Igotz Lopez, Zamudioko kultura zinegotzia: “Aurt

Aikor aldizkaria 2007ko urr. 24a, 09:06
Igotz Lopez Zamudioko kultura zinegotzi barria dogu. Bere karguagaz batera, barrikuntzak be ekarriko deuskuez San Martin jaiek. Halan be, Igotzek azaldu deuskun moduan, horreek Eguraldi Ona jai-batzordeak egindako aparteko beharraren fruitua dira. Zer izango da Zamudion azaroaren 9tik 12ra bitartean? Herritar guztiei zuzendutako ekitaldiak antolatzen ahalegindu gara: umeentzat, gazteentzat, helduentzat… Beraz, San Martin jaietan aukera asko eukiko doguz: kalejirak, bazkaria, jolas-parkea, musika, dantzak, txapelketak… Zamudioko Kamara Koralak pregoia emongo dau aurten, izan be, XX. urteurrena ospatzen dabilz eta opari polita izan leitekeela pentsatu dogu. Bariku eta zapatu gauean kontzertuak izango dira. Barikukoak zamudioztar guztiok disfrutatu eta dantzatzeko modukoak dira, eta zapatuan rockaren txanda da. Def Con Dos taldeak kontzertua eskainiko dau eta hasierako taldea Azimut izango da. Azimut zamudioztar gazte batzuek osatutako musika taldea da. Ahal dan neurrian, herriko musika taldeei jaietan jotzeko aukerea emotea pentsatu dogu. Jai-gunearen antolamenduaren ganean ez dago nobedade haundirik. Plaza jaien bihotza izatea hartu dogu erronkatzat. Halan be, nobedadeak egongo dira aurtengo jaietan. Barikuan ‘Ordu Alaia’ egingo dogu jai-batzordearen txosnan, eta bertara mozorrotuta joango danak %50eko beherapena izango dau edarian eta bokatetan. DJ bat be ekarriko dogu lehenengo aldiz eta fanfarre batek herria animatuko dau zapatu goizean. Beste alde batetik, koadrilen arteko erronka antolatu dogu eta hainbat probatan ahalegindu beharko gara: txingetan, kukañan, txerriaren harrapatzean… Proba horreek guztietan emakumezkoek be parte hartzea gura dogu, benetako bardintasuna lortzeko denok esfortzu bat egin behar dogu-eta, eta eguneroko gauzek, jaiak euren tartean, aukera ezin hobea eskaintzen deuskue horretarako. Esfortzu hori egin ezean, erronkan parte hartuko daben guztiak gizonezkoak izango dira, ziur asko. Mus Txapelketa berezi bat be egingo da. Txapelketa bi izango dira: bat 18 urtetik beherakoentzat, gazte estazioan, eta bestea 18 urtetik gorakoentzat, Adintsuen Etxean. Txapelketa bakotxeko irabazleek bata bestearen kontra jokatuko dabe final nagusia. Jai integratzaileak antolatzea, beraz, izan dozue helburu… Bai, eta ez bakarrik adinari eta sexuari jagokenez, baizik eta etorkinengan pentsatuz be bai. Holan, Tahuma orkestra kubatarrak ikuskizuna eskainiko dau domekan plazan. Etorkinak gure herriaren parte dira eta, eurak gugana, eta gu eurengana hurbildu behar gara. Jaietan be erakarri eta parte hartu dagiela lortzeko beharra dogu. Beno, aurten helburu integratzaile horregaz –adina, sexua eta etorkinak- hasi gara, behintzat, eta ziur nago gauza asko hobetu ahalko direna, baina apurka-apurka ikasten joango gara. Karguan barria izateak gauza barriak egin gura izatea dakar? Orain arte oso behar ona egin dala uste dot, eta guk horri jarraipena emon eta pixkanaka-pixkanaka nobedadeak sartu behar doguz. Baina, inportanteena da ikustea jai-egitaraua ez dala bakarrik Udalaren gauzea, baizik eta jai-batzordeak egindako esfortzuaren emaitza dala. Zamudion 20 elkartetik gora dagoz zorionez, eta gehienek parte hartzen dabe jai-batzordean. Partehartze hori ezinbestekoa da, eritxi eta esperientzia guztiak lagungarriak diralako jaiak antolatzeko orduan. Eta gauzak guztion artean antolatzen diranean hobeto