Kapritxozko liburuak

Aikor aldizkaria 2008ko mar. 11a, 13:17
Nieves Martinez de Morentin zamudioztarrak gaur egun oso arrunta ez den lanean dihardu: eskuzko azaleztatzailea da. Behar horretan duela 14 urte hasi zen, aurretik berarentzako eta ezagunentzako lanak egiten bazituen ere. Iabitiaurrekoa baserrian bildu gara berarekin. Tailerra liburuz beteta du Nievesek, eta tresneriaz beteta, eta makinaz beteta… Makinok antzinakoak dira, eta inguruan eta Gipuzkoan itxi diren inprimategietan erosi ditu. Liburuak eta artisautza betidanik izan ditu gustuko. Azaleztapenaren gaineko kurtso batzuk egin, eta hori bere ogibide bihurtzera animatu zen. “Bide apur bat arraroa hartu nuen, garai hartan oso jende gutxi aritzen baitzen eskuzko azaleztapenean. Hala ere, bide horrek ikasten eta ikertzen jarraitzeko aukera ematen dit”. Behar horretan aritzeko, ez da beharrezkoa liburuekiko atxikimendu berezirik izatea, emakumearen esanetan. Gauza guztiekin gertatzen den moduan, egiten duzuna gustatu behar zaizu. Atxikimendua diseinuarekiko izan ahal da, eskulanekiko… Eskuekin lan egitea gustatzea eta objektu batek sentiarazten dizuna adierazteko gogoa izatea ezinbestekoak dira. Nievesek liburuak azaleztatzen ditu, argazki-albumak, faszikuluak… eta liburuak sartzeko (edo ez) kutxak ere egiten ditu. Baina oso berriztapen gutxi egiten du, azaldu digun moduan, tailerrean ez baitu lan horrek eskatzen duen behar besteko tresneriarik. Azaleztapenetan material ezberdinak erabiltzen ditu: larrua, larruaren antzeko materiala, papera… edo papera eta larrua uztartzen ditu. Hori bai, azken tendentziak kontuan hartzen ditu beti, azaleztapenean ere modak eragin handia duelako. “Gaur egun dena dago modan; hala ere, egia da papera gailentzen doala eta larrua pixkanaka-pixkanaka albo batera geldituko dela”. Bezeroak hauek ditu: dendak, prentsa-kioskoak, kopiategiak, liburudendak, liburutegiak eta partikularrak, besteak beste. Azken horiek Nievesengana jotzen dute, merkatuak eskaintzen ez dien zerbait berezi eta ezberdin bila dabiltzalako. Prozesu korapilatsua Liburua eskuetan izan bezain laster, horren egoera aztertzen du egin beharreko lana antolatzeko. Bizkarra konpondu baino ez bada egin behar, azala kendu, bizkarra konpondu eta liburua birkonpontzen du. Faszikuluak badira, grapa kenduko die (izanez gero), eta azaltxoa ere bai. Ale guztiak dauden egiaztatu ondoren, azaleztapen-prozesuari ekingo dio: prentsatu, zerratu, josi, kolatu, gillotinaz ebaki eta muntatu. Gainera, liburuak edo faszikuluek azalik ez badute, neurriak hartu eta azala egingo du. Titulua ere errotulatuko du bertan. Beste alde batetik, liburuak-eta eskuz josten dira. Alearen lodieraren arabera, hari mehea edo lodia erabiliko da. Haria sintetikoa edo kotoizkoa izan daiteke, eta azken horri argizaria eman behar zaio, korapilorik ez ateratzeko. “Eskuz dagoenez josita, faszikuluz faszikulu, hobeto irauten du. Erabiltzen ditugun kolak oso elastikoak dira; industrialak errazago apurtzen dira. Era berean, berriztatzeetan uretan bihurgarriak diren kolak erabiltzen dira; horrela, liburua berriro konpondu behar bada, ez da narriadurarik gertatuko”. Oso prozesu korapilatsua da, eta ezin da neurtu zenbat denbora behar den lan bakoitza egiteko. Kola eman ostean, adibidez, aleak sikatu egin behar dira eta bitartean, enkargu ezberdinak lan daitezke aldi berean. Horregatik, liburu bat egiteko astebete eman daiteke, eta beste bat egiteko, berriz, hilabete. Lanaren konplexutasunak zerikusia du horretan. Larrua lantzeak ere denbora asko eskatzen du, materiala gehiago landu behar baita lehortze-prozesua motelagoa delako. Neurrira egindakoak Nievesek neurrirako azaleztapenak egiten ditu bezeroentzat: sinadura-liburuak, argazki-albumak, opari bereziak… Guztiak ezberdinak dira eta guztiek kalitatezko lanak diren bermea dute. Dena dela, ez diote berak nahi beste enkargurik egiten: eskulana da, materialak garestiak dira, denbora inbertitu behar da eta horrek guztiak garestitu egiten du produktua. “Kapritxoak dira, azken batean. Bakoitzaren egoera ekonomikoak xedatzen ditu lehentasunak, eta liburuak ez dira lehentasun handiena duten kapritxoak. Lanbide honek ez du oso etorkizun oparorik izango, nire ustez”. Bitartean, beharrarekin jarraituko du tailerrean eta inguruko artisautza azoketan bere lana emango du ezagutzera.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).