Mozorroturiko herriaren hausnarketa: “Jende gutx

Aikor aldizkaria 2008ko ots. 19a, 12:16
Testua eta argazkiak: Jon Goikouria Larrabeiti / Oharra: argazki guztiak "Sondikako Inauteriak 2008" karpetan ikus daitezke "Argazkiak" atalean. Argazkiak Jonek atera ditu.
Aurten berandu hasi arren, Sondikako inauteriek, ohitura den bezala, ez dira berehala ahazteko modukoak izango. Horren lekuko izan dira bertaratu ziren txorierritarrak eta baita Sondikako Inauterien Komisioko taldea ere. 30 urte dauzkan komisioko lau lagunek minutu batzuk eskaini dizkigute: Igor Garciak, Aitor Azkorrak, Alberto del Vadok eta Xabier Eguskizagak Noiz hasi ziren jai hauetako prestaketak? Aitor Azkorra: Gezurra badirudi ere, oso berandu. Normalean ez da horrela, baina aurten justu-justu ibili gara. Xabier Eguskizaga: Lehenengo bilera 2007ko urriaren 5ean egin zen. Zapore ona, baina? Igor Garcia: Oso ona, aurreko urteekin alderatuz behintzat. Alberto del Vado: Jendea oso pozik agertu da bai desfilearekin, bai ‘Hortzmuga’ taldearen kalejirarekin. Gure artean, ekitaldirik harrigarriena kalejira izan da ezbairik gabe, herriko gehienak parte hartu duelako. I. G: Gaua ere itzela izan da [barreak]. X. E: Eta baita goiza ere! [barre gehiago]. A. A: Giroa izan da Sondikan, eta eguraldiak ere asko lagundu du. Espero bezain onak izan dira inauteriak? A. A: Jende gutxiago espero nuen. X. E: Ostiralean iaz baino jende gutxiago bildu genuen, baina larunbatean falta zen jende hori berreskuratu genuen. I. G: Bai, itzela iruditu zitzaidan larunbatean Hortzmugak bilduriko jendea. Sondikako kale nagusia jendez gainezka zegoen. Ostirala edo larunbata. Zirt edo zart. Zeinekin geratuko zinatekete? A. A: Larunbatarekin, gauza gehien egiten den eguna baita. Egun horretan batzen dira umeak eta gurasoak. I. G: Horrez gain, larunbatean tren zerbitzuak malgutasun handiagoa dauka lanegunetan baino, jende gehiago erakarriz gauean. Benetan eskertzekoa da. Zein izan da lan gehien eman duen ekitaldia? X. E: Ahalegin eta diruaren artean ezberdintasun handia dago: kalejirak biak batu ditu. Bestalde, txosnen eta eskainitako zerbitzuen antolaketak ahalegin handia eskatu du, baina aldi berean ez hainbeste diru. Inolako berritasunik izan al dute inauteriok? A. D: Bai, aipagarriena da Txorierri inguruko gazteek hip-hop musika saioak eskaintzeko aukera dutela. Larunbateko gaua izan zuten horretarako. Talentu berriak eskenatokira igotzen hasi dira aurten. Zer-nolako jarrera izan du Sondikako Udalak dirulaguntzekiko? A. A: Aurreko urteetan baino askoz hobeto ibili da, pixka bat kostatu den arren. Oso pozik gaude aurten izandako tratuarekin. X. E: Diru gehiagorekin lortuko genukeena musika talde hobeak ekartzea litzateke, baina gauzak dauden moduan ikusita, oso ondo konpondu gara gastuekin. Ez dugu inolako problemarik izan. Eta bertako komertzio txikiek? A. A: Data esanguratsu hauetan lortzen duten bezeria ikusita, euren aldetik laguntza gehiago izatea gustatuko litzaiguke. Laguntza falta sumatu dugu orokorrean. X. E: Baina ez dugu dirua eskatzen; ekitaldiren batean babesa ematearekin nahikoa genuke, besterik gabe.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).