Lourdes Goiri, Begoñako Basilikako sakristaua: â€

Aikor aldizkaria 2007ko aza. 13a, 12:24
Estetizista izan da, bulegaria, mezularia, garbitzailea… eta uztailetik hona sakristau dabil Begoñako Basilikan. Lourdes Goiri zamudioztarragaz elizaz eta bere lanaz izan gara solasean. Zergaitik bai esan behar horri? Lagun batek komentatu eustan Begoñako Basilikan sakristaua behar ebela eta ea animatuko nintzan. Bertako abadeagaz berba egin neban eta nire baldintzak azaldu neutsazan: 8 orduko beharra gura neban, astelehenetik barikura arte. Ados jarri ginan eta hor nabil, pozik. Jaiegunak aste barruan diranean, lan egin behar dot; halan be, horreek beste momentu baten hartzeko aukerea dot, oporretan, adibidez. Zapatu eta domekako mezen zerrenda idatzita uzten dot, eta konpontzen gara. Fedeak be zerikusia izango eben horretan? Bai, noski. Fede barik ez dozu ezer egiten. Ez dakizu ezta haizeak nora jotzen dauan be. Zertan datza beharra? Telefonoari adi izan behar naz, batez be. Egunean zehar etengabe jotzen dau: “Aizu, noz egin daiket berba parrokoagaz?”, “Noz da mezea?”… Horrezaz ganera, mezak idazmakinaz idatzi behar dodaz, ezkontzetarako-eta paperak egin… Abadeak mezean eroaten dauan arropea be prestatu behar dot… Oso gitxi laguntzen dot mezean. Abadeari argi utzi neutsan hasiera-hasieratik: “Inoiz irakurri behar bada, irakurriko dot; baina abestu, ez. E?”. Gustura egiten dodan beharra da. Harreman zuzena dot jendeagaz eta, egia esan, ona naz harreman publikoetan. Inguruan dodazanakaz be oso pozik nago. Askotan egiten dogu berba gure artean eta familia izango bagina bezala da. Zu baino lehen egon zan sakristaua be emakumea zan eta bertan 11 urte emon ebazan. Hori ez da adibide bakarra; gaur egun emakume asko sakristauak dira… Eta diakonoak be hartu behar izan dira eliza batzuetan. Pixkanaka-pixkanaka, baina Elizak txipa aldatzea baino ez dauala beste erremediorik izango emoten dau. Bai, zabalagoak izan beharko dira; osterantzean, bakarrik geldituko dira. Gaur egungo Elizak ez da atxinakoaren moduan: lehen eurek esaten ebena eztabaidaezina zan eta orain, barriz, gehiago entzuten deuskue. Halan be, atxinako mezu eta hitzaldiakaz jarraitzen dabez, eta ez dabe jakin gazteengana ailegatzen, adibidez. Eliza gaurko egunetara eta gazteengana moldatu beharko zan. Zein da emakumearen presentzia Begoñako Basilikan? Gehienak emakumezkoak gara: Caritas taldean daudenak, katekesia ematen dutenak (gizon bakarra dago)… eta mezan laguntzeko be hiru gizon baino ez dagoz. Egia esan, gure eritxia kontuan hartzen dabe asko, galdetzen deuskue hainbat gairen ganean… Gauzak gure erara egiteko aukerea emoten deuskue; halan be, abadeari eta erretoreari galdetu behar jake beti: “Zer deritzozue hau honela egiteari?”… Normala da, izan be, eurak dira arduradunak eta erantzukizun nagusia dabe. Beste alde batetik, emakumearen eskua nabari da elizan… Zertan? Abadeak gizonak dira azken batean, eta beste ohiturak dabez. Esate baterako, bardin deutse estola ondo jantzita dabela mezea emotera ateratzeak ala ez, eta guk beti euren atzetik ibili behar: “Ondo jantzi!”. Loreen asuntoa be beste adibidea da: guk ederresmen handiago dogu. Hainbat adibide dagoz. Zein da Elizagaz izan dozun harremana? Nire sineskizunak txikitatik izan dodaz; gurasoengandik jaso dodaz. Mojen ikastetxean ibili nintzan eta Zamudioko elizan askotan lagundu egin dot. Nagusientzako katekesia be emon dot… Eta arazoak eta haserrealdiak izan dodaz, ez pentsa! Baina oso burugogorra naz eta fedea ez deust inork kentzen. Jainkoarengan sinesten dot eta Begoñako Basilikan, amatxuagaz, lan egitea gauza itzela da niretzat. Beraz, ez dozu inoiz fedea galdu… Ez, eta garai latxak bizi izan dodaz, benetan. Baina horreek probatzat hartzen dozuz. Federik gabe, bizitza aurrera eroateko gauza ez zinala izango. Fedeak goizean ohetik altxatzeko indarrea emoten deutsu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).