Gulu eta Patxi, Sahararen aldeko maratoiko parteha

Aikor aldizkaria 2008ko urt. 22a, 08:46

Aurpegian igarten jake eta ezin dabe disimulatu. Ezta gura be. Gulu eta Patxi ilusioz beterik azaldu jakuz. Izan be, Leire eta Etxahunegaz batera Sahararen aldeko maratoian hartuko dabe parte zezeilaren 25ean. Larrabetzuarrak hiru egun lehenago abiatuko dira basamortura. Nola sortu zan maratoian parte hartzeko ideia? Maratoi batzuk daukaguz eginda, eta egun baten Sahararen aldeko maratoian parte hartzera animatu ahalko ginala bota eban Guluk. Eta Joxe Iriarte “Bikila”k esperientzia horren ganean idatzitako liburua be ekarri eustan. “Bikila” hiru aldiz izan da maratoi horretan. Lasterketaren datak ez dira oso egokiak eta, noski, ez da gauza bera maratoi bat Bilbon, Donostian edo Saharan egitea. Baina, beno, gure artean komentatu, eta azkenean Larrabetzuko lau lagun animatu gara bertan parte hartzera. Proiektua Txorierri osora zabaltzeko asmoa izan dogu hasiera baten, baina berandu egin jaku. Dana dala, inor animatzen bada, garaiz dabil oraindino. Izen-emotea diego.munoz@lastlap.com helbidean egin leike. Entrenamenduak egiten ibiliko zarie… Astean bost egunetan urteten dogu entrenetan; baina, egia esan, ez gabilz maratoia espresuki prestatzen. Ez goaz marka egitera. Guretzat oporrak dira, eta bertara joango gara saharar herriari geure alkartasuna adieraztera eta gozatzera. Inguruan antolatzen dan maratoi baten parte hartzen dozunean, kirol erronkatzat hartzen dozu, baina hau ez da bardin… Helburua amaitzea da, besterik ez. Halanda be, basamortuan korrika egitea gogorra izan behar da: harea, haizea, eguzkia… Prestatu beharko da horretarako… Bai, baina jakin arren zein baldintzatan egingo dozun korrika, hemen ezin zara era egokian prestatu. Zerbait berezia eroateko aholkatu deutsuee, kirol ekipamendua dala-eta? Ura, bisera, eguzkitako betaurrekoak eta zapia, aurpegia eguzkitik eta haizetik babesteko. Ibilbidean zehar anana-postuak jarriko dira, baina, badaezpada, janaria be eramateko esan deuskue. Maratoia errefuxiatuen kanpamenduetatik pasatuko da eta lau ibilbide antolatu dira: 42 km, 21 km, 10 km eta 5 km. Zein egingo dozue bakotxak? Leirek 5 kilometrokoa egingo dau. Berak saharar umeak hartzen ditu etxean udan, eta umeen bitartez ezagutzen dau hango egoera. Hara joateko gogo handia dau. Beste alde batetik, Etxahunek 21 kilometroko lasterketea egingo dau; eta guk biok, 42 kilometrokoa. Bidaia garestia da: 850 euro. Babeslerik ez dozue izango? Lehen aitatu moduan, berandu ibili gara eta ez dogu ezer egin. Kirol materiala be eroateko asmoa genduan hasiera baten, baina ez gara mugitu. Gure motxilakaz eta opari xume batzukaz ailegatuko gara kanpamentuetara. Dana dala, hurrengo urteei begira hobeto antolatu geinkean gauzea da. Bertan harremanak landu eta benetan behar dabena jakin ostean, errazagoa izan leiteke. Beno, poz-pozik ikusten zaituegu. Zelan bizi izaten ari zarie maratoiaren aurreko egunak? Bidaia prestatzen, informazioa biltzen, entrenetan… Ganera, urian gero eta lagun gehiagok daki maratoian hartuko dogula parte, eta jakingura sortu da. Galdera asko egiten deuskuez, aipamen asko… Baina maratoia baino gehiago, lasterketa honek emoten deutsun aukerea da politena: astebetean hango jendeagaz bizi izatea, euren egoera zuzenean ezagutzea, geure alkartasuna adieraztea… Izan be, badakigu maratoia, arinago edo astirago, amaituko doguna; baina hango egoerea teorian ezagutzen dozu… eta praktikaren zatitxo hori be ezagutu gura dozu. Zer espero dozue esperientzia horretatik? Amaitzea, ez galtzea eta erronkaz gozatzea. Bueltan kontatuko deutsuegu. Alkartasunaren maratoia Sahararen aldeko maratoia 2001ean egin zan lehenengo aldiz. Urte horretan Saharar Errepublika Demokratikoak 25 urte bete zituan. Maratoia Saharako kirol batzordeak bultzatu eta nazioarteko boluntarioek antolatzen dabe. Lasterketak saharar gazteen artean kirola sustatzea dau helburu, baita proiektu humanitario bat finantzatzea be. Holan, aurten kirol-zentroa amaituko dabe eta birziklapen-laborategia eraikiko da. Sahararen aldeko maratoia alkartasun ekimena da, batez be. Korrikalarien markek ez dabe garrantzirik; basamortuan ez da kronometroaren kontra lehiatzen. Parte-hartzaileek babes morala eroaten deutsie herri sahararrari, bakarrik ez dagozala adierazten deutsee. Ibilbidea hiru iheslari kanpamenduak –Smara, Aoserd eta ElAyoun– lotzen ditu sinbolikoki eta basamortuan zehar eroaten ditu lasterkariak. Basamortua iheslarien etxea izan da 30 urtean. Txema Picok maratoiaren lehenengo edizioan hartu eban parte. Lezamarrak azaldu deuskunez, ez da erreza esperientzia horrek eragindako sentimenduak azaltzen. Harritzan eta hareatzan zehar 42.195 metro korrika egitea, lasterketa goizeko 8etan 0 gradutan hasi eta eguerdiko 12:13an 36 gradutan bukatzea gogorra da edozein korrikalarirentzat. Halanda be, hori guztia ez da bere gogoan betiko gelditu dana, ez. Izan be, orduko eta oraingo sentimenduak oso bestelakoak dira. “Hunkitu egin ninduan herri ahaztu batek erakutsitako duintasunak. Eta miresmena sorrarazi eusten bizi baldintza txarretan dagozan emakume, gizon eta umeek adierazitako kemenak eta pozak. Herri sahararrarekiko alkartasuna sentitu neban, pairatzen dauen injustizia dala-eta; baina ezintasuna be sentitu neban, hain larria dan egoera baten aurrean erantzun egokia emoteko gai ez izateagaitik”. Agian, horrexegaitik, Saharara bueltatu zan geroago, emakumeen irrintzien ikarea edo umeen irribarreen goxotasuna berriro sentitu behar zitualako. Txemak egingo daben alkartasunezko ahalegina eskertu nahi deutse Larrabetzuko lagunei. “Eroan basamorturaino txorierritarron laguntza eta ekarri, mesedez, sahararren itxaropena eta adorea”.