Txoriak kantari

Aikor aldizkaria 2008ko urt. 10a, 15:10
Pozik daude Jesus Mari Gorritxategi Loiuko San Pedro elizako abadea eta Juantxu Bilbao bertako koruko kidea. Pozik baino, guztiz pozik. Izan ere, San Tomas egunean elizako organo berriaren bedeinkapen elizkizuna egin zuten. Eta hori ez da organo arrunta, ez; berebiziko organoa da. Bizkaian mende honetan egin den bakarra. Ikusmina nagusi izan zen Loiuko elizan San Tomas egunean. Bertaraino hainbat herritar hurbildu ziren; eta haiekin batera, Ricardo Blazquez Bilboko gotzaina, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saileko ordezkaria eta Klais Alemaniako enpresaren delegatuak. Guztiak organo baten inguruan batu ziren. Eta Pedro Guallar Bilboko Kontserbatorioko organo irakasleak soinua atera zion instrumentuari publikoaren gozamenerako. Organo hori Loiun dagoen lehenengoa da eta Arrietane Fundazioak ordaindu du. Fundazioaren presidentea Loiuko semea da, eta aspaldian dabil herrian hainbat proiektu garatzen kultura, eliza eta gizarte arloan. Horrela, azken urteotan elizan egindako berritze lanak bultzatu ditu, eta horiek burutzeko, organoa egiteko agindu du. Bilboko Elizbarrutiko Organisten Elkartean bederatzi proiektu aurkeztu ziren, eta horien artetik Klais enpresarena aukeratu zuten. Klais enpresa Bonnen dago eta oso inportantea da, munduko organorik ederrenak egin baititu: Koloniako katedraleko biak, Munich-eko Filarmonikakoa, Kuala Lumpurreko Dorreetakoa eta Pekineko Antzoki Nazionalekoa, besteak beste. Loiuko San Pedro elizako organoaren proiektua duela urtebete, gutxi gorabehera, jarri zuten martxan. “Lehenengo hiru hilabetean planoak egiten ibili ziren, eta hurrengo sei hilabetean estrukturak-eta egin zituzten Bonnen. Azaro eta abenduaren bitartean organoa muntatu zuten elizan”, azaldu digute Jesus Marik eta Juantxuk. Aukera berriak Instrumentu ikusgarria da, benetan. Neurri hauek ditu: sei metro zabalera, zortzi metro luzera eta metro bi sakonera. Berezitasun handiak ditu, izan ere, tonu eta instrumentuen soinuen artean hogeita bat erregistro ditu: biolina, flauta… “Eta beste erregistro bat sartzeko asmoa dugu, Loiurako oso inportantea izango dena: txorien kantua”. Arrazoia esan digute. Loiu Txorierrin dago eta Txorierri txorien lekua da. Gainera, elizako erretaulan ere txoriak agertzen dira. Organoa haritzezkoa da eta Eva Arrizabalagak margotu du. Horretarako, erretaula hartu du kontuan, elementu biak bateratu nahi izan dituelako. “Bizkaian ehun organotik gora daude, baina gizaldi honetan egin den bakarra Loiukoa da. Era berean, badaude beste batzuk ezaugarri berdinak dituztenak edo handiagoak direnak, baina gurea margotuta dagoen lehenengoa eta bakarra da”. Guallarrek organoaren ardura hartu du. Herriko organistak domekako mezan joko du, eta, organista horretaz aparte nortzuek erabili ahalko duten ere Guallarrek erabakiko du. “Zenbat eta esku gutxiago organoarekin ibili, gero eta hobeto dela esan digute”. Instrumentuak aukera berria ekarri dio Loiu herriari. Alde batetik, liturgian joko dute, eta, beste alde batetik, kontzertuetan ere erabiliko dute. “Musika kultura zabaltzeko tresna da. Herrian dugun aukera aprobetxatu eta hemendik aurrera kontzertuak, bai organokoak, bai korukoak, antolatzea pentsatu dugu”. Lehenengoa martian emango dute, ziur asko; eta hurrengoa, ekainean. Horrezaz gainera, organo eskola martxan jartzea pentsatu dute, baina hori denboraz eta patxadaz aztertu beharko duten kontua da. Batek daki zer ekarriko duen geroak!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).