ateratzen diralako. Era berean, dana guztion artean aztertu eta guztion artean erabakitzen dogu, eta horrek partehartzea gero eta handiagoa izatea dakar. Azken batean, helburua guztiontzako jaiak antolatzea da. Nekazaritza eta Abeltzaintzako Azokak hasiera emoten deutse jaiei. Oraingoan XXIII. edizioa beteko da, zer azpimarratuko zeunke horren ganean? Geuk azpimarratu baino, besteek azpimarratzen dabe. Bizkaian dagozan azoketatik kalitate haundienetarikoa daukana dala esaten da, eta, beno, gure filosofia hortik doa: kalitatea eskaini eta gauzak egitekotan ondo egin. Aurten 60 bat ekoizle egongo dira eta Euskadiko Limusin Abelgorrien XV. Txapelketa egingo da. Aurreko urteetan bezala, baserritar arropagaz jantzita datozan ekoizle eta Zamudioko ganaduzainen artean sariak bananduko dira. Eta idi probak be antolatu ditu azaroaren 2an, 3an eta 5ean Lagun probazaleak taldeak… Sarrera doan izango da eta probalekua aterpean egongo da. Hiru akularik parte hartuko dabe proba bakotxean eta buztarriek 300 kiloko harria erabili beharko dabe. Sariak igon doguz aurten, horreek zenbat eta hobeak izan, kalitatea be hobea izaten dalako. Zamudioztar guztioi zuzendutako jai-egitaraua antolatu dozuela argi itxi dozu. Zer topatuko dabe kanpotarrek berton? Harrera ona, batez be. Ez deutsagu inori ezer kobratzen etortzeagaitik (kar, kar). Pozten gara jentea gure jaietara etortzeaz, eta, ganera, Zamudion ez daukagu aparkaleku-arazorik, hainbeste poligonogaz... (kar, kar). Zamudioztar guztiak jaietan, azokan eta idi-probetan parte hartzera animatu gura doguz, eta gogoratu be bai azaroan zehar hainbat kontzertu izango dirala Kamara Koralaren eskutik. Animatu eta parte hartu! Pisu libreko idi probak Azaroaren 2an, 3an eta 5ean 20:30: 300 kiloko harria 3 akulari Aterpeko probalekua Sarrera doan Zamudioko Nekazaritza eta Abeltzaintzako XXIII. Azoka Azaroaren 3an, zapatua 10:00: Abereen pisatzea 11:00: Abereen Lehiaketa (emeak) 16:00: Abereen Lehiaketa (arrak) 21:00: Idi probak Azaroaren 4an, domeka 10:00: Nekazaritza eta Abeltzaintzaren Erakusketa 11:00: Aukeraketa: Eme Txapelduna, Ar Txapelduna eta Ganadutegi Onena 12:00: Enkantea 13:00: Sari-banaketa San Martinak Azaroaren 9an, barikua 19:30: Txupina eta pregoia, Zamudioko Kamara Koralaren eskutik 2007ko San Martinetako Kartel Lehiaketaren irabazleari saria emotea 19:40: Karameluen jaurtiketa 19:45: Kalejira, txistulariek eta trikitilariek girotuta 23:00: ‘Ordu Alaia’: mozorrotuta doanak edarian eta bokatetan %50eko beherapena izango du jai-batzordeko txosnan. Kontzertuak: Laia + Trikizio + DJ Azaroaren 10ean, zapatua (San Martin Bezpera) 09:00: IV. Mortzila Txapelketa 11:30: Kalejira 12:00: Fanfarrea 14:00: Mortzila Txapelketaren sari banaketa 14:30: Herri bazkaria 17:00: Koadrilen arteko erronka: asto lasterketa, txerriaren harrapaketa eta kukaña 20:30: San Martin kontzertua: Vocalia taldea 23:00: Azimut + Def Con Dos + Trikitake Azaroaren 11an, domeka 09:00: Trial saioa 11:00: Meza Nagusia 11:30: Kalejira, txistulariek girotuta 12:30: Dantzen agerraldia 16:00: Jokulandia, umeentzat Mus eta Briska Txapelketak, Adintsuen Etxean Mus Txapelketa, Gaztelekuan 20:00: Tahuma taldea, enparantzan Mus Final Handia: Gazteen txapeldunak nagusien txapeldunen aurka, Gaztelekuan Azaroaren 12an, astelehena (San Martintxu) 11:00: Meza Nagusia 11:30: Kalejira 12:00: Kopaua, portikoan 17:00: Umeentzako jolas-parkea, enparantzan

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).