bizikleta martxea.
11:00: Umeentzako puzgarriak, igerilekuan.
12:00: Argazki jaia, plazan. Fotokola.
12:00: Castellers tailerra, La Colla Castellera Kataluniako taldearen eskutik.
13:30: Herri kirolak: Larrabetzu vs Morga.
14:00: Umeentzako bazkaria.
14:30: Sukalki Txapelketea.
18:00: Goitibeherak.
20:00: Castellersak, La Colla Castellera taldearen eskutik.
Ostean, Dantza Lehiaketea.
22:30: Kontzertua: Tik-tara.
Ostean, erromeria, Tximeleta taldeagaz.
San Bartolome
Abuztuak 24, domeka
Goizean, igoerea San Bartolomera
14:30: Paella Txapelketea.
17:00: Briska Txapelketea.
17:30: Urkaritxo Txapelketea.
Emeteriak
Abuztuak 30, zapatua
12:30: Kalejirea eta txupinazoa.
14:00: Marmitako Txapelketea.
17:00: Mus Txapelketea.
19:00: Akarbike bizikleta martxea.
22:30: Kontzertua: Damba.
Abuztuak 31, domeka
12:30: Kalejirea, Akermari, Paskuala eta Matxinegaz.
13:00: Bertsolariak: Xabier Amuriza eta Anjel Mari Peñagarikano.
17:00: Briska Txapelketea.
18:00: Idi-probak.
19:30: Zikiro jana.
20:00: Kantaldia: saioa, bikoteka.
Irailak 1, astelehena
12:30: Kalejirea, herriko trikitilariakaz.
13:00: Gaztelumendi abesbatzearen emonaldia.
17:00: Umeentzako jokoak.
19:00: Kontzertua: Kherau.